Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Interview
Amaia Uribe Astorkia
EiTB-ren berriemailea New Yorken

«Herrialde honetan bi mundu paralelo daude, sekulako zatiketa, nahiko tristea da»

Informatiboki frenetikoa izan da urtea. Pertsonalki gogorra, profesionalki sekulakoa. Trumpen ondareaz eta aurrera begirakoaz galdetu diogu.

Amaia Uribe Astorkia (Forua, Bizkaia, 1985) kazetariak AEBetako berriak eman dizkigu euskaldunoi telebista eta irrati publikoan. Bukatzear den urtea ezohikoa izan da, tentsioz beterikoa, informazio jario etengabekoa. Galtzaileak irabazlea aitortu ez duen hauteskunde lehiatua, koronabirusaren sarraskia, polizia basakeriak eta arrazismoaren kontrako matxinada, eta, batez ere, konbentzio denak urratu dituen eta errealitatea bera ukatu duen presidente baten purrustak. Trumpen agintaldiak herrialdeari ekarri dionaz, haren amaiera Trumpen amaiera izango al den, Joe Biden presidente berriaren aukera eta erronkez, horien guztien inguruan dihardu gure galderei, adeitsu eta prestu, erantzun dien berriemaileak.

Euskal Herritik begiratuta, Trumpen ondoren AEBak herrialde zatituagoa dirudi, munduan bakartuago, zorpetuagoa, aberastasun mailan ezberdinagoa, covid-19aren kolpearekin gaixoagoa ere bai, hitz batean, deliranteagoa. Donald Trump badoa, baina hark utzitakoa joango al da?

Ez, nik uste dut trumpismoa hemen dagoela beti. Kontuan hartu behar da inoiz baino boto gehiago jaso dituela, jendeak bozkatu dio, emaitza orokorrak ikusiz gero galdu egin du baina 2016an baino jende gehiagok bozkatu dio. Niretzat hori oso esanguratsua da kontuan hartuta zelakoak izan diren lau urte hauek. Zuk esan duzuna, Trumpek zatiketa handia eragin duelako, gorrotoa ere esango nuke, koronabirusaren kudeaketa desastre bat izan da eta horrek izan dituen ondorioak izan ditu, baina, hala ere, 2016. urtean baino milioika pertsona gehiagok bozkatu dute eta horiek ez dira joan, momentuz hemen daude eta Trump bera ere ari da 2024an aurkezteko asmoa duela esaten. Ikusi beharko da Alderdi Errepublikanoak zer egingo duen, utziko dion ala ez berriro lau urte barru bera hautagai izaten edo paretik kenduko duten, baina nik uste dut Trump bera eta haren familia, zeren hori familia politiko bat izan da, Trumpek botere asko izan du baina Ivanka bere alabak ere bai, Jared Kushner bere suhiak ere bai eta nik uste dut familia horrek, oraindik ere, politikan segitzeko asmoa duela eta oraindik zeresana ematen segituko dutela.

Aipatzen duzun errealitate hori, sortu den zatiketa, Trumpen orria agian pasatuko dela baina berak utzitakoa isotopo erradioaktibo bat bezala geratuko dela, ematen al da familia eta lagunartean? Bere aldekoak eta kontrakoak, esan al daiteke hiri, lantegi edo familia berekoak izan arren unibertso ezberdinetan bizi direla?

Bai, bai. Erabat. Orain momentuan errealitate paralelo bi daude eta jendeak sinesten du bere hautagaiak aurkezten dion errealitate horretan. Gai guztietan gertatzen da, eduki ditugu negazionistak, koronabirusa serio hartu dutenak; azkenean zatiketa hori hor ikusten da, mundua ezberdin ikusten dute, herrialde honetan bi mundu ezberdin daude eta badakit familia askotan elkar berba egiteari utzi diotela politika kontuengatik, lankideen artean kristoren eztabaidak egon dira, azkenean haserre handia dagoelako gizartean. Bi aldeak daude oso haserretuta, bakoitzak bere aldearena soilik ikusten du. Nik uste dut herrialde hau inoiz ez dela egon hain zatituta. Eta bada herrialde bat non beti egon diren aberatsak eta pobreak, eta arraza ezberdinetako jendea, baina orain dagoen zatiketa hau sekula ez da ikusi eta kalean argi eta garbi sumatzen da. Momentu honetan ikusten dudana nahiko tristea da, bai.

Berriemaile bezala ez dakit zuri, baina niri AEBetako politikaren inguruan bikoitza den sentimendu bat sortzen zait. Alde batetik erakargarria da, beti daude berriak eta berritasunak, ziurrenik ez zara nekatuko, baina, bestalde, lotsagarria ere bada, munduko herrialderik boteretsuena horrela ikustea, hauteskunde tranpatiak izan direla, koronabirusari aurre egiteko zainetatik lixiba sartu behar dela...

