Gaizka Izagirre Brosa
PANTAILA TXIKIAN

Telesail gutxietsiak

Peak TV. Hori da azken urteetan telebistaren arloan eta AEBetan hedatzen ari den hitza. «Telesailen burbuila» bezala definitu daitekeen termino horrek adierazi nahi du iristear dagoela ekoizpen horien gailurra –2019an AEBetan soilik, 532 telesail estreinatu ziren–. Pantaila txikian produktu gehiegi dagoela adierazteko espresioa da: kontrolik gabe estreinatzen dira eta askotan zalantzazko kalitate maila izaten dute. Zaparrada horren eraginez, eta batik bat plataforma digitalek erabiltzen dituzten ezkutuko algoritmoen erruz, oso erraza izaten da potentzialtasun handia duten ekoizpen ugari ahanzturan erortzea. Zer esanik ez ekoizpen horiek «estreinaldi» zein «telesail berri» etiketa ez badaramate. Horregatik, atzerabegirako oso txiki bat egin nahi dut, ostrazismoan erori diren eta urteen poderioz gutxietsiak izan diren ezinbesteko telesail batzuk berreskuratzeko.

Boardwalk Empire

HBO

56 atalen ostean, harrokeriarik gabe eta zarata gutxi ateraz, 2014. urtean, betiko agur esan zigun telesail erraldoi honek. Bost urtez jarraitu genion pertsonaia ahaztezinez jositako istorio izugarri eta bortitz honi; pantaila txikiaren historian letra larriz idatzita geratu diren sekuentzia eta une hunkigarri zein beldurgarriz osatutako antologia dramatikoa, baina zoritxarrez “telesail gutxietsien” edo “ahaztuen” multzoan geratu dena.

Mafiari eta krimenari buruz hamaika film eta telesail ikusi ditugu, baina horietan konplexuena eta biribilena izan liteke “Boardwalk Empire”. “The Godfather” (Francis Ford Coppola, 1972), “Scarface” (Brian De Palma, 1983) edota “Goodfellas” (Martin Scorsese, 1990) bezalako maisulanak dakarzkit aldika burura, eta horrek telesailen olinpora zuzenean sartzeko baimena ematen dio. Istorioa Atlantic City hirian gertatzen da, eta 1920an hasi eta 1931n amaitu; ondorioz, AEBetan lege lehorra indarrean egon zen garaia du agertoki. Garai hartan negozioaren buruetako bat izan zen Nucky Thompson du protagonista. Bost denboraldi sutsutan zehar ikusiko duzun bezala, bizitza zaila izan zuen, eta negozio ilunetara egindako bidaia progresiboak inolako barkamenik merezi ez duen gangster bihozgabe bihurtu zuen.

Pertsonaien arteko borroka morala da, heriotza eta erredentzioarekin batera, telesail osoa harilkatzen duen gaia, eta istorio kaleidoskopiko baten bidez AEBetako krimen antolatua nola sortu zen erakutsiko digu. Horri oso gutxitan ikusi dugun girotze lan ikusgarria eta atal tekniko bikaina gehituz gero, maisulan baten aurrean zaudela ohartuko zara.

Carnivàle

HBO

“Freaks” filmeko pertsonaiak, “The Grapes of Wrath” eleberriko elementuak eta David Lynchen atmosfera nahasiz gero, sekula dastatuko duzun irabiaturik ausartenaren eta berritzaileenaren aurrean zaudela ohartuko zara. Hori bai, zurrutada lodikoa da, konplexua, eta hainbat momentutan digeritzeko zaila. “Carnivàle” telesail bikainaz ari naiz, bertan behera utzi zuten telesail gutxietsia.

Ikusle arinentzat ez da agian telesailik egokiena; telesail zale zorrotzentzat, aldiz, zinez gomendagarria da; eta ekoizpen ausart, desberdin, berritzaile eta mamitsu baten bila dabiltzanentzat, ezinbestekoa. Ez zuen pasio uholderik eragin bere garaian, baina harrapatu zituen zaleak sutsuak eta leialak dira –ni barne–. Mito baten aurrean gaudela esateak gehiegikeria dirudien arren, “Carnivàle”-ek merezimendu osoz irabazi du mito edota kultuzko telesail ahaztuaren izendapena.

Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka da ekoizpenaren ardatz nagusia. 1934. urtean kokatua, Amerika hegoaldean eta depresio handiaren muinean. Ben Hawkins, hemezortzi urteko umezurtza, freak show-a, vaudevillea eta prostituzioa nahasten dituen zirkura batuko da. Zirku hori, nola ez, pertsonaia bitxiz eta konplexuz beteta dago: Samson zuzendaria, Lila emakume bizarduna, Alexandria eta Caladonia ahizpa siamesak edo Gecko musker gizona, besteak beste. Atal bakoitzak karabana horren egunerokoa du ardatz, eta bata bestearen atzetik, jainkoaren eta deabruaren arteko gerra erakutsiko digute, batez ere bigarren denboraldian.

Atal bakoitzak jariatzen duen lurrinak zinemarik onenaren usain berbera du. Gainezka egiten duen anbientazioari eta zehaztasunez zaindutako ekoizpen diseinuari esker begietatik sartzen da zuzen-zuzenean.

