Xabier Izaga Gonzalez
ENKARGUK

Eroso eta erraz erosteko zerbitzua, Azpeitiko merkataritza sendotzeko

Azpeitiko merkataritza eta lehen sektorea indartzeko egitasmo berritzaile bat abiatu dute, teknologia berriak baliatuz erosketak modu erosoan egin eta kalitateko produktuak jasotzeko aukera ematen duen zerbitzua. Etxean, saltokian edo kontsignan jaso ahal izango dira Whatsapp bidez egindako erosketak.

Martxotik dago Euskal Herrian covid-19 gaixotasuna, baita berekin ekarri duen askotariko krisia ere: ospitaleak mukuru, jendea etxean edo kalean tentuz, jendartea ziurgabetasunez beteta eta instituzioak, hobeto edo okerrago, berehalako egoerari aurre egin nahian. Azpeitia ez da salbuespena izan eta hango Udalak, beste askok bezala, momentuan momentuko erantzunak eman behar izan zituen. Horrez gainera, baina, egoerak luze joko zuela antzemanda, inprobisaziotik haragoko egitasmoak ere behar zirela sumatu eta berehalakotasunak eskatzen zituen laguntza lerroez gain, maiatzaren 21ean epe ertainerako ekintza plana bilduko zuen Sustapen Ekonomikorako Plan Integrala onartu zuen, besteak beste, herriko merkataritza eta lehen sektorea indartzea helburu zuena.

Udalaren eta Gasteizko Gobernuaren dirulaguntzak baliatuta, Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, Dendartean Gipuzkoako Merkatari, Ostalaritza, Zerbitzu Enpresa eta Autonomo Elkarteen Taldeak eta Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak ekimen berritzaile bat antolatzeko aukera izan dute: Enkarguk zerbitzua. Osasun egoerak bultzatuta sortu dute, baina pandemiatik harago, elikadura arloko saltokiei eta azokako ekoizleei salmenta bide berriak zabaltzeko aukera paregabea da, erosketak herrian bertan egitea errazten duen zerbitzua baita.

Proiektu pilotua da aste honetan bertan abiatu duten ekimena. Konfinamenduan zenbait saltoki bestelako salmenta moduei heltzen hasi ziren, eta Dendartean elkarteak behar bat sumatu zuen, merkatua, mehatxuak eta teknologia berriak kontuan izanda, herriko saltokiak indartzeko zerbitzu bat sortzeko beharra, hain zuzen.

Usoa Etxeberria zerbitzuaren kudeatzaileak dioenez, Azpeitia da Euskal Herrian hainbat saltoki eta azokako ekoizle biltzen dituen zerbitzu hori egunero eskaintzen duen lehen herria. Beste zenbait herritan ere badaude antzeko ekimenak, baina ez hain «osoak», azokako produktuak baino erosterik ez dagoelako, edo astean egun batera mugatzen direlako.

Joan den astean aurkeztu zuten egitasmoa eta astelehen goizean hasi zitzaizkien herritarren eskariak iristen.

«Zuk erosi, guk eraman»

Esandako helburuekin batera, herritarrei Whatsapp bidez herriko elikadura saltokietan eta azokako postuetan erosketak egitea erraztu nahi die zerbitzu horrek. Hartara, erosketa modu eroso eta errazean jaso eta ordaintzeko aukera ematen die. Herritarren eskariak jaso eta berehala, proiektuan parte hartzen duten saltoki eta ekoizleekin koordinatu ondoren, banatzaileak etxerik etxe banatzen ditu erosketak triziklo elektriko batean, edo kontsignan edo saltokian bertan entregatzen dira. Usoa Etxeberriak dioenez, gainera, zerbitzu bizkorra da, goizez eskatzen dena arratsaldez entregatzeko aukera baitago.

