Karlos ZURUTUZA
ARMENIARREN ARDO SAMINENA

Nagorno-Karabakheko ardo ospetsuena zen; egun, alabaina, mahastiak Azerbaijanen kontrolpean daude

Nagorno-Karabakheko ardo ospetsuena zen; egun, alabaina, mahastiak Azerbaijanen kontrolpean daude eta bildumazale pieza bilakatu dira botilak. Armeniarrei galdutakoa ekartzen diete gogora.

Armeniako ardo taberna bakarrak In vino izena du, eta Erevango Saryan kalean dago. Ez dago galtzerik: berehala erreparatuko diezue leiho erdizirkular erraldoi horiei. Egurrezko aulki eta mahaiak daude barruan, eta paretetako apalak botilaz josita daude. Toki aproposa eta erosoa dirudi. Bezeroak baino ez dira falta.

«Pandemia da, ez besterik. Egunotan ezin ditugu ardo dastaketak eskaini eta jendeak nahiago du etxean edatea», dio Maryam Saghatelyanek. 35 urteko emakume hau toki honen jabea da. 2012an, taberna ireki bezain laster, berehala bilakatu zen Erevango bilgune nagusietako bat: birusak jo aurretik ez zegoen hortik igarotzen ez zen turistarik, eta makina bat nazioarteko langile elkartzen ziren bertan. Gaur, aulkiak mahai gainean daude eta Maryamek dio salmenta besterik ez duela.

«Mundu osoko botilak dauzkagu baina jendeak gero eta gehiago honako hau eskatzen digu», azaldu du, ardo zuri botila bat apaletatik eskuratu bitartean. «Kataro» irakur daiteke etiketan eta, antza, prezioak goia jo du azken hilabeteotan. Ulertzekoa da, hauexek baitira Nagorno-Karabakheko ardorik ospetsuenaren azken botilak. Mahastiak eta bodega Hadrut izeneko eskualde batean daude, baina azerbaijandarren kontrolpean dago gaur. Armeniar bakar bat ere ez da gelditzen egun.

Irailaren 27an, Bakuk erasoa jo zuen Nagorno-Karabakhen. Aitorpenik gabeko errepublika hau Azerbaijango mugen barruan agertzen da mapetan, baina armeniarren eskuetan eman ditu azken hiru hamarkadak. Historikoki, armeniarrek osatu ohi dute populazioaren gehiengoa, gatazkaren erroak Sobietar Batasunaren garaietan sustraitzen badira ere. «Inperioaren» gainbeherak gerraz josi zuen munduko herrialde handiena zenaren mapa, Moldaviatik Tajikistaneraino. Armeniarrak nagusitu ziren XX. mendearen amaieran, eta azerbaijandarrak iragan udazkenean. Azken hauen turkiar eta israeldar droneek erraz indargabetu zituzten etsaiaren tankeak, artilleria eta gainontzeko armamentu konbentzionala. Gatazka sei astez luzatu zen, eta ia 6.000 lagun hil ziren bi aldeetan. Azaroaren 9an, bake itun bat sinatu zuten Armenia, Azerbaijan eta Errusiako agintariek: su-etena, presoen trukaketa eta duela 30 urte Azerbaijani kendutako lurrak bueltatzea ziren, besteak beste, akordioaren puntu nagusiak.

«Horixe da ardoa egitearen arriskua Armenian: edozer gerta daiteke», dio Maryamek, botila bere tokira bueltatu ondoren. «Gerra garaian inork ez zuen honi buruz pentsatzen; amaitu zenean, Hadrut eskualdea galdu genuenean, orduan hasi ziren Kataro botilak eskatzen. Hauxe da hobekien saltzen dudan ardoa orain».

Karabakhen baino ez

Karabakheko ardogileek diote milaka urtez ekoitzi dutela ardoa bailara hauetan. Sobietar Batasunean, estatu ardo-faktoria bat zegoen Stepanakert hiriburutik oso gertu. 90eko hamarkadako gerrak erruina bilakatu zuen hura, baina brandya egiteko berreskuratu zuten azpiegitura. Kataro-ren mahatsak 800 metroko altueran hazten ziren, Togh herrian, hain zuzen. Mendikate eta baso artean gordetako bailara bat da. Errepublikan zeuden 15 ardogileek khndognhni izeneko bertako mahatsa erabiltzen zuten, Avetyssian familia tartean. Kataro ardoaren ekoizle ohiak 1920ko hamarkadan hasi ziren mahatsa lantzen eta bertako sektorearen liderrak bilakatu ziren 2011n, beren ardo famatuenaren lehendabiziko uzta jaso zutenean. Ehunka urte dituen Kataro abadiaren izena eman zioten euren produktu izarrari.

