Dabid LAZKANOITURBURU
NBE-REN 75 URTEAK

Pandemiak agerian utzi du zaharkituta geratu dela 1945ean sortutako erakundea

Bideo bidezko hitzaldiekin ari dira egiten egunotan Nazio Batuen Batzar Nagusia. Pandemia da arrazoia, baina erakundeak bizi duen krisialdi sakonaren metafora ere bada. Ekialde Hurbileko liskarren odoletan sortutako munduko gobernantzaren asmoak hortxe du bere porrotaren ispilua. Errua ez da berea, munduko potentziena baizik. Baina...

Iraileko hirugarren asteartean ekiten dio urte politikoari Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak eta ondorengo egunetan igotzen dira tribunara munduko agintariak –aurten, koronabirusa dela eta, lehen aldiz bideokonferentzia bidez egin da–, teorian hurrengo hilabeteetako ildoak finkatzen dituzten diskurtsoak egiteko.

Errealitatean inolako eraginik ez duten agerraldiak dira. Izan ere, duela 75 urtetik NBEren egoitzan, New Yorken, urtero egiten den bilkurari «goi mailako eztabaida» edota «eztabaida orokorra» esaten diote, baina egiazki goi agintarien agerraldi segida bat baino ez da, eta ez da izaten inolako eztabaidarik.

Duela 75 urte, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren eratu zen Nazio Batuen Erakundea. Sei organoz zegoen osatua: Batzar Nagusia, Segurtasun Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Administrazio Fiduziarioaren Kontseilua, Nazioarteko Justizia Auzitegia eta Idazkaritza.

Batzar Nagusia da erakunderik handiena, 193 estatu ordezkatzen baititu. Hala eta guztiz ere, erabakirik garrantzitsuenak Segurtasun Kontseiluak hartzen ditu. Bertan ordezkaritza iraunkorra dute bost potentzia nuklearrek (AEB, Errusia, Britainia Handia, Txina eta Estatu frantsesa), eta beto eskubidea dute. Gainerako estatuek txandaka eta urtebetez betetzen dituzte beste hamar eserlekuak.

Zertarako balio dute, beraz, irailero munduko mandatariek Batzar Orokorraren aurrean egiten dituzten hitzaldiak? Teorian bederen NBErentzat larrienak diren gaiak jartzen dituzte mahai gainean, urtean zehar landu beharrekoak.

Koronabirusa erdigunean

Aurten, nola ez, koronabirusa dago kezka guztien oinarrian. Bide batez, Garapen Iraunkorrerako Helburuek markatuko dute agenda, batez ere kontuan hartuta pandemiarekin duten zerikusia. Izan ere, NBEk azpimarratu duenez, mundu mailako izurriteak agerian utzi du 2030. urtera begira 2015ean adostu ziren 17 erronkak betetzeko premia.

Mandatarien hitzaldiak amaitu eta berehala hasten dira Batzar Nagusiaren barnean dauden sei batzordeen lanak. Lehenak armagabetzea eta segurtasuna ditu ardatz, bigarrenak kontu ekonomikoak eta finantzarioak, hirugarrenak gai sozialak, kulturalak eta humanitarioak. Laugarrena deskolonizazioaz eta antzeko gai politikoez arduratzen da, bosgarrena aurrekontuez eta kontu administratiboez, eta seigarrenak auzi kontuak aztertzen ditu.

Batzorde bakoitzean 193 estatuetako ordezkari bana dago. Erabaki batzuek gehiengo sinplea baino ez dute behar, beste batzuk, berriz, gehiengo indartua, baina praktikan kontsentsuaren bidez adosten dira erabakirik gehienak.

Nazio Batuen Erakundearen 75. Batzar Nagusia hilaren 29an amaituko dira. Pandemia dela-eta bideokonferentzia bidez egiten ari dira hitzaldiak, baita Donald Trump AEBetako presidentearena ere.

Betiko moduan, Brasilgo presidentea, Jair Bolsonaro, izan zen lehena hitza hartzen. NBE sortu zenean egin zen lehen Batzar Nagusian inork ez zuen nahi izan lehena hitza hartzen eta Brasilek proposatu zuen aurrena izatea.

Datorren asteazkenean, hilaren 30ean, Bioaniztasunari buruzko Gailurra egingo da. Urriaren 1ean, berriz, emakumearen auzia izango da aztergai eta biharamunean, arma nuklearren suntsipena.

Pandemiak, nola ez, baldintzatu ditu debate guztiak, aurtengo Batzar Nagusiaren leloak adierazten duen bezala: «Nahi dugun etorkizuna, behar ditugun Nazio Batuak: multilateralismoarekin dugun konpromiso kolektiboa berresten dugu. Covid-19ari aurre egitea ekimen multilateral eraginkorrarekin».

Urtero, kale egin gabe

Urtero egin da, 1946tik, munduko agintarien arteko eztabaida, baita aurten ere. Inoiz ez da bertan behera utzi. Zenbait urtetan atzeratu egin behar izan zuten, eta horietako bi sonatuak izan ziren. Lehena 1964koa, hemeretzigarren saioa. Sobietar Batasunak ez zuen ordaindu zegokiona Kongoko bake operazioan eta horrek abenduaren 3ra arte atzeratu zuen hasiera.

