Joana Garmendia

Koherentzia pixka bat

Egoera berriez, ondo ulertzen ez ditugun horiez, hitz egiteko, metaforak erabiltzen ditugu askotan. Ez dugu asmatzen gure inguruan gertatzen ari dena zer den zehatz esaten, eta, horren ordez, den hori zeren antzekoa den esaten dugu. Zehatzagoa, ziurragoa, den gairen bati buruzkoak hartzen ditugu iheskorragoa, ulertzen zailagoa, den beste gai horri buruz hitz egiteko. Pandemiaz hitz egiteko, ohiko bihurtu da gerra-kontuez aritzea. Ez dugu esaten birusa aztertu, sendabidea aurkitu eta gizarte-larrialdia konpondu behar dugunik. Esaten dugu denok bat egin behar dugula borroka, birusari irabazi egin behar diogula, eta gure armarik onenak erabiliko ditugula gaitza gainditzeko. Birusa arerio bihurtu dugu.

Beste bat da niri behin eta berriz burura etortzen zaidan metafora, ordea. Martxoko lehen itxialdi-aste haietatik, askotan pentsatu dut bidegorrian bezala gabiltzala. Bai, bidegorrian, badakizu: oinez zoazenean ulertezina egiten zaizu autoen zabarkeria, eta iruditzen zaizu ziztu batean igarotzen direla aldamenetik, zebra-bide bakoitzean oinezkoari presa sartu nahian. Eta bizikletan doazenak ere arin, arinegi, eta gertuegi doazela aukeran. Autoan zoazenean, ordea, ezin duzu ulertu nori bururatu zaion bidegorria non eta hortxe jartzea; eta jendea zebra-bide erdian kontutan, patxada betean, enbarazuan. Eta txirrindulariak, ene, autoen eta oinezkoen eskubideak denak berentzat hartuta: bidean behar adina tarte eskatzen dute beraientzat, baina gero ona dute edozein zirrikitu beraiena egiteko. Ez al dute nahikoa mendi-bide Euskal Herrian bizikletan ibiltzeko? Eta bizikletan doanari irudituko zaio ez daukala errespeturik autokoak, bere presak zure presa egin nahian, eta ez daukala errespeturik oinezkoak, bide bazterrera apartatu ez eta abiadura makalarazten dizunean.

Izango da jende presatiagoa, jende patxadatsuagoa; izango da bideak autoentzat soilik nahi dituenik, eta Euskal Herri osoa bidegorri egin nahiko lukeenik. Baina, esango nuke, patxada exijitzen diogula besteari gu oinez gabiltzanean, ziztua autoan goazenean; oinezkoak etxera bidali nahi ditugula gidatzen ari garenean; eta, autoak erre, paseoan gabiltzanean.

Birusaren gerran ere, koherentzia izan da biktima handienetarikoa. Ez gara denak berdinak: batzuek usteko dute zintzo bete behar direla arauak, beste batzuk malguagoak izango dira. Larriaren aurrean, autoritateari men egin behar zaiola pentsatuko dute askok; noiz eta orain, agintzen dutenekin inoiz baino kritikoago izan beharko genukeela usteko dute beste askok. Lanean ari denari berea egiten utzi behar zaiola, edo, kontrara, esaten digutenari sinesgogor egin eta dena dudatan jarri beharko genukeela. Pentsa dezakezu era batera edo bestera... baina ezin dituzu denak pentsatu, komeni arabera. Koherentzia pixka bat.

Txakur-jabeen eguneroko joan-etorriak minututan eta kilometrotan neurtu zituzten haiek ikusi genituen, haurrei irtetea egokitu zitzaienean, familiarekin ibilbide turistikoak egiten herri inguruan; su txikia eta lo-zakua falta zituzten, bazkaltzera edo lotara erretiratu beharrik ez izateko. Gobernuekin haserre dabil asko eta asko, egoera konpontzeko nahikoa neurri hartu ez dutelako; baina ez dute maskararik jarri nahi, horrek ez du-eta ezertarako balio, eta ez dute garaiz erretiratu nahi, arratsaldean kutsatzen ez dena ez omen da-eta gauean kutsatuko.

Askori entzun diet dagoeneko ez direla medikuek, zientzialariek eta gainerako aditu-usteek diotenaz fio. Artaldean tentel nahi omen gaituzte. Gezurrak esaten omen dizkigute. Ez omen dago nahikoa frogarik maskarak erabiltzearen alde. Txertoa lortzeko norgehiagokan, ziurtasunik batere gabe egiten omen dute aurrera. Ebidentzia nahikorik gabe ari omen dira irtenbideak proposatzen. Facebooken irakurri omen dute. •