Azken urteak oparoak izan ziren oso: 2015ean, Karabakheko Industria ministroak Ardogileen Elkartea sortzea eskatu zion Grigori Avetyssiani, eskualdeko produkzioa nahiz kalitatea indartzearren. Eskatutakoa bete zuen Avetyssianek, bai eta bere bigarren mahastia landatu ere 2016ko apirilean, urte askotako gatazka handiena piztu baino egun batzuk lehenago. «Apirileko gerra» deitu ohi zaio kapitulu horri, baina Kataro-ren mahastiak onik atera ziren. 2019an bisitatu genuen bodega hura. Grigori honela mintzo zen orduan bertako mahatsaz.

«Karabakhen baino ez da hazten, ez Armenian eta ez Azerbaijanen. Ardo beltzari landareen zaporea ematen dio, bai eta oso tanino sendoak ere». Sasoi hartan, Estatu Batuetara, Kanadara, Errusiara eta Europar Batasunera esportatzen zen, Armeniako erregistro korporatibo batez beti. Avetissyanen ardoek «Armeniako produktua» etiketa zeramaten.

2020. urteak pandemia bat ekarri zuen, baina eguraldi baldintzak bikainak izan ziren uzta bikain bat jaso ahal izateko. Ezin izan zen. Nagorno-Karabakheko azken ardoaren festibala Togh herrian ospatzekoa zen irailaren 17an –erasoa jaso baino hamar egun lehenago– eta Grigori erlojupean ari zen lanean dena gertu izateko. Ospakizuna irailaren hirugarren larunbatean burutu ohi da urtero, baina 2020koa bertan behera gelditu zen: Bakuren eta Erevanen arteko adierazpen eta akusazio trukea sutsuegia zen arriskurik hartzeko.

Guda, edonola, ez zen arrotza Toghen. 1988an, armeniarren eta azerbaijandarren arteko liskarrak piztu zirenean mistoa zen herriaren biztanleria (Karabakheko beste herri askotan ez bezala). “Black Garden” (New York University Press, 2003) liburuan, Thomas de Waal ikerlari eta idazleak gogoratzen du nola eraiki zen bizilagunen arteko errail hura.

Marra bat marraztu omen zen herri erdigunean: alde batera armeniarrak joango ziren, eta azerbaijandarrak bestera. Azken hauek gerra hartako galtzaileak izan zirenez, eskualdetik kanporatu zituzten. Egun, alabaina, Rita Ayvazyan topa dezakegu dena galdu dutenen artean. 53 urteko armeniarrak alfonbrak egiten irakasten zien bailarako umeei, Hadruteko Ararat Kultur Etxean. Bere senarra 90eko gerran hil zen, eta Rita Armeniako hegoaldean bizi da, ahizpa baten etxean, eskualdetik urrian alde egin zuenetik. Avetyssiandarrek Erevanera jo zuten.

«Azerbaijandar bakar bat ere ez zegoen Toghen 1940an, eta %10 baino ez ziren 1960an. Aitak esan zidan desplazamendu erraldoi bat izan zela gero eta, egun, herria eta Hadrut eskualde osoa euren kontrolpean daude», damu du Grigori Avetyssianek Erevan kanpoaldeko apartamentu batean. Bertan instalatu zen nora bueltatu aurkitu ez zuenean. Gatazka guztietan gertatu legez, alde bakoitzak zifrak pizten ditu bere alde. Beste behin, Sobietar Batasunean egindako erroldak ditugu fidagarrienak. Ez dugu aurkitu Togh herriko daturik, baina honako kopuru hauek jaso zituen Moskuk enklabe osoan 1989an: 143.593 armeniar (%76,4) eta 42.871 azerbaijandar (%22,4). Kurduek, errusiarrek, greziarrek eta asiriarrek eskualdeko gainontzeko biztanleria osatzen zuten.