Egitasmoaren aurkezpenean, Bertan elkarteko teknikari Xabier Aldalurrek zerbitzuaren hainbat onura azaldu zituen, hala nola Azpeitiko saltokietako kontsumoa eta tokiko produktuak indartzea, kontsumo eredu jasangarria sustatzea, herrian erosteari balio erantsia ematea, lehenengo eta hirugarren sektorean ekintzailetza sustatzea eta erreferentziazko egitasmo bilakatzea. Aldalurren ustez, proiektua ondo egokituta dago oraingo egoerara: «Egungo osasun krisiak zerbait irakatsi badigu, egoera berrira egokitzen ikasi behar dugula izan da. Covid-19aren hedapenaren aurrean har genezakeen neurri egokienetakoa da Enkarguk martxan jartzea herritar askoren beharrak asetzen dituelako. Familien, adinekoen edo mugikortasun mugatua duten pertsonen beharrei erantzuten die egitasmoak, erosketak egiteko erraztasunak eskainiz.

Merkataritza eta lehen sektorea

Nagore Alkorta alkateak ere parte hartu zuen ekitaldian. «Bertako merkataritza babesteaz gain, herri bizi bat izateko herriko merkatari txikien alde egiteko konpromiso sendoa dugu. Azpeitia izango bada, bizia izan behar du, eta bertako merkataritza pieza garrantzitsua da gure bizitasun horretan», esan zuen, eta proiektua herriko ekonomiari bultzada emateko egokia izango den uste osoa erakutsi, «Azpeitiko Udalak herriko ekonomia eta, zehazki, merkataritza zein lehen sektorea bultzatzeko duen estrategiaren parte da Enkarguk zerbitzua. Itxialdiaren ostean sektore horri emandako dirulaguntzen, kontsumoa sustatzeko Azpeitia Zaindu bonuen eta ekonomia sustatzeko laguntzen ildotik». Haren ustez, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz gizarteak dituen beharrak asetzeko «egitasmo aparta» da Enkarguk. Halaber, Azpeitian bertako merkataritzak duen garrantzia nabarmendu zuen, eta herriko merkataritza ratioa Gipuzkoako altuenetarikoa dela gogorarazi.

Azken hilabeteotako osasun krisiak arlo guztietan dituen ondorio latzak gogorarazi zituen Alkortak, baina proiektu berriak herriko merkatarien «ekintzailetza, transformaziora egokitzeko gaitasuna eta indarra» erakusten duela esan zuen, baita Enkarguk proiektuak egungo beharrei ez ezik, etorkizunekoei ere erantzuten diela ere.

Aldalurrek gogorarazi zuen bezala, proiektu pilotua da eta, ondorioz, «pauso egokiak eman diren ikusi beharko da hasieran. Jarraian, neurri zuzentzaileak hartzen joango gara pausoz pauso». Izan ere, Usoa Etxeberriak GAUR8ri esan dionez, zenbait auzotan zer hobetu behar den aztertu behar dute. Ordutegiak-eta herritarrei egindako inkestetatik jasotako informazioaren arabera erabaki zituzten, eta behin abian jarrita, egokitzen joango dira.

Herri guztiarentzako zerbitzua

Hasieran, herriko hamasei dendak eta azokako hamahiru ekoizlek parte hartuko dute egitasmoan. Zerbitzua herritar guztiei eskainia bada ere, herriguneko bizilagunei baino ez zaizkie erosketak etxera eramango, Etxeberriak azaldu duenez: «Proiektu pilotua izanik, herrigunetik kanpo gelditzen diren auzoetan ez da etxerainoko zerbitzua eskainiko. Hala ere, egitasmoan parte har dezakete auzoetan bizi direnek, eta horiek, kontsignan edo saltokian jasoko dituzte enkarguak».

Ordainketak egiteko ere erraztasunak jarri dituzte: eskudirutan, txartelarekin eta transferentzia bidez ordaintzeko aukera dago.

Hasiera ona

Astelehen goizean abiatu zen Enkarguk zerbitzua. Usoa Etxeberriak egitasmoaren aurkezpenean esan zuen zerbitzu berri horrek azpeitiarren bizi ohitura berrietara egokitzen den zalantzarik ez duela, baina herritarren parte hartzea garrantzitsua dela: «Saltokiek eta ekoizleek behar dituzte azpeitiarrak, eta ordainetan, herritarrek herrian kontsumitu eta garaiko produktu ezin hobeak jasoko dituzte». Eta azpeitiarren parte hartzea ez da berandutu, Etxeberriak berak egiaztatu duenez. Lehenengo egunetik eskaera asko izan zituzten, eta hiru egun geroago berdin jarraitzen zuten.

