Gaizka Izagirre Brosa
PANTAILA TXIKIAN

Telesail britainiarren aurtengo uzta

Telesailei dagokienez, argi dago AEBetako produktuek markatzen dutela oraindik bidea. Plataforma digitalei esker, ordea, gero eta errazagoa zaigu mundu osoko ekoizpenak dastatzea, eta horiek eskaintzen dizkiguten errezeta zirraragarriei esker guztiz asetzea. Gaurko menurako, 2020an Britainia Handian estreinatu diren telesailik nabarmenenak aukeratu ditut. Horien osagairik ohikoenak iraupen laburra, intentsitate handia eta ekoizpen balio ikusgarriak izaten dira, bai eta hain berezkoa duten umore berezi hori ere.

Gangs of London
Gangs of London

Gangs of London

Starzplay

Ahoko babeslea eta ubelduren aurkako krema alboan dituzula ikusi beharko duzun akziozko thriller frenetikoa, zorabiagarria, gordina eta oso basatia. “Peaky Blinders” gustuko baldin baduzu –baina erritmoa eta indarkeria hamarkoiztua–, Guy Ritchieren “Lock & Stock” eta “Snatch” filmen zalea bazara –baina umore dosia ekuaziotik ezabatua– edota mafia giroan kokaturiko filmak atsegin badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengo telesaila. Mafiak, gezurrak, kaleko bandak eta indarkeria oso basatia dira Londres hirian girotutako telesail honen osagai nagusiak. Gareth Evans zinemagileak hain berezkoa duen estilo hori gaur egungo Londresera eraman du: gidoi bikaina, erritmo ikaragarria eta berak bakarrik planifikatzen dakizkien indarkeriaz eta zartadaz josiriko borroka koreografiatu txundigarriak. Zalantzarik gabe, 2020. urtean ikusi dudan telesailik onenenetariko bat.

Normal People

Rakuten TV

Sally Rooneyren eleberriaren moldaketa. Egile hori “The New York Times” egunkariak millenial belaunaldiko idazle handitzat jo du. 2008. urtekoko finantza krisialdiaren ondoren dago girotua, Irlandako herrixka batean. Marianne (Daisy Edgar-Jones) eta Connell (Paul Mescal) dira kontakizun erromantiko-dramatiko honetako protagonista nagusiak. Coming-of-age generoa ardatz hartuta, sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko 12 atal topatuko dituzu. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzu, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zara.

Bi protagonisten arteko kimika gutxi ez eta ekoizpenaren gainerako alorrak ere azken zirrikituraino daude zainduak. Pertsonaien arteko igurtzi bakoitza, begirada bakoitza, topaketa bakoitza, behar bezala desfokuratutako lehen planoek indartzen dute adibidez. Ederra bezain frustragarria den kontakizun hau ikusleari helarazteko, zinema komertzialaren eta independentearen arteko oreka perfektua ere lortu dute. Zalantzarik gabe 2020ak eman duen harribitxietako bat.

Quiz

Movistar

Stephen Frears zuzendari entzutetsuaren telesail berria. Charles Ingram britainiarraren istorioa kontatzen du “Quiz” telesailak. Iskanbila handia sortu zuen “Who Wants to Be a Millionaire” telebistako saio ezagunean (“Nork izan nahi du milioiduna?”) milioi bat libera irabazteko tranpak egiten harrapatu baitzuten. Dibertigarria, entretenigarria, zorrotza eta hausnarketarako gonbita luzatzen duen miniserie paregabea iruditu zait. Plazer hutsa da, beti, benetako kasuetan arakatzen duten ekoizpen zainduak ikustea, ikusle gisa gertaera hori zalantzan jartzeko eta emozioen garrantzia mahai gainean kokatzeko. “Succession” telesail zoragarrian ikusitako Matthew Macfadyen aktoreak du telesail honetako protagonista gorpuzteko ardura, eta lan honetan ere txalotzeko moduko interpretazioa eskaintzen duela iruditu zait.

