Gaizka Izagirre Brosa
PANTAILA TXIKIAN

Fikzioan ere aske, ez ausart

Errealitatean, eta zoritxarrez oraindik fikzioan ere, emakumezkoei eta gizonezkoei beraien sozializazio prozesuan oso jarrera estereotipatuak inposatzen zaizkie. Martxoaren 8aren atarian, topiko irreal eta matxista horiek pikutara bidali dituzten emakumezko pertsonaiak ekarri nahi izan ditut eta horiekin batera parekidetasuna, feminismoa edo emakumeen borroka ardatz dituzten telesailak.

The Handmaid’s Tale
The Handmaid’s Tale

The Handmaid’s Tale

HBO

“The Handmaid’s Tale”, Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarritua, etorkizun distopiko batean kokatzen gaituen telesaila da. Diktadura fundamentalista moduko bat ezarri da eta emakume gazteak behartuak izan dira ohelagun gisa bizitzera beraien “jaunari” seme-alabak “emateko”. AEBetako presidentearen hilketaren eta kongresuaren gehiengoaren ostean, erregimen teokratiko bat ezarri da, hau da, buruzagi politikoak eta erlijiosoak bat datozen eta bertako erlijioak gobernuaren politikan eragin handia duen gobernu era edo sistema politikoa.

Hortik aurrera, AEBek Gilead Errepublika izena hartuko dute. Gizarte berri horretan, balio moderno gehienak desagertu egin dira. Gileaden hedatu den ugalkortasun arazo larria dela eta, emakumea bigarren plano batera baztertua izan da, objektu huts bilakatzeraino, bere balio bakarra bere obarioak bihurtuz.

“Black Mirror” eta batez ere “Children of men” bezalako kontakizun bikainetatik zuzenean edaten duen istorio ilun eta gogor honen protagonista June da. Elissabet Moss aktore bikainak era zoragarrian gorpuzturikoa, diktaduraren hasierako fasean familia osoa galdu duen emakumea dugu. Aurreko bizitzako oroitzapenei eutsita bizi da, nahiz eta senideak berriro topatzeko aukera oso urria dela badakien. Baina Junek (Offred berrizendatua) bizirik jarraitzeko duen gogoa tinko mantentzen duen euskarri bakarra hori da. Bere “nagusien” kapritxoen menpe, bizitza miserable eta gogor baten lokatz nazkagarrian harrapaturik bizi baitira.

Mrs. American

HBO

Phyllis Schlafly Estatu Batuetako gizonen eta emakumeen arteko lan, dibortzio eta jabetza arloko eskubide berdintasuna sustatzen zuen proiektuaren aurka azaldu zen politikari ultrakontserbadorea izan zen. Feminismoaren aurkako arerio amorratua, neurri batean emakumeen eskubideak geldiarazi zituena, horrekin guztiarekin gozatzen zuen bitartean. Ekoizpen paregabe hau, hein handi batean, Cate Blanchett aktoreak maisuki gorpuztu duen Schlaflyren paperari esker, urteko telesail onenen zerrendara igo da.

Telesaila korala dela ere esango nuke, Cate Blanchett protagonista den arren, emakumezko aktore zerrenda paregabea ere ageri delako,eta bakoitzari beharrezko arreta eskaintzen zaiolako. Ez dute protagonista bakarra aukeratu, kolektibo bat baizik: emakumea. Gidoi politikoek izaten duten eskema horretaz harago oso telesail dinamikoa iruditu zait, istorioa ezaugarri bera duten emakume oso ezberdinen artean kulunkatzen delako: ausardia. Fakzio kontserbadorearen diskurtso atzerakoiek eta feministen diskurtso liberalek, emakume indartsuak eta erabaki propioa dutenak aurrez aurre jarri dituzte. Izan ere, hor datza Cate Blanchettek interpretatzen duen Phyllis Schlafly buruzagi kontserbadoreak etengabe aurre egin behar dion kontraesan handietako bat. Bere eskubideak zalantzan jartzen dituen emakume independente eta borrokalaria da, jarrera maskulino batzuk suminduta ikusten dituen bitartean, baina aldiz izugarri lotsarazten duen bere alderdi feministari eusten saiatzen da.

Azken finean, 70eko hamarkadako mugimendu feminista estatubatuarra modu atsegin eta irakasgarrian kontatzen duen telesail bikaina. Ekoizpenaren indarra herrialde amerikarrarentzat funtsezkoa izan zen garai baten erretratu distiratsu bat oparitzean digula da eta batez ere, pertsonaia bakoitza, pertsonaia historikotzat ez ezik, emakume eta gizaki konplexu eta liluragarri gisa ere definitzen duela.

