Mikel Zubimendi Berastegi
EZ DA GAU GIRO

Beste osasun krisia: gaueko bizitza debekatuta, gizartea balbularik gabe

Etxeratze aginduak gau giroa desagerrarazi du Europan. Gaua ez da bakarrik denbora edo negozio bat. Nahasketa soziala posible egiten duen askatasun espazio bat da. Beste bat, ezberdin, izateko ahalmena ematen digun eta gizarte guztiek ezinbestekoa duten espazioa. Gau girorik gabeko etorkizuna badator, akabo. Agur eta gabon.

Gau giroko taberna zuloak, neonezko argi gorridun klubak, botiloi frenetikoak parkeetan, tekno festak… Koronabirusaren krisian denak seinalatu dituzte, denak kondenatu, kutsatzaile eta arriskurik handienak balira bezala.

Gau giroaren inguruko aurreiritziak indartu al ditu gaixotasunak? Agintariek gaueko festak ilegal egin dituzte, etengabe ohartarazten digute deabru berriak direla eta birusaren hedapen inkontrolatuaren aurrean gaitasun eta diziplina kolektiboaren falta erakusten dutela. Gauaren inguruko mamu eta madarikazio berriok zer esaten digute?

Krisiek daukaten ziurtasun bat, agian bakarrenetakoa, egoera txarrak okertu egiten dituela da. Eta hasteko esan behar da gau giroaren ajeak, nahi eta ezinak, ez direla koronabirusarekin sortu. Ez. Gaua entretenimendua den heinean beste entretenimendu modu batzuen kontra lehiatu behar du. Nolabaiteko gerra bat da, bat denen kontrakoa, eta irabazle garbia dago: Internet. Netflixek eta Spotifyk zinema eta musika aretoak mehatxatzen dituzte. Etxez etxe janaria entregatzeko zerbitzuen hazkundeak jatetxeak mehatxatzen dituen bezala. Online egiten diren harreman intimo eta elkartze gero eta ugariagoak maite-istorio potentzial baten bila tabernara joan behar ez dela esan nahi du.

Aspaldikoa da joera, beraz. Bestalde, krisi garaietan ezartzen den lehen neurria gaueko etxeratze agindua izan ohi da, edo beste hitz batzuetan esanda, iluntasunean mugitzeko askatasuna deuseztatzen da. Gaua ez baita denbora bat bakarrik. Espazio bat da, askatasunaren espazio bat, nahasketa soziala posible egiten duen espazioa. Beste pertsona bat, ezberdina, izateko ahalmena ematen digu, keinu edo ekintza oro baino lehen legea hausten ote gauden galdetzea eskatzen ez duen espazioa. Gainera, gizarte batek, gizarte guztiek, horrelako espazioak behar dituzte. Eta herritar guztiei zor zaie gaua gozatzeko eskubidea, mugen urraketa kontrolatuak egin ahal izateko eskubide zibila daukate.

Gertutasunerako desira

Gauaren inguruan iskanbila asko dabil azken aldiotan, arrazoi askorengatik. Politikariak eta birologoak kezkatuta daude, baina baita gau giroaren industria ere, bizirik jarraitu ahal izango duen beldur. Une latzak dira gautxorientzat, gauaren industriarako, gure herrien eta hirien antolaketarako, gau giroa larri-larri dabil, baina jendearen desirak ez dira desagertu; parranda egiteko, dantzatzeko, intoxikatzeko gogoak hor diraute, beti bezain natural.

Telebistan maiz azaltzen dira gauaren ospea are iluntzen duten berriak, poliziak halako «festa ilegala» zapuztu duela, Ertzaintzak ehunka isun jarri dizkiela botiloia egiten ziharduten gazteei. Gainera, eguraldia zenbat eta hotzagoa egin, orduan eta desatseginagoa da gauean kanpoan egotea, orduan eta lasaiago daude hiriak, hilago ez esateagatik.

Inozentzia galdu du, publikotik ihesi joan da gaua, lau pareten artean ezkutatzera, belarrietan entzungailuak jarrita besaulkietan etzanda egotera. Gau giroaren amaieraren hasiera al da? Bukaera baten lehen zantzua?

Eta hala balitz, hori al da baimendu nahi den etorkizuna? Gau giroan immunitate agiriak eskatuko dituzte? Aldez aurretik sarrerak Interneten erostea, QR kodeekin funtzionatzea, dantzalekura sartzeko hiruzpalau ate dituzten kontrolak pasatzea? Agian bai. Sikiera etorkizun bat da, ezer baino hobea agian? Ahalegin desesperatua dirudi hala ere, oraindik salbatu daitekeen apur hori salbatzekoa. Izan ere, birusak gaua kolpatu du ahulen, zaurgarrien, den horretan: gizakien gertutasunerako desiran.

Estatua gauzain

Jende askorentzat gaua sinboloa eta mitoa da, kaosa, ametsen antzeztokia. Ozeanoak arrainez eta itsas munstroz beteta dauden bezala, mamuz eta deabruz beteta dago gaua.