«Oso gustura» daude jasotako erantzunarekin. «Mugimendua dago», dio Etxeberriak, eta sare sozialetan ere nabaritu dute; Instagramen, adibidez, 200 jarraitzaile dituzte dagoeneko. Web orrian izen emateko aukera ere badago, eta 60 lagunek baino gehiagok eman dute, eskaintzak eta saltokien informazioa jasotzeko. Egunero-egunero publikatzen dute zerbait eta gero, Whatsappez hedapen taldean zabaltzen dute, jende guztia ez baita sare sozialetan ibiltzen.

Pozik ageri da Etxeberria ekimen abiatu berriarekin, pozik bere herriarekin: «Azpeitia oso herri euskalduna da, komertzio ona daukana eta oso herri laua, aldapa gutxi dituen herria. Hori nire iritzi pertsonala da, e?», dio barrez. Eta ekimen berriak iraun dezan nahi du, proiektu pilotu izatetik betiko gera dadila, edo «hazten joan dadila».

 

SUSTAPEN EKONOMIKORAKO PLAN INTEGRALA

Maiatzaren 21ean Sustapen Ekonomikorako Plan integrala onartu zuen Azpeitiko Udalak aho batez, covid-19ak eragindako kalte pertsonal eta ekonomikoak arintzeko laguntza lerroen gaineko irizpideak ezarrita.

Nagore Alkorta herriko alkateak azaldu zuen osasun egoerak eragindako berehalako beharrak asetzeko laguntza lerroez gainera, epe ertainerako ekintza plana ere badela: «Alarma egoerak sortutako kalteak arintzeko urgentziazko erabakiak hartu behar izan ditu Udalak, herritarren bizi kalitatean ahalik eta eragin txikiena egin dezan. Orain, ordea, aurrera begira erabakiak hartzeko ordua da».

Hamabi lan lerroko ekintza plana osatu zuten, hainbat arlotako arazoei erantzuna emateko. Herritarren ekonomian eragina izatearekin batera, tokiko ekonomia eta industria bultzatzeko baliabideak jartzeko helburua du planak. Epe ertainean, abian jarri gabe zeuden lerroak banan-banan abian jartzea da Udal Gobernuaren lana.

Plana adostasun osoz onartu zen, eta elkarlanean landu zuten: «Herriak eta momentuak alderdion elkarlana eskatzen dute, eta plana osatzeko bilerak egin ditugu eta ekarpenak jaso ere egin ditugu. Eta hori eskertu nahi dut», esan zuen alkateak orduan. Urrats garrantzitsutzat jo zuen elkarlanerako akordioa: «Pozgarria da horrelako gai garrantzitsu batean bat egitea. Hitz eginez akordioak lortzeko gai garela erakutsi dugu. Eta egoera konplikatu honi erantzuna emateko baliabideak eta aukerak ditugu».

Amaia Etxeberria oposizioko eleduna ere pozik agertu zen elkarlan hori dela eta: «Orduak sartu ditugu plan hau adosteko eta gure hainbat proposamen aintzat hartu dira. Etorri den ekaitzari aurre egiteko aterki bat sortu dugu, eta ados gaude». Dokumentu irekia denez eta puntu batzuetan ados ez egon arren, elkarlanean aurrera egiteko aukera dagoela adierazi zuen, horrela errazagoa baita herriarentzat lan egitea.

1,7 milioi euroko aurrekontua du planak. Uztailean herriko ekonomia sustatzeko dirulaguntzak egokituta lau laguntza lerro bideratuz Ekonomia Sustatzeko Plan Integrala ia guztiz gauzatuta dagoela esan zuen Alkortak.

Ez da panazea izango, planak ez ditu herriko arazo guztiak konponduko, baina horrelako akordioek erakusten dute indar politikoen arteko eta herriko sektoreekiko elkarlanak posible eta beharrezkoak direla, egoera konplexu eta gogor bati aurre egiteko ez ezik, pandemiatik haragoko ekimen garrantzitsu eta berritzaileak gauzatzeko ere.