Fleabag

AMAZON

Ez ahaztu izen hau: Phoebe Waller-Bridge. “Fleabag” telesailaren gidoilari eta protagonistak, azken urteetako umorezko telesail desberdin, garratz eta lotsagabeena sortzeaz gain, azkenaldian ikusi dugun emakumezko pertsonaia harrigarriena sortzearen meritua baitauka.

Edinburgo hiriko antzezlan independente batean oinarrituriko telesail honek –Fringe First Award saria irabazi zuena–, 30 urte inguru dituen Fleabagen istorioa kontatzen digu. Oinarritzen den antzerki horretan, bizitzari, sexualitateari eta erlazioei zentzua bilatzen zien emakume baten bakarrizketa ikus zitekeen. Telesailean aldiz, bere egunerokoan, sexu harremanak edukitzea lehentasun handienetarikoa bilakatu duen emakume –hartu arnasa– zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta batez ere dibertigarria aurkezten digute. Izaera hori, azken urteetan, “Louie”, “Love”, “Girls” edo “Catastrophe” telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastean, ekoizpen beltz, garratz eta hainbat unetan deseroso bat bilakatzea lortu dute. Epel uzten ez duen horietakoa, azken finean.

Topiko guztietatik erabat aldentzen den emakumezko pertsonaia zoragarria. “Emakume moderno” baten erretratu hori, ez da beste istorioetan ikusi dugun irudi baldar ala histeriko baten bitartez islatzen. Handinahitik erabat aldendu eta errealitatetik gertuago kokatzen baita. Hori bai, mota honetako telesail ugaritan gertatzen den bezala, muinean, drama bat dagoela ohartarazi nahi dizuet. Bai, nahasmen eta erokeria horren guztiaren azpian ageri dena, tragedia moduko bat delako. Ez pentsa, beraz, barre hutsak bakarrik ikusiko dituzuenik. Algara eta drama modu orekatuan uztartzen dituen ekoizpen burutsu bat baizik. Badakizue beraz, “Fleabag” gorrotatu ala maitatuko duzuen jakiteko, has zaitezte axolagabe utziko ez zaituzten umorezko telesail xelebre hau ikusten.

I May Destroy You

HBO

Michaela Coel aktoreak berak jasan zuen sexu eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea da honakoa. Tinder belaunaldiko sexu adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta. Bera, trauma bat baino askoz gehiago dela frogatu nahi duen kontakizun desberdin eta iraultzailea.

Nabarmentzekoa lehenik, hasieratik erakusten duen ausardia ikaragarria. Askok polemikotzat edo asaldatzailetzat jo dute dagoeneko, ziurrenik gizarte gisa erabat prestatuta ez daudelako gai horiei buruz hitz egiteko. Harrigarria iruditu zait beharrezkoak diren gai ugari nola jorratu dituen, gizonen zein emakumeen aurkako sexu indarkeria islatzen duten azpitramak txertatuz; trauma-osteko sindromearen normalizazioa, gehiago entzuteko beharra duen belaunaldi baten gizarte isla leiala, arrazismoa, transfobia, homofobia, suizidioa, depresioa, baina figura arrakastatsuen bidez azalduz, bakardadea, eta noski, gero eta polarizatuagoa den mundu batean geure lekua edo izena sortzearen nahiak sortzen duen antsietatea.

Telesail hau sexu hezkuntzako klaseetan jarri beharko litzatekeela iruditzen zait. Deserosoa eta gogorra izan arren, beharrezkoa da bertan planteatzen zaizkigun gaiei heltzea eta gogoeta sakonak egitea. Bizitzaz diharduelako azken batean, baina bizi dugun errealitate berriaren betaurrekoetatik, sare sozialez eta sexuaz.

