Pello Otxandiano

Gora bihotzak

Gora dator pandemia, goraldian itsasoa hondarrean gora nola. Eta estrategia soziosanitario argirik gabe jarraitzen dugu. Gobernuek ziurtasunak maite dituzte, gauzek beren kabuz funtzionatzen duten egoerak kudeatzea, sorpresa handirik gabe. Pandemiaren aurreko garaietan nahikoa izan da funtzio erregulatzaile eta birbanatzaile apal bat garatu eta ekimen pribatuari bidea egiten uztea status quo-a egonkor mantentzeko. Bukatu da garai hori ordea.

Eta bukatu denez gero funtsezkoa bihurtu da lidergo publikoa: herritarrei ardura eskatu orduko norbere ardurak hartzea, informazioa eta erabakimena partekatzea, egoera zailari zentzu komunitarioz aurre egin ahal izateko. Alabaina, oso bestelako mezuak entzun ditugu astean zehar agintarien partetik: jendea erlaxatu izanaren ondorioa omen egoera okertzea. Estrategia eraginkor argirik planteatzeko gai ez den gobernu batek geure bizitzak hankaz gora jarri dituen egoera honen ardura nagusia herritarrongan jartzea, injustua izateaz gain, zeharo da arriskutsua.

Hau luzerako baitoa. Eta orain arte ez da jendartea halako egoera baterako prestatzeko pedagogia sozialik egin. Berandu baino lehen gure bizitzak leheneratuko ziren ilusioa transmititu da, ehun metroko lasterketa bat irudikatu da, eta jendartea ez dago psikologikoki prestatua maratoi bat korritzeko. Negua luzea izango da, gutxiegi dakigu gaixotasun honi buruz ziurtasunik eskaintzeko. Eta osasun egoerari ziurgabetasun sozioekonomikoa gehitzen zaio, gainera: presio eltze bat.

Loak sendatzen ez duen nekea nabari dugu, baita tristura sarkor bat ere. Tunel ilun batean gauden sentsazioa da, eta ez da amaierarik begiztatzen. Nahikoa lan dugu denok ere ur gainean mantentzen, apenas gelditzen den energiarik baikortasun antropologikoari eusteko. Halako egoeran, nago lehentasun politiko gisa hartu beharko genukeela erresilientzia komunitarioaren lanketa. Halako batean ikusiko baita tunelaren amaiera, eta aterako gara tuneletik. Baina nola aterako garen tunelaren bestaldean aurkituko ditugun desafioei aurre egiteko. Izpiritu komunitario erresistente baten lanketak independentismoaren lehentasun politiko nagusietakoa beharko luke, halako terapia politiko batek. Egoera zaila baita eta are gehiago zailduko baita. Ez da arrazoirik faltako ezkortasunerako.

Hiru helduleku proposatuko nituzke terapia horretarako. Batetik, lirikarako ere ez baina, zoritxarrez, ezkortasunean itotzeko ere ez dira garairik onenak. Gutxitan irakurtzen dut libururik tituluak bultzatuta baina halaxe izan da kasu honetan: “Demasiado tarde para ser pesimistas”, Daniel Tanurorena. Gure seme-alaben etorkizuna dago jokoan, gaur eta hemen.

Pentsamendu politiko garaikideak balio ez dionari ezkerraren tradizio onenetan aterpetzea gomendatuko nioke. Inozentzia galdu ez duen haurrarengan ispilatzea, neurri batean. Garai zailetan ondutako kultura politikoan ardaztea gogo-bihotzak, inteligentziaren ezkortasunari probetxua atera ahal izateko borondatearen baikortasuna galdu gabe. Aste honetan erretiroa hartu duen Pepe Mujikak ezin hobeto hezurmamitzen du kultura hori. Hauxe bere mezua agurrean: «Bizitzan arrakasta izatea ez da irabaztea, erortzen garen bakoitzean jaiki eta berriz hastea baizik».

Bakartuak eta isolatuak gauden garai hauek ez dute zertan denbora galdua izan. Garai zailak baitira guretzat, baina baita Espainia eta Frantziarentzat ere (terapiaren premisa funtsezkoak konspirazio teoria oro alboratzea beharko luke, noski). Tunelaren beste aldean desafio kolosalak ditugu itxaroten, baina baita aukera berriak ere. Zizek-en esaldi hura baliagarria zaigu beste aukerarik ezean: «Don’t act, just think» (“ez ekin, soilik pentsatu”). Tunelaren beste aldean aurkituko dugun errealitatea ondo interpretatu eta ordurako etxeko lanak eginak izateak irekiko diren aukerak baliatzeko moduak eman diezazkiguke. •