Maider Iantzi Goienetxe

Filtrorik eta balaztarik gabe

Zer litzateke filtrorik eta balaztarik gabe idaztea? Ongi gelditu nahi izan gabe, egiatan aritzea. Inoren erranen makulua utzi eta hitzez hitz gure kabuz ibiltzera ausartzea, eroriz eta altxatuz, eroriz eta altxatuz. Irakurleari gustatuko zaion ala ez axolarik gabe.

Badut deus berririk errateko? Denok dugula uste dut. Zenbat eta autentikoago izan, orduan eta gehiago. Bertzearen ispilu diren neurrian dira interesgarriak norberaren kontuak? Ari naiz jada irakurlearengan pentsatzen. Atzendu nahi zaitut oraingoan.

Saia nadin. Ez ditut behatzak geldiaraziko teklatuan, ez dut zentsuratuko barne ahotsa. Pausatu naiz dagoeneko. Ze zaila! Ea. Berriz. Lehengoan, eskuak libre buelta bat ematera atera nintzenean zerbaiten falta sumatzen nuen. Flotatzen bezala sentitzen nintzen NIRE denboran. Opor eguna zen, koala txikia besorik onenetan zegoen, eta ni koala txikia egoten den bezala, ezinegonean, dena ikusi, ukitu, deskubritu nahian. Berriz deskubritu. Filtrorik eta balaztarik gabe.

Sentipen hauek konpartitu nituen bertze ama batzuekin eta segituan identifikatu ziren. Hortxe Adrienne Richek aipatutako paradoxa: beste batzuen esperientziez bertzelakoa izanagatik, norberarena ez da esperientzia bakan bat eta bakantasun-iruditeria hori aldatuz baino ezingo dut bizitza autentiko bat izan. Bai, badakit makulua hartu dudala. Eman denbora, oraindik oinez ikasten ari naiz. •