Nik uste hori dena Trumpek eragin duela. Alde batetik, hemen, bai politika eta bai lana espektakulu bat dira eta oso ondo dakite hori egiten. Badakite nola egin erakargarri eta hauteskundeak adibidez, nola bilakatu show bat. Horretan onak dira, badakite zelan egin, bai. Baina gero Trumpekin uste dut ez garela jada harritzen, heldu dela momentu bat lehen sinestezina izango zen gauza batek ez zaituela harritzen, hainbeste gauza egin ditu gizon horrek eta dena bere estilora, diplomazia, protokolo, lege denen kontra, nahi duena nahi duen momentuan egin du eta horrek hasieran bai harritzen zaitu baina iristen da momentu bat esaten duzula, «eta orain hau, eta orain beste hura», harridurarik gabe. Baina haren jarraitzaileak ez dira larritzen, kontrakoa, harekin harro daude, babesten dute. Galdetzen diezunean, zergatik bozkatzen duzue Trump? «Agintzen duena egiten duelako» erantzuten dizute, jendea berarekin dago erabat, haren mitinetan-eta giroa bere alde dago erabat, idolo bat da.

Presidente berria Biden da. Bere hanka sartzeak ezagunak dira, balbea daukala, orain semearen kontra ikerketa judiziala, daukan adina dauka. Trantsizioko presidente bat izango al da, bere agintaldian ezegonkortasuna nagusituko al da?

Berak hori esan zuen: «Ni trantsizioko presidentea izango naiz». Esan zuen bere asmoa zela bakarrik agintaldi bat egotea boterean, hasieratik hori esan zuen. Kontua da 2016. urtean hemen kristoren zatiketa egon zela Alderdi Demokrataren barruan eta asko ez zirela joan Hillary Clinton bozkatzera. Orain, kristoren lana egin da alderditik sentsibilitate denak batu eta Trumpen kontra joateko. Hori errepikatzen zuten: «Hauteskunde hauek dira denok Trumpen kontra joateko eta gure lehentasuna da Trump kentzea». Bernie Sanders bera ere, bere primarioetako lasterketa amaitu zenean, bota zutenean, zangotrabatu zutenean, deitu nahi duzun bezala, atera zen esaten Bidenen alde egingo zuela. Saiatu ziren alderdia batzen Trump kanporatzeko. Orain Trump boteretik kenduta, orain etorriko da kontua, Alderdi Demokrataren barruan zer pentsatu asko daukatelako. Adibidez, hor badago belaunaldi bat, sentsibilitate ezberdina daukana, adibidez Alexandria Ocasio-Cortez eta beste batzuk, esaten dutenak alderdi barruan aldaketa batzuk egon behar direla. Demokratek orain lan bikoitza daukate: Trumpen politikak atzera bota eta eurek nahi duten norabidetik eraman herrialdea, baina alderdi barruan ere lan asko daukate egiteko zeren hau izan da denok batu direla hauteskunde batean, baina hurrengo batean ez da agian berriz gertatuko. Hor lan handia daukate: etorkizuneko liderrak zein izango diren pentsatu, politika ezkertiarragoak asmatu, ze hautesleen artean badago norabide aldaketa eta hori ere kontuan hartu beharko dute.

Beraz, nahiko lan herrialdearen zauriak sendatzen, Trumpen gehiegikeriak konpontzen, baina dezenteko lana edukiko du etxe barruan ere, bere agenda martxan jartzeko nahiko komeria, ezta?

Bai, bi lan horiek izango ditu, bai. Zauriak sendatu, Trumpek egindakoak konpondu eta alderdi barruan aldaketa politikoak lagundu. Berak asko azpimarratzen du Obamaren presidenteordea izan dela, Obamaren politikekin bat datorrela, baina nik uste dut gauza batzuk aldatu egin beharko dituela benetan nahi badute lau urte barru Alderdi Demokrata berriro boterean egotea. Bestetik, begi denak egongo dira Kamala Harrisengan ipinita, zeren hemen asko esaten da bera izango dela lau urte barru presidentetzara aurkeztuko dena, Bidenek lau urte barru 82 urte izango ditu, esan du ez dela aurkeztuko eta nik uste dut Kamala Harris izango dela presidenteorde bat botere asko edukiko duena, erabaki asko hartuko dituena, begirada asko egongo dira harengan jarrita, bera izan daitekeelako lau urte barru hautagaia.

Azken galdera. 2021. urtean euskaldunei AEBetako zer berri ematen imajinatzen duzu zeure burua?

Lehenengo eta behin, inbestidura saioa emango dugu, Joe Bidenek boterea hartu duelako berrespena izango baita. Informatuko dugu zer neurri hartuko dituen, zein agindu sinatuko dituen Trumpen politikak atzera botatzeko, hala nola Parisko klimaren akordiora itzultzea eta horrelako kontu asko. Eta, gero, espero dut hemendik denbora gutxira eman ahal izatea albistea hau: normaltasuna iritsi dela AEBetara, pandemia kontrolpean dagoela, azken urtekoak baino apur bat berri positiboagoak ematea. Urte hau gogorra izan da, profesionalki kristoren urtea, baina pertsonalki gogorra, zeren azkenean egunero hildakoen zenbakiak emateak norbera ere nahiko tristatzen baitu. Orduan, espero dut laster ematea berri hori, zeren positiboa izango da denontzat.