Avetyssianek dio berriz hasi nahi duela, «zerotik», baina oraindik ez dakiela non eta nola. «Dirulaguntza baten zain nago lehenengo pausoa eman ahal izateko eta, zortea lagun, Armeniako hegoaldean lortuko ditut lursail batzuk», aurreratu du armeniarrak. Kelbajar distrituan –hau ere azerbaijandarren kontrolpean–, gauzak beste perspektiba batetik ikusten dira. Samir Mammadov Nagorno-Karabakheko Azerbaijandar Komunitatea erakundeko bozeramailea da, bai eta Kelbajarreko desplazatuen semea. 28 urteko gazte honek bere gurasoek 1993an atzean utzitako etxea lehendabiziko aldiz bisitatu berri du, bake ituna sinatu eta bi egunera. Dioenez, Bakuk ez dauka arazorik Karabakhen bizi diren armeniar zibilekin, «horiek denak Azerbaijango eskubide osoko herritarrak baitira». «Guk Armeniako Errepublikarekin dugu arazoa», azpimarratzen du. «Legez Azerbaijango lurrak zirenak okupatzeaz gain, gorroto dosi handiak ere injektatu zituzten euren gizartean, batez ere gazteenen artean». Mammadoven hitzetan, bi herrien arteko konfiantza eta elkarbizitza errazten duten mekanismoak eraikitzea da garrantzitsuena egun. Lehentasun gehiago ere badira bere zerrendan.

«Mina eta lehergailuen garbiketarekin batera, armeniarrek hiru hamarkadaz eragindako suntsipena kuantifikatzea dugu helburu nagusietako bat. Honako hau ezinbesteko pausoa dugu Erevan nazioarteko tribunaletara eraman ahal izateko, asko baitira galdu ditugun herriak, tenpluak eta balio handiko ondare arkeologikoak», gaineratu du Mammadovek. Armeniarrek ere antzeko diskurtsoari eusten diote egun. Azerbaijandarren eskuetan berriki gelditu diren ehunka eliza eta monasterio kontserbatzea obsesio bilakatu da askorentzat. Kataro bezalako monasterioak, esaterako, armeniarren presentziaren lekuko zuzenak dira.

Oroimenak botila batean

Iragan otsailean argitaratutako txosten batean, Carnegie Europe think-tank-eko Thomas de Waal-ek honela deskribatu zuen gatazkaren ajea: «Lehendabiziko gerra hartako gai asko zeuden konpontzeke, gerra krimenak barne. Horiei gaineratu zaizkie 2020ko gatazkak sorturikoak: armeniar desplazatuen auzia batetik, eta, bestetik, beren etxera bueltatu ezin izan duten azerbaijandarrena. Korapilo hauek askatu ezean, indarkeria kapitulu berriak ikusiko ditugu etorkizun hurbilean», ohartarazi zuen ikerlariak.

Jada gertatzen ari da. Iragan otsailean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hainbat eskubide urraketaren berri jaso zuen: oraindik gerra presoak daude bi aldeen eskuetan, eta ugariak dira ere euren senideen gorpuak berreskuratzeko zain dauden familiak. Bestalde, gerra krimenak jasotzen dituzten bideoak maizegi agertzen dira sare sozialetan: dekapitazioak, sudur eta belarrien mutilazioak, hilobien suntsipenak… Azerbaijandar soldaduek egindako basakeriak dira gehienak. Irudiok ez dute bakerako bidea errazten.

«Gerra presoen eta bahitutako zibilen arazoa konpontzeak bi aldeen lehentasuna bilakatu beharko luke normaltasunerantz abiatu ahal izateko», dio Kaukason aditua den Neil Hauer-ek. Kanadar ikerlari honen aburuz, segurtasuna bermatzeak dauka premia handiena. «Bakuk makina bat oztopo jartzen die GKE-ei, lehergailuen indargabetzaileak barne; oinarrizko hornigaiak ez dira iristen eta su-etenaren urraketak errepikakorrak dira oso», salatu du Hauerrek.

Avetyssiandarrek ez dute galdu mahastiak eta negozioa berreskuratzeko itxaropena, baina nekez imajinatu daiteke horrelakorik epe motzean. Beste batzuek, ordea, koiuntura berria onartzea erabaki dute. Erevango erdialdean bueltan, Kataro botila kaxa bat iritsi da Lilit Kachatryan-en produktu ekologikoen dendara. Enpresari gazte hau Karabakhekoa da, baina Moskutik jaso berri du duela gutxira arte erraz eskuratzen zuen etxeko produktua.

«Kalitatezko ardo bat baino askoz gehiago da niretzat», hasi da Lilit, nostalgiak marraztutako irribarre batez. «Gure ondarea da, baita nire haurtzaroaren oroimena ere. Aske hazi nintzen mendi eta baso horien babesean. Hori datorkit burura ardo botila hauek ikusten ditudanean».