Amagoia Mujika Telleria

«AIZTONDOREN ZIRTOTSA», ZIRTOA BERTSOA PIZTEKO METXA

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak zirtoa oinarri eta abiapuntu hartuta proiektu bat josi du. Pello Mari Otaño beka eskuratu du Harituzen proposamenak. Hango kide Mikel Artolaren hitzetan, «ikerketa proiektu hau proiektu orokorrago baten barruan kokatzen da. Bertsozale Elkartean bertsolaritzaren didaktikaren inguruko gogoeta batean ari gara. Proba batzuk egiten ari gara hezkuntza arautuko eskola batzuetan eta baita bertso eskola batzuetan ere, eta erronka honakoa da: nola landu bertsolaritza bat-batekoa erdigunean jarrita. Orain arte gure buruan egon izan da bertsotan egiteko lehendabizi idatziz ikasi behar dela eta ondoren ikasten dela bat-batekoa. Ez goaz ikuspuntu horren kontra, baina balantza bat-batekoaren alde jarri nahian ari gara».

Konturatuta omen daude 10-11 urte bitarteko haurrekin zailtasunak agertzen diren une bat dagoela: esaldi errimatuak egiten hasi behar den unea. Eta bertsolaritzan oinarrizkoa da noski esaldi errimatuak egiten jakitea.

Bide horretan, Harituz elkartekoek zirtoaren bidea proposatzen dute, esaldi errimatuak modu dibertigarrian egiten ikasteko bidea izan daitekeela uste baitute.

Bertsotan egitea eta zirtoak egitea gauza desberdinak dira. «Bertsolaritza erretorikaren genero bat da, diskurtsoa osatzea eskatzen du. Zirtoa zehatzagoa da eta ez du diskurtsorik eskatzen. Ez dira gauza bera. Baina bertsotan egiteko oinarrizko teknikak errimatzea eta esan nahi duzuna doinu batekin neurrian sartzea eskatzen du. Zirtoa egiteko errimatu egin behar duzu, baina ez duzu neurrian sartu beharrik. Eta doinurik ez dauka. Genero desberdinak izan arren, teknikaren ikuspuntutik parekotasunak dituzte», zehaztu du Artolak. Hortik abiatuta, pentsatzen dute zirtoaren lanketak lagundu dezakeela bertsotan egiten ikasteko.

Pello Mari Otaño ikerketa bekak Aiztondoko bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko helburua duenez gero, bertara aurkeztu duten proposamenak norabide bat baino gehiago dauzka. “Aiztondoren zirtotsa” izeneko proiektuak, batetik, Aiztondon historian zehar izan den zirto tradizioa jaso eta transmititu nahi du. Eta, bestetik, ahozko genero horren aplikazio didaktikoa osatu nahi du, bertsolaritza irakasteko orduan erreminta baliagarria izan daitekeela sinetsita.

Zirtoa Aiztondon

Zirtoari ez zaio garrantzi berezirik eman, egunerokoan eta hizketaldian sortzen zen burutazio gisa hartu izan baita. Haritz Mujikak adierazi duenez, «nagusiki bertsolarien inguruko bildumetan jaso da zirtoaren tradizioa, bertsolariei buruzko pasadizo umoretsuetan».

Aiztondoren kasuan, Auspoa bildumako zenbait liburutan sakabanatua agertzen da zirtoen tradizioa. Liburu horiek bertsolarien inguruko liburuak dira. «Adibiderik esanguratsuenetako bi izan daitezke Teodoro Mujikaren ‘Errekaldeko Intxaurraren Itzala’ (Mujika, 1996) eta Antonio Zabalaren ‘Pello Errotaren Itzala’ (Zabala, 1965). Lan horietan ez da zirtoa soilik jasotzen, bertsoak, txisteak edo gisako pasadizoak ere agertzen dira», esan dute Harituz taldekoek.

«Bertsolarien inguruko bilduma lanak izanagatik, bada nabarmentzen den ezaugarri bat: ez dira bertsolaritzaren historian leku berezia duten bertsolariak soilik agertzen, bazterrerago egon izan diren izenak ere protagonista bihurtzen dira. Tartean da, esaterako, Sabina Elizegi, bere zirtolari izaeragatik ezagutu duguna bertsolari izaeragatik baino gehiago», gaineratu dute.

