Gorka Elejabarrieta

«Caucus»

Norbere buruari mugak jartzen dizkiogu maiz. Norbanakoek eta kolektiboek, mugimendu politikoek ere bai. Nahigabe batzuetan, nahita besteetan. Batzuetan marra gorriak zehaztea errazagoa omen da, taldea kohesionatu eta indartu egiten dute. Baina, era berean, urteetan lagundu zaituzten marra gorri horiek berberak arazo bilakatu daitezke aldaketa beharra suertatzen denean. Ezer ez da betiko, E eguna existitzen ez den bezala. Nelson Mandelak zioen mendi tontorrera iristean igo beharreko beste mendi tontor mordo bat ikusten direla. Eta arrazoia zuen. Bidea dela garrantzitsuena azpimarratzen du beti Pepe Mujicak.

Era berean, norabidea zehaztu gabe zaila da helmugara iristea, bidean galdu zaitezke edo despistatu eta zure helburuetara hurbildu beharrean horietatik urrundu. Nire ustez, ez dago formula magikorik politikagintzan. Eguneroko erabakiak eta begirada luzekoak, biak ala biak dira garrantzitsuak.

Hauteskunde katalanak datoz eta independentismoaren baitan borroka elektoralari estrategiaren inguruko lehia gehitu zaio. Garrantzitsua da jarraitu beharreko bidearen inguruan nolabaiteko adostasuna egotea, bestela oso zaila baita elkarrekin aurrera egitea. Norabide adostu gabeak pauso bakoitza eztabaida bilakatzeko arriskua sortzen du, bidea kohesiorako tresna izan beharrean elkar urruntzeko arrazoi bihurtu baitaiteke. Eta horrela ezinezkoa da helmugara iristea.

Irlandako bake prozesuak erabilitako eztabaida metodologian, gatazka muino nagusiak identifikatu eta bakoitzaren inguruan lantalde bat jarri zuten lanean, adostasuna, konponbidea bilatzeko xedearekin, baina premisa batekin: muin guztiak adostuak egon arte guneetako bakoitzean lorturikoak inolako baliorik ez zuela azpimarratuz. Dena adosten dugu ala ez dugu ezer adosten. Irlandan funtzionatu zuen formulak, baina ez da modu bakarra, eta hau ulertzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Batzuetan Kataluniara begiratzen dudanean iruditzen zait eztabaida izugarria dagoela azken pausoa nolakoa izango den: adostua, aldebakarrekoa, beste erreferendum baten ondoren, erreferendumik gabe…. Eta eztabaida horrek bere garrantzia izan dezake, badu, baina eztabaida hori ezin da betikotu bidea eta helburua zapuzteraino. Ez zait iruditzen, kanpotik eta errespetu osoarekin diot, guztiz beharrezkoa denik hori orain argitzea.

Gure ingurura begiratzen badugu, Europan independentziarako bidean aurrera doazen estaturik gabeko herrien bideak aztertzen baditugu berehala konturatuko gara bide bakoitza, prozesu bakoitza bakarra dela, eta bide diferente askotatik iritsi daitekeela helburu berdinera. Faroe uharteak, Irlandako Iparraldea, Flandes, Eskozia… Oso bide diferenteak egiten ari dira, oso prozesu ezberdinak dira. Aldi berean, argi dago prozesu horiek guztiek gauza asko partekatzen dituztela eta elkar elikatu, indartu eta ahuldu egiten dutela. Influentzia hau askoz nabariagoa da estatu beraren azpian dauden estaturik gabeko herrien artean. Eskoziak Irlandako Iparraldea elikatzen du eta alderantziz. Faroe eta Groenlandia arteko harremana eta elkarlana Kopenhageren helburu unionistak ahuldu egiten dituen modu berean.

Gaur egun elkarlanak inoiz baino garrantzi handiagoa dauka. Estatuaren eta Europaren aurrean elkarrekin jardun eta norbere aspirazio nazionaletarako arau, bide demokratiko parekoen alde elkarrekin lan egitea guztion onerako da, bakoitzaren aukerak biderkatzen ditu. Horregatik guztiagatik aste honetan Europako Parlamentuan aurkeztu den estaturik gabeko herrietako europar diputatuen caucusak berebiziko garrantzia dauka, izango du. Ongi etorria. 2006ko urtarrilean Europako Parlamentuan Euskal Herriko gatazkaren konponbidea bultzatzeko eta bide horretan Europaren eta nazioartearen parte-hartzea sustatzeko helburu zuen Friendshipa sortu zen. Geroztik eta oraindik ere hamaika ekimen bultzatu eta modu ezinbestekoan lagundu du eta laguntzen jarraitzen du bide horretan. Friendship hitza gure hiztegira gehitu genuen pixkanaka, eta susmoa daukat caucus hitzarekin antzeko zeozer gertatuko zaigula. •