Hasiera-hasieratik, baina, erreputazio oso txarra izan du. «Eta Jainkoak argia ikusi zuen…» esaten du Kreazioaren istorioak. Erdi Aroa «iluna» izan zen eta argia ekarri zuen Ilustrazioak jarraitu zion. 1882. urtean, Sigmund Schuckert Nurenbergeko elektrikariak aurrenekoz kale argiztapen iraunkorra sortu zuen arte, gau giroa arriskutsua zen Europan, bazterrekoa, gaizkile eta bekatarien eremua.

XVIII. mendeko agirietan agintzen zenez, «argirik gabeko garaietan eta ezohiko lekuetan dabilen guztia zorrotz zaindu behar da». Paradoxa da berdintsu egiten dela oraintxe bertan ere. Eta birusaren kontrako osasun irizpideei jarraiki, Estatua, berriz ere, gauzain bilakatu dela.

Zibilizazio urbanoaren oinarri

Neonezko argi gorriak edo argirik gabeko eremuak maite dituzten gautxorientzat beren buruaz apur bat ahazteko lekua da gaua. Iluntasunen, tabuen, mugen disolbagarri, intoxikazioen eta promesa sexualen nahasketa harrigarri bat da, artifizialki ekoiztea ia ezinezkoa den edabe oso kuriosoa. Ez baitago horretarako formularik.

Gaueko taberna, festa eta klubak leku bereziak dira, apartekoak. Transzenditzea bilatzen da bertan, ihes egitea, askapen eta estasi egoeratan sartzea. Historikoki, landa eremuko eta herrietako jende ugari erakarri dute hirietarantz. Gau giroa XVIII. mendetik hona ikaragarri garatu da Europako hiri handi gehienetan, eta zibilizazio urbano modernoaren fenomeno garrantzitsuenetako bat bilakatu da.

Gau giroaren sekretua neurrigabekeria eta ordenaren arteko orekan datza, arrazoizko kontrol bat duen espazio batean kontrolaren galera ahalbidetzean. Baina pandemia baten erdian hori nola egiten da? Nola funtzionatzen du?

Ez da gauza bera, jakina, aste bukaera osoa irauten duen festa bat edo ordu gutxikoa. Eta logikak dio festak baimenduak ez badaude, ilegaltasunera joko dutela. Parkeetan edo lokaletan egiten diren festen kontra jotzen badu poliziak, etxeetan egingo dira, eta ikuspuntu epidemiologiko batetik ikusita zalantza sortzen da, ez dirudi soluzio hobea.

Gaua, espazio terapeutikoa

Gizarte batek balbula kontrolatuak behar-beharrezkoak ditu, ezinbestean. Munduaren ulermen ia hidrauliko hori ongi ezagutzen dute gau giroaren negozioan diharduten arduradun eta profesionalek. Eta beste lege unibertsal bat ere bada: festa dagoen tokian iskanbila dago, egun argiz guztia txukun eta kontrolpean dagoela pentsatu arren, gauean eztanda egin dezake, handik edo hemendik. Ondo dakite hori edozein inauteri edo euskararen aldeko festa handien antolatzaileek, txosna batean gertatzen ez dena gerta daiteke, bat-batean, gaueko ordu txikietan, gaueko taberna zuloetan.

Bestalde, hiri baten osasunaren adierazgarria da. Gau giroa dagoen hirietan kultura aberastasuna egon ohi da, subkultura pila bat, beste tolerantzia edo atmosfera bat, samurtasun gehiago duena.

Eguneko 24 orduetan mozkortzeko edo dantzatzeko askatasuna sakratua izan da, bai Berlinen eta baita Amsterdamen ere. Londresen, Hanburgon, Europako hiri askotan. Hori dela eta, ez dira harritzekoak gau giroaren debekuen kontra hiriotan egin diren protestak eta bizi diren tentsioak.

Are, gau giroak ordezkaritza politikoa dauka, lobby oso potentea, aberastasun handia sortzen duen sektorea baita. Amsterdamek, esate baterako, «Gauaren alkatea» hautatu du, Londresek «Gauaren Tsar» bat dauka eta Berlinen, garai batean murrua izan zen bezala, gauaren bizitza frenetikoa, bere tekno festa eta arte adierazpenekin, hiriaren marka posizionamenduren oinarri nabarmena da, asteburuero antolaturiko hegaldi berezietan milaka eta milaka britainiar eta eskandinaviar erakartzen dituen fenomenoa.

Eta orain, zer? Festa egin musukoarekin? Kutsatzeen beldur zarela dantzatuz? Ezinezkoa dirudi. Gau giroaren negozioak neonezko argi gorriak alarma argi gorri egin ditu, egoera sei hilabetez luzatzen bada, argiak betirako itzaliko direla aurreratu du.

Zientzia, baina, ez da alarma horiekin larritzen. Ez du “errukirik” erakusten, eta normala ere bada. Beste logika bat dauka eta etengabe errepikatzen du koronabirusaren pandemiari aurre egiteko bi neurri direla bereziki eraginkorrak: musukoa janztea eta tabernak ixtea, bereziki drogak, rock-and-rolla eta sexua eskaintzen dituzten gau girokoak.

Horrek ez dauka soluzio errazik. Hori bai, osasun publikoaren hobe beharrez aitortu beharko litzateke gaua erotzeko espazio bat dela, izerditzekoa, garrasi egitekoa, finean, espazio terapeutikoa.