«Gure helburua da Aiztondo inguruan ezagunak diren eta jasota dauden zirtoak bildu eta horiekin bilduma esanguratsu bat egitea», esan du Mujikak.

Liburuetan bilduta geratu dena zirtoaren berezko presentziaren parte txiki-txiki bat baino ez da. «Bilduta dagoena bertsolaritzaren giroaren ingurukoa da. Horrek ez du esan nahi inguru horretan bakarrik gertatzen zenik, baina hori geratu da jasota batez ere».

Errezilen, esaterako, bertako kontalariak bildu eta haiek esandakoetatik osatu zuten “Errezildarren ateraldiak” izeneko liburua. Ez da propio zirtoak biltzeko egindako proiektu bat, baina tartean badira. «Gure helburua didaktikoagoa da, baina ikusten dugu Errezilen egin zen bezala, beste leku askotan egin daitekeela. Orain bagenuen asmoa kontalari onak diren batzuekin elkartzeko eta haien esanak jasotzeko. Baina heldu samarrak dira denak eta covid-19aren kontu honekin geratu egin dugu kontua», azaldu du Artolak.

Euskararen grazia

Bertsolaritzaren transmisioaren haritik tiraka, proiektuak baditu helburu gehiago. «Belaunaldiz belaunaldi iritsi zaizkigun zirto horiek kontatzen trebatzea nahi dugu, ahozkotasuna landuz. Bide batez, euskarak bere barnean duen umoreaz eta adierazkortasunaz jabetzea nahiko genuke. Zirtoa ez baita esaldi bat nolanahi botatzea; errimatua, azkarra, umoretsua, zorrotza... izan behar du. Badakigu hori ez dela erraza ikasle guztien kasuan, baina gutxienez ezagutzea eta euskarak horretarako balio duela konturatzea da helburua», azaldu du Haritz Mujikak.

Zirtoa egun hain modan dagoen «zaska»-ren parekoa da, baina errimatua eta euskarazkoa. Eta hori ere aldarrikatu nahi dute proiektu honekin; euskarak balio du gauzak umorez eta zorrotz esateko. «Zirtoa euskaraz pentsatu behar da eta hori oso interesgarria iruditzen zaigu», gaineratu du Artolak. Zirtoaren izaera zirikatzaile eta umoretsu hori kontuan izanda, haur eta gaztetxoentzat ariketa tentagarria izan daitekeela uste dute.

«Horrez gain, bertsolaritzaren ikas eta irakas prozesuan tokia izan dezakeela uste dugu. Orain arte esaldi errimatuak egiten mila modutara erakutsi izan da eta uste dugu zirtoena beste bide bat izan daitekeela. Umeentzat, segur aski, beste bide batzuk baino esanguratsuagoa eta erakargarriagoa da zirtoarena», iritzi dio Mujikak.

Zirtoak ahozkotasun biziko testuinguru bat eskatzen du. Garai batean zirtorako giro hobea zegoen akaso, ahozkotasun biziagoa eta komunikazio sarriagoa. «Garai batean zirtolari gehiago egongo ziren, baina nik ez dut galdutzat eman nahi genero hori. Uste dut orain ere badirela zirtolariak, edozein lagunartetan entzuten dira zirtoak. Akaso ez dira errimatuak, baina egon badaude. Eta seguru Whatsapp taldeetan barra-barra sortzen direla zirtoak», gaineratu du Artolak.

Esan bezala, “Aiztondoren zirtotsa” proiektua martxan da. «Zirtoen bilketa lana egiten ari gara eta aplikazio didaktikoa pentsatzen eta diseinatzen ari gara, ahalik azkarren martxan jarri nahi dugulako. Abendurako bertso eskola batzuetan probak eginda izatea espero dugu eta datorren ekainean aurkeztuko dugu proiektua bukatuta, proposamen didaktikoa barruan», azaldu du Mujikak.

«Gu konturatuta gaude erdarazko ‘zaska’ horiek grazia egiten dietela ikasleei eta buruan gordetzen dituztela. Hori bera euskaraz egitea, errimatzen ikasiz, ahozkotasuna landuz eta bertsogintzara gerturatuz. Hori da asmoa», bukatu du Artolak.