Unorthodox

NETFLIX

Neska judu ortodoxo gazte batek New Yorken hitzartutako ezkontza utzi eta Berlinera ihes egitea erabakitzen du. Istorioa, Deborah Feldmanen memorietan oinarritzen da, non, lehen pertsonan, bere komunitate erlijioso zorrotzetik nola ihes egin zuen azaltzen duen. New Yorketik Berlinera doan neskaren ibilbidea kontatzen du, eta, aldi berean, bere erlijio komunitateak ezartzen dituen maskara eta arau guztiak alde batera uzteko, bere burua nola deskubritzen eta ezagutzen duen. Horren adierazlerik argiena sekuentzia jakin batean islatzen da: hondartzan ileordea kentzen duenean (ilea ezkutatzera eta senarrari bakarrik erakustera behartzen dituzte), emakume bezala duten benetako askatasuna onartuz. Azaletik bada ere, Williamsburgen, XXI. mendeko New Yorken, judaismo jasidikoaren arauak erakusten dizkigu telesailak, beste erlijio batzuetan gertatzen den bezala, emakumeen askatasuna hertsatzen eta zapaltzen dutenak.

Erraza da protagonistarekin, Shira Haas bikainarekin, enpatia sentitzea, eta oparitzat jaso duen iparrorratz txiki hori samurtasunez ikusten duen bitartean, aldaketa hau guztia berarekin batera bizitzea. Ikusle gisa, inguratzen duen mundua jakin-minez eta beldurrez aurkitzeko duen modua guztiz ulertzen dugu, eta aldi berean, horri guztiari ausardiaz aurre egiteko duen jarrera miresten dugu.

Unbelievable

NETFLIX

Marieren, bortxatu izana faltsuki salatzeaz akusatu duten nerabearen, eta egiara iristeko bide bihurgunetsua egin zuten bi detektibeen benetako istorioa azaltzen duen telesail paregabea. Neska batek bortxatua izan ondoren aurre egin behar dion guztian sakontzen du. Ez bakarrik ondorio emozionaletan, kasu honetan lagunekin edo harrera familiekin dituzten harremanetan islatuak, baita polizialetan ere, gizarteak gutxien ezagutzen duen alderdietako bat ziurrenik. Zenbat galdera erantzun behar ditu neska batek bortxatua izan dela jakinarazi ondoren? Zenbat gizonek beldurtu behar dute «egia esateagatik»? Kasua 2008koa da, Ameriketako Estatu Batuetan girotua, eta kronologikoki jarraitzen ditu gertaerak: Mariek bortxaketaren sufrimendua jasan izana, lehen gizonezkoen polizia ikerketa, ondorengo neskaren aurkako etengabeko aurreiritziak eta guztia aldatuko duen bi emakumezko detektibeen etorrera.

Kutsu eta mami feminista duen drama kriminal paregabea da, edulkoratzailerik gabea, emakume detektibeen agerpenaren aldarrikapen isila eta errealitate gaixotu baten garrasi itoa ardatz dituena, hala nola neska gazteen bortxaketa gaizki ikertuak (edo zuzenean ikertu gabeak). Sistemaren aurkako kritika telesail osoan txertatua dago. Dardara eragiten duen kritika da. Emakumeak bere ikuspegitik hartzen ditu –inolako eskarnio edo gehiegikeriarik egin gabe– eta gizonei, gizartea osatzen duten guztiei, interpelatzen die, beste aldera gehiago begiratu ez dezaten. Errealista, zuzena, gordina eta oso eraginkorra. Ikusi.

Heimebane

FILMIN

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokan, oraindik eskubide eta oihartzun mediatikoan diferentzia handiak badaude, zalantzarik gabe horiek futbolean topatu ditzakegu. Norvegiako futbol ligako lehen mailara igo berri den talde bat kokatzen da telesail honen erdigunean. Denboraldia hasi baino lehen entrenatzaile gabe geratzen diren arren, presidenteak bere ordezkoa topatu du: Helena Mikkelsen. Emakumezko entrenatzaile bat, gizonezkoen futbol ligan. Uste dut ez dela askoz gehiago azaldu behar zer gertatuko den jakiteko, ezta?

Erretolika matxista berehala sartzen da jokoan, emakume batek entrenatzaile gisa duen gaitasuna ahultzeko edo gutxiesteko helburuz. Are gehiago, zuzendarien, futbolarien eta zaleen aldetik nolabaiteko gorrotoa, aurreiritziak eta adostasuna sentitzen da hasieratik. Mikkelsenek beste inork baino gehiago erakutsi behar du posturako baliagarria dela. Pertsonaia borrokalaria, gatazka interesgarriak dituena, inperfektua, ausarta, karismatikoa eta enpatikoa. Diskurtso hori pantailaratzeko modua da gehien gustatu zaidana, modu sotil eta organikoan egin baitute. Istorioa bera ez da mezua soilik goraipatzearren arriskuan jartzen, honek modu naturalean aberasten baitu gidoia.