Nerea Goti
Interview
ELI PAGOLA
Naiz Irratiko «Gelditu makinak» saioko gidaria

«Klimaren auzia ikuspegi orokorretik landu nahi dugu»

Astelehenero, aditu, ekintzaile eta «aktibatu» ezberdinei ahotsa ematen die Naiz Irratian, planetaren egoeraren erradiografia osatzen joateko. Dioenez, jakin behar da zeren aurrean gauden eta «horri aurre egin ahal izateko modu justu batean erantzuteko tresnak garatu».

Bertsolaria, «ekologian interesatua» eta Energia Berriztagarrietan ingeniaria da Eli Pagola, eta Energia Kudeaketan masterra du. Orain Naiz Irratiaren mikrofonoen aurrean duen beste erronka horretaz hitz egin dio Gaur8ri.

Zeri erreparatzen dio «Gelditu makinak» saioak?

Panoramaren argazki orokor bat egin nahi du. Ulertzen dugu azkenengo urteetan krisi klimatikoak edo aldaketa klimatikoak hartu duela oihartzunik handiena, baina hori ez da arazo bakarra, arazoa ekologikoki zabalagoa da eta arazo soziala ere bada. Horren adierazlea da azken pandemia hau, baita gerora etor litezkeenak ere. Saioak bilatzen duena da auziari ikuspegi orokorrago batetik begiratzea eta horretarako baliatu dira adituak, ekintzaile eta aktibatu txiki asko.

Ez dago gaiari eskainitako espazio asko.

Agian ez hainbeste, eta futbolak jaten du dena, nolabait esan; baina gero ikertzaile, ikerketa eta gaian aditu asko dago, eta asko dago Euskal Herrian bertan ere. Gaiarekiko kezka daukan jende formatu pila bat dago. Gero agian ez da lortzen behar bezala edo nahiko genukeen bezala transmititzea eta gizarteak bere egitea.

Kontzientzia pizteko tresna izan nahi du?

Asmoa hori da. Egia da guk dauzkagun asmoak zerrendatzen badituzu oso anbiziotsuak direla eta zaila dela horraino iristea. Jendearengan eragitea asmo handia da eta lortu daiteke neurri askotan eta proportzio ezberdinetan. Egia da, eta adituen hitzak dira, informatzea ondo dagoela baina ezin garela informatze horretan geratu, lortu behar dugula panorama hau gure egitea, aktibazioa lortu beharko genukeela. Hori nola egiten den? Inork ez dauka formula magikorik, ekinean jarraitzea besterik ez da geratzen.

Bestalde, hainbat adituk esan digute kontzientzia piztu behar dela baina larritasun gehiegirik gabe. Alegia, askotan, “krisi” bezalako hitzak erabiltzean, pixka bat mezu apokaliptiko bat zabaltzeko arriskua, aukera dagoela. Egia da gertatu dena larria izan dela, baina honek soluziorik ez daukala eta hobe dugula bertan behera uztea sentitzeko arriskua dago. Aldiz, zera aldarrikatzen dute, informazioa eduki behar dela, jakin behar dela zeren aurrean gauden horri aurre egin ahal izateko tresnak lortzeko, eta horri modu jasangarri batean, modu justu batean erantzuteko tresnak garatuz.

Uste dut, eta hau nire iritzi propioa da, irratiak laguntzen duela horretan. Irudi bidezko informazioa jasotzen dugunean, irudiak oso bortitzak izan daitezke, eta horrek askotan hitzari lekua kentzen dio. Gauza batzuetarako baliagarria izan daiteke, batzuetan hala beharko du, irratia hankamotz geratuko da irudirik gabe, baina beste hainbatetan ahotsa bakarrik edukitzeak laguntzen dio diskurtsoa zentratzeari eta pisu gehiago hartzen du kontatutakoak. Gai hauetan uste dut horrek mesede egiten diola, nahiz eta gero osagarri bezala bestelako informazioa –kasu honetan bisuala– ere ondo letorkiokeen; baina igual lehenengo kontakturako mezu apokaliptikoa ez den batean lagun dezake irratiak.

Nori eman nahi dio ahotsa irratsaioak?

Esango nuke bi pertsona motari eman nahi zaiola ahotsa: batetik ikertzaile edo aditu talde bati, dibulgazio lana egin dezan, gaian aditua den norbaiten hitzak ekarri nahi dira; eta beste alde batetik, baita panorama zein den kontuan hartuta, bere egunerokotasunean eragiten saiatzen ari den norbanakoari edo ekintzaile taldeari. Alegia, bat izango litzateke ikerketa mundutik datorren baten bat edo gaian aditua dena eta mezu teoriko-politikoago bat emango lukeena, eta beste bat izango litzateke lanbidetzat hartu duena edo proiektu zehatzagoak aurkeztea, testuinguru horren barruan zer egin daitekeen edo jendea zertan dabilen plazaratzeko asmoz.

Klima aldaketaren aurkako borrokak protagonismo handia hartu zuen, gero pandemia heldu zen. Uste duzu krisialdi honek balioko duela gauzak aldatzen hasteko?

Horrela izateko esperantza daukat. Covid-19a ez da lehenengo ebidentzia, honen aurretik izan ditugu beste hainbat erakusle. Orain urtebete Zaldibarko auzia gertatu zen, eta hori ere bada arazo ekosozial baten adierazle, eta atzera joan gaitezke, atzera oso luzera. Esperantza daukat hau bortitzagoa den edo behintzat norbanakoei askoz zuzenago eragiten dien momentuan agian sentsibilizazio gehiago lortu ahal dugula, baina memoriak oroitarazten dit ebidentzia gehiago izan ditugula eta ez nuke esango bereziki aldatu garenik gizarte mailan. Gero, norbanako aldetik eta taldeka jende asko dago inbolukratuta, lanean ari dena oso gauza interesgarriak plazaratzen, baina argazki orokorrean denak jarriko bagina... Beste kontu bat kontuz hartu beharrekoa da orain saltzen den kapitalismo berdea, diskurtso ekologista bereganatu eta bestelako helburu batzuk betetzeko erabiltzeko arriskua ere badago. Ekologikoa edo “eko” aurrizkia duen guztiak ez du esan nahi justua izango denik eta demokratikoa izango denik ez naturaren ikuspegitik eta ez ikuspegi sozialetik. Kontzeptuak ondo daude baina gero horri lurra eman behar zaio, eta kritiko izatea hasteko norberari dagokio eta gero bakoitzak kolektiboki ere kritiko izaten jarraitu beharko du.