Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Kutsadazu

Banakako eta taldeko helburua kutsatua ez izatea bilakatu den honetan, Marina Garces filosofo kataluniarrak batak bestea kutsatzea proposatu zigun azken Feministaldian, zehazki pentsamenaren bidez eragiten den kutsadura baliatuz. Izan ere, pentsamena, bere horretan, kutsatzeko modu bat da, beste hitz, ideia eta gorputz batzuez kutsatzea, alegia. Bestalde, Nietzscheren esanetan, pentsamendu oro gaixotasun osasungarri mota bat da, osasuna eta gaixotasuna parez pare egon baino gehiago, batetik bestera igarotzen den geografia bat, zeinetan arauari egokitzen dena zalantzan jartzeko gai garen.

Pentsalariekin topo egiten dugunean zorioneko kutsadurak gerta dakizkiguke. Beraz, zalantzazko kutsaduraren eszena honetatik arrapaladan mugitzen garen bitartean, badagokigu ere hausnartzea zer kutsatze-pentsameni ireki nahi diogun gure burua, eta zer kutsatze mota eragin nahi ditugun gure egunerokoan. Hortik ere ondoriozta daiteke bizitzeko, bizitza bere osotasunean dastatzeko, haragitzeko, mamitzeko, izateko, orotariko kutsadurak behar-beharrezkoak ditugula. Topaketa horiek bizitzarako arnasgune izan dira hainbatetan, Simone de Beauvoir, Kate Millet, Angela Davis, Judith Butler… Baina akaso ere, horiekin batera, ulergaitz egiten zaizkigun beste lurralde horiekiko jakin-min handiagoa erakutsi beharko genukeen. Garcesen hitzetan, «ezagutzea ez da mundua (edo haren edozein dimentsio) menderatzen duen begirada bat eraikitzea, arrotzarekiko abegikortasunaren artea garatzea baizik. Gehien dakiena da arrotza, kezkagarria, disonantea zaionari gehien ireki daitekeena».

Gure munduan, baina, ez da hori kontu erraza. Hor gabiltza, esaterako, sare sozialen dinamikak bultzatuta gure errei ideologikoan, mugaren bestaldean sakontzeko gogorik gabe, iraintzeko edo hitz zakarrak botatzeko ez bada. Hori ez da alboko efekturik kaltegarriena, ordea. Polarizazioa zabaldu da sareko gudu-eremuan, eta bereziki negargarria da nola eskuin-muturrak kutsatu dituen “argudiatzeko” manerak espektro ideologiko osoan. Kasurako, azken garaiotan ikusten ari gara feministen hartu-emanetan. Nola da posible sistema bera goitik bera kuestionatzen dutenen artean arerioen arma sasidiskurtsiboak erabiltzea? Edo patriarkatuak emakumeak gutxitzeko erabiltzen dituen lengoaia eta jarrera etiko/estetiko berberekin elkarri erasotzea: bestearen ukazioa, irainak argudioen aurretik jartzea, balizko feminismo karnetak erakustea odol-garbitasun estatutuak bailiran.

Izan ere, betidanik egon dira eztabaidak feminismoaren baitan, eta horrek aberastu egin du mugimendua. Ez dugu zertan beti gauza guztietan ados egon, bizitzak berak gatazka dakar; baina elkar kutsatu behar dugu, besteen argudioak kontuan hartu behar ditugu, feminismoen eta feministen arteko aliantzak ezartzen ez badira beti patriarkatua gailenduko baita. •