Ted Lasso

Apple Tv +

Galtzaileei buruzko telesail kaskarra espero nuen eta oso modu positiboan harritu nauela aitortu behar dut. Ikusteko erraza eta oso atsegina den ekoizpen honetan Ted Lasso izeneko futbol amerikarreko entrenatzaile baten istorioa ikusteko aukera izango duzu. Ingalaterrako futbol talde batean zortea probatzea erabakiko du, baina haren eskarmenturik ezak errezeloa eta mespretxua piztuko ditu jokalarien eta zaleen artean.

Jason Sudeikisek aurtengo gizonezko pertsonaiarik baikorrena, atseginena eta zintzoena gorpuztu duela iruditzen zait, baina, garrantzitsuena, ez da batere nekagarria gertatzen. Argi dago futbolzaleek bereziki gozatuko duten ekoizpena dela, baina baita gainerako ikusleek ere, asmo onen botereari buruzko komedia arina delako, eta futbola hori pantailaratzeko aitzakia baino ez. Feel-good movie azpigeneroaren barnean igerian dabilen ekoizpen hau, opari txiki bat iruditu zait, negatibotasunak guztia inbaditzen duen garaiotan bereziki gozatuko duzuena.

Komediaren barruan drama zantzu batzuk ere tartekatzen dituen arren, oso era orekatuan erabiltzen ditu, eta komedia estatubatuarraren eta britainiarraren arteko gurutzaketa ezin hobea lortu.

After Life

Netflix

Zein gustuko dudan Ricky Gervais eta zeinen trebea den drama eta umorearen arteko marra horren gainean ikuslearen sentimenduak astintzen. “After Life” telesailean, tonu malenkoniatsua erabiliz, protagonistak, emaztea hil ondoren, jasaten duen min emozional guztia nola bizitzen duen kontatzen digu.

Gervais ezagutzen duzuenok pentsa dezakezue bere ezaugarri diren iruzkin polemiko eta probokatzaileak jaurtitzeko erabiltzen duen beste ekoizpen bat izan daitekeela, baina ez. Doluaren esplorazio malenkoniatsu eta existentzial bikaina baita, bizitzarekin adiskidetzeko bidaia berezi bat. Asko hunkitu nauen telesaila da, asko gainera. Atal bakoitzak sentsazio berezi batekin utziko zaitu, eguneroko keinu eta xehetasun txikien aldeko aldarria egiten baitu. Gervaisek umorearen eta dramaren artean jolas egitea atsegin duela aipatu dizuet hasieran, baina telesail honetan une komikoek barrea eragingo dizuen arren, eztarrian korapilo bat jartzen zaizuen unean hura askatzea kostako zaizuela ohartarazten dizuet. Drama baita ekoizpen honen zigilu nagusia.

The Salisbury Poisonings

Movistar

BBC kate ezagunaren hiru ataleko ekoizpen berria da, 2018an Ingalaterrako Salisbury herrixkan jazotako gertakarien berri ematen duena, non MI6ko bi agente (Sergei Sktipal eta haren alaba Yulia) elementu kimikoekin pozoitu zituzten errusiar espioiek.

Gertaera horren ikerketa poliziala da telesailaren ardatza, baina bai eta horren ondorio izan zen osasun krisi bortitza ere. 2020. urtean gertatzen ari zaiguna ikusita, gaur egun bizi dugun errealitatearen alegoria beldurgarri gisa funtzionatzen duen istorioa.

Sortzaileek, dokumentazio lan trinkoa eta elkarrizketak egin ondoren, gertakarien birsortze hori gertatutakoaren errealitatetik ahalik eta hurbilen egin nahi izan dutela antzeman daiteke hasieratik. Kasuaren barnean sortzen eta uztartzen diren narratiba desberdinei esker lortzen dute hori. Baina ez pentsa ekoizpen honen muina herrixka horretan piztu zen aurrekaririk gabeko nazioarteko krisi hori denik –ordura arte bere katedral gotikoagatik bakarrik zen ezaguna–, espioitza sare sinestezin batek herri txiki bateko biztanleengan izan zuen eragina dago erdigunean, koronabirusarena gogorarazten duen larrialdi egoera bat, konfinamenduak barne.

Birusen garai hauetan bizi dugun errealitatearen nahigabeko alegoria egiten duen miniserie sendoa eta entretenigarria azken finean.