Juantxo EGAÑA

Caracasko ikastolako andereñoak, 1957an

1950eko martxoaren 5ean, Aberri Eguna zela eta, Caracasko Euskal Etxea inauguratu zen El Paraiso auzoan, besteak beste Jose Antonio Agirre lehendakaria, Jesus Galindez, Eusko Jaurlaritzak Venezuelan zuen ordezkari Luis Bilbao eta Nicanor Zabaleta musikaria bertan zirela. Euskal Etxearen diseinua baserri formakoa zen eta Miguel Salvadorrek eraiki zuen. 60ko hamarkadaren hasieran, Arantza, Begoña eta Miren Mujika Alberdi ahizpa bergararrek, Caracasko Las Mercedes ikastetxea zuzendu eta bertan eskolak ematen zituztenek, ikastola bat sortzea proposatu zioten Euskal Etxeari. Ikastola hori etxeko lokaletan jarri zuten. Euskadi-Venezuela ikastolako irakasleak Mujika ahizpak eta Josebe Torrontegi bilbotarra izan ziren. 70eko hamarkadan 120 ikasle izatera iritsi ziren. Urte hauetan guztietan familia-album batean gordetako argazkian, 1957an Caracasen, ezkerretik eskuinera, Begoña, Francisca Alberdi ama, Arantza eta Miren ageri dira. Nicolas Mujika Errasti Bergarako Osintxu auzoko paisaia pintore ezaguna izan zen hiru andereñoen aita eta Franciscaren senarra. Nicolas Mujika Errastik egindako azken obretako bat Donostiako Amara Zaharra auzoko Karmeldarren Eliza apaintzen duten margolanak izan ziren.