Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Politika sentitzeaz

Badira pentsamendu politikoak sentitu egiten direnak. Zenbaitek, askok, politika arrazoiaren eremua bezala imajinatuko dute. Akordioak, kudeaketa, planak, zuzenketak… Baina zer da politika ez bada gure gorputzetan sentitzen duguna adieraztea eta hori foro publikora eramatea? Neska gazte batek etxera berandu doanean duen ezinegona. Lan baldintza kaskarrekin akituta bizkarrean jasanezineko mina duen gurasoa alabaren bila euripean doan bitartean. Atzoko entregatu behar zuen dokumentua bukatzen ari denaren zigarro urduria. Argiaren faktura ikusteko beldurrez aurrezki kutxako emaila ireki nahi ez duenaren izerdi hotza. Telebista publikoan euskara enegarrenez baserritar estereotipatuen jolas bihurtua ikustean sentitzen den amorrua. Auzoko okindegia itxi behar izan duenaren tristezia pertsiana azken aldiz jaistean.

Ez dira bi gauza isolatu, sentipena eta pentsamendua. Bata bestearekin lotuak doaz beti eta kontrakoa dioena boterean eta pozik daudenentzat lanean ari da, baiki. Urte luzeetan, euskal herrian iraultza egiten saiatu diren horiek milaka eta milaka pertsonaren sentipenari erantzun diote. Garai batez, epika handiarekin. Baina zer nahi duzue, bada. Gerra Hotza, apartheida, intifada, sandinismoa… Mundua eta iraultza, bat ziren. Ez zen lau zororen ideia fanatikoa inondik ere. Garai historikoak ziren, letra larriz. Eta ordukoaren azken uhinak sentitzera iritsi garenok, milaka eta milaka, berriz atera ginen izotz eta elur artean, aurreko larunbatean, gehiago luzatu ezin den zigorrari bukaera emateko exijitzera. Badirudi orain urte batzuk arte sentitzen zen berotasuna, irribarre konplize hura, modu xumean ukabila gogortze hura hortzak ezpainaren kontra jarriz, ez dela orain horrenbestekoa. Gaztetxoek gutxi ezagutu dute eta zaharragoek, ximurrak begietan, nekatuta dirudite, irribarre hura galdu ez duten arren.

Badira inoiz botereari kontra egin ez diotenak, beren besaulkietatik beste epika bat imajinatu dutenak. Euskal nazionalista biolentoei aurre egin omen zion gizartearen epika asmatu dutenak eta Gasteizen museoa ere eraiki diotenak. Ez dugu hemen sufrimendua balantza batean ezarriko, inori ez diogu esango sufritu ez duenik. Oso, oso argi eduki behar dugu aita, anaia edo alaba atentatu batean galdu zuenaren sufrimendua atzera ezinezkoa dela. Dolua eta pena gogorrak direla eta gertatu ez balira, hobe. Aldi berean, jakin behar dugu hemen gerra iraultzaile bat egon zela eta euskal militanteek hura argi ulertu zuten bezala, espainiar gobernuek ere berdin erantzun zutela. Gerrarekin.

Epiketatik urruti eta sentipenen adierazpen zintzo eta xume batetik hurbil, aurrekoan “Caminho Longe” ikusteko aukera izan nuen. Kristiane Etxaluzen eta Alfonso Etxegarairen bidaia, deportaziotik Euskal Herrira itzulera, kontatzen duen filma. Begirada tristea izan arren, ez dago abaildurarik. Hitz egiteko eta konprenitzeko beharra baizik. Elkarrizketak abiatzea katedra ezarri beharrean, besteari, gerrako beste aldean zeudenei, gezurti eta manipulatzaile deitu beharrik gabe. Alfonsoren eta Kristianeren hitzetan goxotasuna da topatu dudana, aurreko hamarkada haietako epikaren oihartzunak. Berandu baino goizago iraultzarako aukerak sortzen ditugunean beharko dugun eta hurrengo belaunaldiek beharko duten oroimenaren kimua. •