Juantxo EGAÑA

Zeanuriko iruleak, Felipe Manterolaren begian

Felipe Manterola (1885-1977) Bizkaiko Zeanuri herrian jaiotako argazkilaria izan zen. Oso goiz ekin zion argazkilari lanari. Hemeretzi urte zituenetik 1936an Gerra Zibila hasi zen arte jardun zen, hain zuzen, eta aldi berean beste lan batzuk egin zituen; besteak beste, Arratia ibarreko hainbat herri lotzen zituen autobusean kobratzaile eta txofer ibili zen, eta Zeanurin bertan bere familiaren tabako dendan. Mila negatibo baino gehiago utzi zituen, gaur egun Labayru Fundazioak zainduak. Bere obra, gehienbat, eguneroko bizitzan, bizilagunetan, baserrietako bizitzan, nekazaritzako lanetan eta inguruko paisaietan oinarritua da. Hala ere, batzuetan fotomuntaketak ere egin zituen, baita argazki batzuk koloreztatu ere. Oso interesgarriak dira baserriko eszena batzuen antzezpenak, hala nola goiko argazkikoa. Bertan zenbait irule ageri dira Alkibarko dorretxearen kanpoaldean.