Koldo Sagasti

Etorkizuneko igarpenak

Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta patua bitxia da oso. Duela urtebete esan baligute orain zertan ari garen eta nola gauden, nekez sinistuko genukeen. Okurritzen zait atzera hilabete batzuk egin nahiko nituzkeela orduko neure niari aholku batzuk emateko. Urtebetez atzerako bidaia egin eta egun bakoitzari azkena balitz bezala zukua ateratzeko gomendatuko nioke neure buruari, bizitzaz gozatzeko. Esango nioke, zer gerta ere, mendi garaiak igotzeko; bidaia luzeak egiteko; ilargi argitan biluzik bainatzeko; lagunekin geratu, itzelezko parrandak egin eta bizitza jokoan balego bezala egunsentira arte dantzatzeko; abentura kilikagarriak bizitzeko... eta besarkatzeko, eman gabeko besarkada bat bera ere alferrik pasatzen ez uzteko.

Izan ere, duela urtebeteko neure buruari esan izan banio hilabete batzuk geroago denok gau eta egun mozala jantzita ibili beharko genuela; konfinamendua, etxeratze agindua, eta gisa horretako terminologia belikoa gure seme-alabek egunerokoan naturaltasun osoz erabili beharko zutela; buruan mapatxe baten gorpua zeramatela zoro talde batek Washingtongo Kapitolioa mendean hartu behar zuela, eta matxinoen artean Baskoniako jokalari ohi bat izango zela; edota sei lagun etxera gonbidatu ez baina azalera handiko saltoki batean sei milarekin elkartu gintezkeela... erotzat hartuko nukeen etorkizuneko bidaiari igarle hori.

Baina duela urtebete bezala, orain ere ezin dugu iragarri patu bihurriak zer ekarriko digun. Nolanahi ere, iragarri ez baina susmatu bai, susma dezakegu gero hurbilak dakarkiguna. Ez nuke giroa gehiago gaiztotu nahi, baina Eusko Jaurlaritzak istiluen aurkako poliziarentzako furgoi blindatuetan lau milioi euro gastatu berri izana ez da etorkizuneko adierazgarri ona. •