2001. urtean, irailaren 11ko erasoak izan ziren Batzar Nagusiaren 56. saioaren bezperatan. Azkenean, azaroaren 10etik 16ra egin zen New Yorkeko gailurra.

Aurten, NBEko idazkari nagusia den Antonio Guterres portugaldarrak hau adierazi zuen harrera ekitaldian: «Gure 1945aren aurrean gaude (...) Covid-19aren pandemiak orain arte gure bizitzan ezagutu ez dugun krisia ekarri du eta aurtengo Batzar Nagusia ere guztiz desberdina izango da».

Izurriteak agintzen duen distantziak «aurrerapausoak zailduko dituen arren, izan ere, eraginkorra izateko, diplomaziak kontaktu pertsonala behar du», Guterres baikor azaldu zen eta bake bidean «seinale positiboak» nabarmendu zituen Afganistan, Sudan, Siria, Libia eta Ukrainan.

Ekialde hurbila, ispilua

Gatazka bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta NBEk guztietan du presentzia, kasko urdinen bitartez ez bada bitartekaritza misioekin edota bulego humanitarioekin. Hala ere, Ekialde Hurbilean bizi den egoerak eta NBEren lorpenek eta gabeziek hitz guztiek baino hobeto erakusten dute 75 urte bete dituen erakundearen ibilbidea eta etorkizuna.

Izan ere, Ekialde Hurbilean hasi zuen jarduna NBEk. Batzar Nagusiak 1947an Palestina zatitzeko britainiarrek, Israelen eta AEBen presioen ondorioz, proposatutako plana onartu zuenean. Orduan Sobietar Batasunaren oniritzia izan zuen plan hori dago egungo arazoen jatorrian.

NBEk Palestinara bidali zituen lehen misioak, errefuxiatuena tartean (UNRWA), eta lehen bitartekaria. Eta emaitzak, 75 urte igaro ostean, ez dira oso onak, hitz gordinagoak ez erabiltzearren. Eta ez bakarrik Afganistango bake prozesuan NBEk inolako rolik ez duelako. Horren erakusgarri da, hain zuzen ere, AEBek eta talibanek –Errusiaren babes taktikoarekin– euren artean negoziatu dutela Qatarren.

Israelen eta palestinarren arteko gatazkan Donald Trumpek iragarri dituen akordioei dagokienez –Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek Israelekin harremanak normalizatu dituzte–, NBEk ez du, beste behin, parte hartzerik izan, eta hitzarmena txalotu baino ez du egin. Bestalde, txalo horiek arabiarren haserrea areagotu dute. Eta ez da lehenengo aldia.

Hasieratik NBEren lana ezbaian jarri bazen ere –1948an Palestinara bidali zuten lehen ordezkaria, Folke Bernadotte suediarra, judu talde batek bere gain hartu zuen atentatu batean hil zen–, 2003ko Irakeko inbasioak erabat lurperatu zuen erakundearen sinesgarritasuna arabiarren artean.

Aurrez NBEk Saddam Husseinen Iraki ezarri zizkion zigorrek kritika ugari eragin zituen. Eta Nazio Batuek AEBen inbasioa onartu ez arren, okupazioa hasi eta biharamunean han zeuden eta irakiar askok okupatzaileekin nahastu zituen.

Sergio Vieira de Mello Bagdaden ordezkari zenak Bernadotte suediarraren patu odoltsu bera izan zuen, kasu horretan irakiar erresistentziaren eskutik.

Iraken okupazioaren statu quo-arekin egin zuen moduan, Sirian ere NBEk Baxar al-Assaden gobernuarekin negoziatu zuen laguntza humanitarioa, eta horrek ere kritika zorrotzak eragin ditu Siriako erregimenak gerra zibilaren eztandan ardura nagusia izan zuela kontuan hartuta.

Hala ere, akatsak akats, argi dago arazoa ez dagoela NBEren ahalmenetan, haren ahulezietan baizik. Sortu zenetik ez du izan botererik bere ebazpenak errealitate bihurtzeko.

Palestinaren zatiketa ezartzen duen 181. ebazpena ez da guztiz bete eta Israelek ez ditu betetzen han jasotako agindu asko (Jerusalemen estatusa, mugak). Egoera horrek, besteak beste, agerian utzi du NBEren ezintasuna. Batez ere beto eskubidea duten potentziek, gehien bat AEBek eta Errusiak, ez diotelako gauza handirik egiten uzten. Egoera horrek NBEren jaiotegunean du jatorria. Gutxi balitz, erakundearen egoitza hartzen duen herrialdeko presidenteak, Trumpek, NBErekiko erakusten duen mespretxuari erreparatzen badiogu etorkizun zaila du, egiazki. Eta orain beren burua multilateralismoaren defendatzailetzat duten Txinaren eta Errusiaren eskuetan badago, jai du erakundeak.

75 urte ez dira asko mundu mailako erakunde batentzat. Baina argi dago batzuek eta besteek ahulduta utzi dutela.