Nerea Goti
HITZKETA, ERAKUSLEIHOA

Haurrentzako baliabideak bildu eta eskura jarri, euskal kulturaren kontsumoa pizteko

Haurrentzako liburuak, olerkiak, kantak, bideoak, ipuinak, asmakizunak... bildu eta horietako batzuen lanketa didaktikoak egin eta erabiltzaileentzat eskuragarri jarri ditu gazte talde batek HitzKeta webgunean. Proposamen berrientzako ateak zabalik, euskal kulturaren transmisioari bultzada eman nahi dio proiektu gazteak.

Pasa den urteko martxoko konfinamendu gogorreko egun haietan esteka ugari partekatzen ziren –gurasoen Whatsapp taldeetan, batez ere– ipuinak doan jaisteko webguneetara heltzeko, bideoak ikusteko edo bisita birtualak eta bestelako jarduerak egiteko... Egun luze haietan etxeko txikiak entretenitzeko proposamen ezberdinen bila zebilen familia asko, aisialdia betetzeko aukerak esploratzeko eta eskolatik agindutako lanei erantzuteko, batzuetan. Neurri handi batean behar horrekin lotuta dago HitzKeta webgunearen ibilbidea. Izan ere, haurrentzako euskarazko eduki ezberdinak biltzen dituen Interneteko atariak 2018an sortu ondoren bi urte inguruko geldialdia izan zuen eta, konfinamendua heltzearekin, proiektua elikatzeko beharra sentitu zuten egileek, hain zuzen ere, edukien bila ibil zitezkeen familia horiei haurrentzako baliabide ezberdinak emateko asmoz.

Bilatzailean «HitzKeta.eus» idatzi eta, klik batean, «Ongi etorri haurrentzako euskal abesti, olerki eta liburu bildumara» dio erabiltzaileari harrera egiten dion mezuetako batek. “Bildumak” izeneko atalean sakatuta, liburuak, olerkiak eta abestiak biltzen dituzten leiho ezberdinak daude eta, horietako bakoitzean, edukiaren ezaugarrien eta formatuen araberako sailkapenak, bilaketa errazteko.

HitzKeta ez da, halere, liburu, olerki eta kanten erakusleiho digitala soilik, materialen erabilera didaktikoa egiteko proposamenak ere baditu-eta.

Webgunea Naroa Mendizabal Sandonisek, Miren Puertas Abaunzak, Maddi Murgiondo Moiuak eta Aritz Mujika Lasak sortu zuten Haur Hezkuntza graduko azken urtean.

Baliabideen gabezia

Naroa Mendizabalek azaldu duenez, laurek zuten euskara eta euskal kulturaren transmisioaren inguruko interesa. Horrekin batera, ikaskuntzan zehar eginiko praktiketan eskolan euskara eta euskal kultura lantzeko baliabideei dagokienez gabezia handia zegoela ikusi zuten. «Hutsune hori betetzeko asmoz musikan eta literaturan zentratutako proiektu bat pentsatu genuen, azken batean, Haur Hezkuntzako etapan literaturak eta musikak garrantzi handia dutelako», zehaztu du Mendizabalek.

Abiapuntu horiekin webguneari forma ematen hasi ziren, sarean dauden lan ezberdinak bilduz, eskuragarriago egiteko. Liburuen kasuan, Mendizabalek azaldu du ikasketetan proposatutako liburuak bildu zituztela, horien gaineko informazioa jada bazutelako, eta olerki eta abestiei dagokienez, Internet arakatzen joan dira, atal ezberdinak osatzeko.

Igo beharreko materiala hautatzeko irizpideak zehaztu zituzten: «Material egokia izatea, ondo idatzita egotea, egitura bat izatea, Haur Hezkuntzako haurren adinari egokitutakoa izatea...».

Horrela jaio zen HitzKeta eta etenaldi moduko bat izan zuen bolada batean, covid-19ak eragindako osasun krisialdiak haurrak eta familiak etxean sartuta egotera behartu zituen arte.

Mendizabalek onartzen du sumatu zutela «une berezia» zela eta egoera ezezagun horretan euskal kulturak erreferentzialtasuna gal zezakeela etxe askotan kanpoko kultura produkzio handien ondoan. Horregatik, webguneari indarra emateak helburu bikoitza zuen: euskal kultura familien eskuetan jartzea eta horren transmisioari eta euskarari bultzada ematea, bizi duen une delikatu honetan.

«Gehienbat ohartu ginen familia euskaldunen kasuan euskara edo euskal kulturaren kontsumoa ziurtatuta egon zitekeela, baina familia erdaldunen kasuan agian euskal kultura kontsumitu nahi baina baliabideak ez zituztela eskuragarri, euskara eta euskal kultura hain isilpean daudelako edo hain eskuragarri ez daudelako; horri bultzada eman nahi genion», gogora ekarri du Mendizabalek.

Gaineratu duenez, webgunea euskaraz eta gaztelaniaz erabiltzeko prestatuta dago arrazoi horrexegatik: «Ez dugu nahi material horren kontsumoa euskaldunetara mugatzea, baizik eta familia erdaldunek euren haurrekin euskal kultura kontsumitzeko aukera izatea, kontsumo hori errazteko».

Madril eta Uruguaiko bisitariak

Webgunearen bisitariek zer profil duten ba ote dakiten galdetu die Gaur8k HitzKetaren egileei, eta ideiaren bat egiteko moduko datuak badituztela erantzun dute. Hasteko, adinari dagokionez, gehien-gehien 30 eta 40 urte ingurukoak sartzen direla aipatu dute. «Guk uste dugu gurasoak eta irakasleak direla sartzen direnak». Harrigarriena zera da, ordea, bisitari horien jatorriari buruzko informazioa. Mendizabalek azaldu digunez, Euskal Herri osoko erabiltzaileak daude, baita kanpokoak ere: «Ikusi dugu jendea sartzen dela Madriletik, Kataluniatik eta Valentziatik, baita Ameriketako Estatu Batuetatik eta Uruguaitik ere».

Bere eskaintza etengabe osatzen ari da HitzKeta proiektua eta, egileek diotenez, jendearen ekarpenekin hazten jarraitzeko bokazioa du. Hain zuzen ere, proposamenak jasotzeko atala zabaldu dute.

Leiho horren bidez, bildumetan jasota ez dauden liburu, olerki edo abestien berri emateko aukera dago, baita lan horiekin gauzatu daitezkeen jardueren proposamenak egiteko ere, edo bitxikeriak edo informazio gehigarria jakinarazteko. «Egia esan, oso harrera ona izan du, proposamenetako bat ‘Hamaika kantatzeko’ Urko Calderonen proiektua izan da; gurekin jarri zen harremanetan proiektu aproposa izan zitekeelakoan; Isabel Agirresarobek ipuin kontaketa bat eskaini zigun; Amaia Zurutuzak bere gradu amaierako lana eta haurrentzako poesia ikasgelan txertatzeko jarduera sortzen duen proposamena... ikusi dugu jendeak badaukala interesa eta prest dagoela ekarpenak egiteko», dio Mendizabalek.

Proiektuaren bokazioa horixe dela nabarmendu du, jendeak egiten dituen lanak argitara ematea eta publikoaren eskuetan material eta eduki gehiago jartzea. Erabilera didaktikoari dagokionez, feed-back-a egin egin dute, baina oraingoz ez dute praktikan jarri izanaren inguruko iritzirik, baina proposamena hor dago, mundu guztiarentzat eskuragarri.