Gorka Elejabarrieta

Kanaky

Urriaren 4an independentzia erreferenduma egingo da Kaledonia Berrian. Urte gutxitan egin duten bigarrena. 1998an Frantziako Gobernuarekin adosturiko Numeako akordioak erreferendumen datak eta kopurua zehaztu zituen. 2018an gauzatu zuten lehena eta independentistek galdu zuten arren, uste baino emaitza hobea erdietsi zuten. Aipaturiko Numeako akordioak hiru erreferendum aurreikusten zituen, bi urtean behin egitekoak. Horrek esan nahi du independentisten agendan eta buruan hiru aukera horiek batera hartzen direla kontuan. Lehenengoa antolatu zutenean begirada bigarrenean zuten jarria eta orduan lorturiko emaitza onak, uste baino hobeak, bigarren hitzordu honetarako espektatibak igo ditu. Orduan, 2018an, independentziaren aldeko talde txiki batek erreferendumean parte ez hartzea hobetsi zuen, baina oraingoan talde horrek ere parte hartuko du, eta bere indarrak baietzaren aldeko blokera gehituko ditu.

Front de Liberation Nationale Kanak et Socialiste (FLNKS) da nazio askapeneko mugimendu eta fronte zabal nagusia independentismoaren baitan, Euskal Herriarekin eta ezker abertzalearekin bereziki harreman historikoak dauzkana. Kanakiarrak melanesiarrak dira. Melanesian Spearhead Group (MSG) lau estatu melanesiarrak biltzen dituen gobernu arteko erakundea da: Fiji, Papua Ginea Berria, Salomon Uharteak eta Vanuatu. MSG taldea Kanakiar independentziaren alde azaldu da, ez du horrelako nazioarteko erakundeetan ohikoa den neutraltasun faltsurik sekula azaldu eta horrek asko errazten du balizko Kanakiar Estatuaren bideragarritasuna. Laburbilduz, urriaren 4ko hitzorduan independentzia eskuratzeko aukera erreala daukate, baina ez lortzekotan, 2018ko emaitzak hobetzea funtsezkoa izan daiteke hirugarren erreferendumari ateak irekitzeko. Emaitza txarragoak lortzen badituzte, Estatu frantsesa hirugarren erreferenduma ez egiten saiatuko baita.

Esan bezala, elkarrizketa, negoziazio eta akordioaren ondorioa da erreferendum hori. Bake prozesu baten ondorio. Edozein gatazka politikoren konponbideak nahitaez gatazka horren arrazoiei begiratu eta konponbide bat bilatu behar dio. Baina askotan konponbidea aurkitu baino gatazka kudeatzeko joko arau berriak adostea baino ez da lortzen. Eta kasu batzuetan ez da gutxi. Finean, hautu guztien, estrategia guztien arrakasta aukera bidean lortzen den indar metaketaren araberakoa izango da. Bide horretan, bidea edozein dela ere, jendartearen babes absolutu eta eztabaidaezina lortzen baduzu, kezkatzeko arrazoiak izango dituen bakarra zure arerioa izango da. Eta momentu horretara iristean hark proposatuko ditu erdibideko aukera ezberdin guztiak. Adibide bat jartzearren, Bougainvillen 2019an erreferendum adostu baina ez-lotesle bat egin zuten. Emaitza eztabaidaezina izan zen eta horrek eztabaidan jarri du loteslea behar duen edo ez. Hiritarren %87k parte hartu zuten eta horietatik %98k bozkatu zuten independentziaren alde, esan bezala, Papua Ginea Berriarekin adosturiko prozesuan eta nazioartearen parte hartze eta babesarekin. Independentziarako bidean sekulako pausoa izan da eta orain presio guztia Papua Ginea Berriko Gobernuan dago, ulertezina baita horren argia den emaitza bat ez betetzea.

Horrelako emaitza eztabaidaezinak lortzea oso zaila edo ezinezkoa da testuinguru gehienetan, baina independentista orok badaki zenbat eta babes gehiago izan orduan eta aukera gehiago izango dituela bere helburua eskuratzeko. Eta horregatik estrategia irabazle orok, arerioaren deslegitimazio demokratiko etengabea lantzearekin batera, bere oinarria indartzen eta handitzen saiatu beharra dauka. Eta horretarako ez dago formula magikorik; balego, gure ikurrina aspaldi legoke Nazio Batuetako egoitzan. •