Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Dirudunen etxeak

Etxe eraberritzean inbestitzeko diru zorro oparoa izango bazenu, nolako espazio eraketa egingo zenuke? Edo beste modu batean planteatuta, zein da zure ametsetako etxea? “Loteria tokatuko balitzaizuke” galdera klaseen zalea ez naizen arren, ametsetako etxearen gaineko galdeketa batek antropologia arkitektonikoari buruzko azterketa interesgarria ekarriko lukeela uste dut, gizarte batentzat etxearen arkitekturan garrantzitsua zer den identifikatzeko, eta emaitzak kultura baten luxuaren definizio bat ekar lezake adibidez. Arroparentzat jantzigela izatea, etxean kirola egiteko espazio bat izatea, lorategi-negutegi bat etxeari itsatsita izatea beroketa pasibo gisa erabiltzeko, telebista erraldoi batentzako pareta luze bat izatea, argi naturalez zipriztindutako bainuontzia izatea, ilargia begiratzeko ohe bat izatea...

Eta diruaren larritasunik ez dutenek, zer-nolako etxe arkitektura egiten dute? Pertsona aberatsen etxeak nolakoak diren jakiteak kuriositatea pizten duela agerikoa da, eta jakin-min honen izaerak badu txutxu-mutxuen tankerarik; ez da kasualitatea “Hola!” aldizkari arrosan hainbat orrialde eskaintzea dirudunen etxeen erreportajeei. Aitortzen dut, aldizkari hau ikuskatzen dut; aldizkarian agertzen diren dirudunen etxeek dituzten ezaugarri amankomunak identifikatzeko adina aldiz izan dut aldizkaria esku artean. Dirudunen etxe horiek handiak, handiegiak dira; “zenbat diru, hainbat logela” logikari jarraituko baliote bezala. Eta arkitektura gutxiko etxebizitzak izan ohi dira, espazioen aberastasun eskasekoak. Etxea handikeriaren eta kanporanzko begiradaren menpe izatean, ez dago arkitekturarentzako lekurik. Gelak artelanez beterik agertzen dira, museogintza ariketa ematen dute, barne diseinuko lana izan beharrean. Aurki genezake lotura bat etxeon izaeraren eta aldizkariko pertsonaiaren eta publizitatearen artean; denak badu koherentzia bat.

Badira bestelako dirudunen etxeak. Arkitektoen zigilua dutenak eta arkitektura diziplinako aldizkarietan argitaratuak ikus daitezkeenak horietariko asko. Honelakoxeak dira: espazioaren abstraktutasuna marrazten duten hormigoi pulituzko zoru eta paretak, egur noblezko zoruak eta sabai faltsuak, leihate handiak paisaia isil bati begira, vitra markako altzariak ongi kokatuta han-hemenka (arkitekto-diseinatzaileek ekoitzitako patente marka). Etxe hauek txikiak izan ohi ez diren arren, ezohiko egiten dituena ez da hainbeste azalera handitasuna, materialen kalitatea, esku-lana eta elementu espazialen gaineko pentsamendua eta etxea kokatzen deneko lursaila baizik.

Dirudunen etxeen arkitektura honek klase sozial bat irudikatzen du, zeinak arkitektoa eta aberatsak lotzen dituen. Ez da kasualitatea, etxe hauek diseinatzeko aukera duten arkitekto asko goi klasekoak izatea. Horrek ez du esan nahi ametsetako arkitektura duen etxe bat eraikitzea goi klaseko dirudun eta goi klaseko arkitektoen esku dagoenik soilik. Baina arkitektura diziplinak historikoki izan duen goi klasearekiko lotura intimo eta estuagatik, harreman horren taupada arkitekturaren humusean bizirik dagoela esan nahi da. •