Manhunt Unabomber

Netflix eta Rakuten TV

Telesail antologikoa da eta lehenengo denboraldia Ted Kaczynsky serieko hiltzailearen benetako kasuan oinarritua dago, hura harrapatzeko prozesuan ardaztua batik bat. Denboran saltoak eginez, ehiza hori maisuki kontatzeko trebezia erakusten dute dute. Pertsonaiak eta estetika aztertzerako orduan, “Zodiac”-en ukituak topatuko dituzu, eta elkarrizketa bizi eta mamitsuetan Aaron Sorkinen abilezia. Gustu ikaragarriz filmatua, bi protagonisten arteko interpretazio duelu bikaina ikusteko aukera eskaintzen digute. 

Erreferentziak aipatzen hasita, saihetsezina “Mindhunter” telesailarekin duen lotura nahiko zuzena. Kasu honetan, benetako magia, kamera Kaczynskiren atzetik doanean gertatzen da, baina ez bakarrik poliziarekin izandako topaketetan, bere eguneroko “arrunt” horren jarraipenean baizik. Hiltzaile baten alderik gizatiarrena erakusten saiatzen dira, gerora ikusle gisa zaplazteko galanta jasotzeko. Ez pentsa dena den akzioak gainezka egiten duen ekoizpen bat ikusiko duzunik, su motelean kozinatzen diren osagaiak jartzen baititu mahai gainean, elkarrizketa finekin lagunduta eta interpretazio bikainez hornituta.

Quarry

HBO

“Quarry” 70eko hamarkadan Memphis hirian arnasten zen atmosfera latz horren esentzia hutsa da. Martin Luther Kingen ondorengo Amerika horretan, bi bidaia mota sentiaraziko dizkigun bitartean: Vietnamdik fisikoki itzultzea eta bidaiarik latzena, gerra horren ondorengo bizitza “arruntera” bueltatu beharra. Testuinguru horretan aurkeztuko digute Mac Conway (Logan Marshall-Green) protagonista. Gerra latz horretatik bueltatu berri den soldadu ohia, trauma ondorengo estres moduko bat bizi duena eta nahi gabe ustelkeria eta hilketa sare ilun batean murgilduko dena. Tartean, herriko biztanle eta komunikabideen arbuioa jasoko du, izan ere, Vietnamgo gerran sarraski latz eta penagarri baten erantzuleetako bat izatea leporatuko diote.

Erritmo motela duela kritikatu dute batzuek, alderantzizko iritzia dut nik ordea. Denbora menderatze hori baita nire ustez, alderdirik boteretsuenetarikoa; pertsonaiak, trama eta beraien arteko erlazioak ikuslearen burmuin barruan zimendu sendo batzuekin eraikitzeko erritmo perfektua erabiltzen baitu. Trama nagusian zehar, Otis Redding edo Van Morrisonen binilo zaharkitu horien melodiak markatzen dute askotan tempo hori. Hiria eta garai hartako musikaren arteko erlazio bikain hori ikustean, saihetsezina da hainbat momentutan “Treme” telesaila burura ez etortzea. musikak sekulako garrantzia eta pisua hartzen baitu gidoian.

Atmosfera itogarria ere badu, iluna, astuna. Zortzi ataletan zehar kokatzen diren testuinguruan beharrezko zama emozionalarekin nabigatu ahal izateko perfektua. Horrek pertsonaia nagusiaren klaustrofobia hori modu paregabean islatzen laguntzen du.

Olive Kitteridge

HBO

Elisabeth Strouten Pulitzer sarian oinarritua. 25 urteetan zehar, matematikako irakaslea izan den Olive Kitteridgeren bizitza kontatzen duen drama sakona da aukeratu dudan azken miniseriea. Istorioa, herriko institutuko matematika irakaslea den adin ertaineko emakume batekin hasiko da. Henry farmazialariarekin ezkondua, biak, bere seme Christopherrekin batera bizi dira, eta istorioa haien zahartzaroraino iritsiko da.

Ordubete baino gutxiagoko lau ataletan banatutako ekoizpenak modu kostunbristan erakusten digu emakume horren, haren familiaren eta auzokide batzuen bizitza. Generoa drama dela esango nuke argi eta garbi, bizitza arruntez diharduen arren, aurkezten zaiguna askoz ere dramatikoagoa delako. Telesailak duen umore urria beltza da, batez ere Kitteridge pertsonaia nagusiaren nortasunak eragiten duenean: emakume bertutetsua, baina lagunak egiteko jaio ez dena. Soiltasun horren azpian ordea, sentimenduen zurrunbilo etengabea topatuko duzu: emozioa, ironia, samurtasuna... Frances McDormand aktore bikainari esker iristen zaizkigu emozio printza horiek, haren gizatasun eta jenio biziak pantaila zeharkatzen baitute.

Miniserie bikaina, paregabea, garratza, iluna, tristea eta suntsitzailea. Depresioa, garun gaixotasuna eta batez ere tinko eta gupidagabe pasatzen den bizitzari buruzko ikerketa sakona eta latza, bere oinarriaren itxura sinplearen muinean maila ezezagunetan harrapatzeko gai den giza disekzio distiratsu eta garratza ezkutatzen baitu. Aktore guztiak maila zoragarrian daude, baina nabarmentzekoak Frances McDormand, Bill Murray eta Richard Jenkins, erraldoiak. Urteekin ahanzturan erori den beste maisulan bat.