Maitena Usabiaga Sarasua
Sexologoa eta psikologoa

Sexosofia apur bat

Aurrekoan ezkerreko puritanismoaz aritu nintzen. Oraindik, «sexu» hitzak aurkako erreakzioak sortzen ditu, oraindik sexua zikina dela uste dute askok, arriskutsua, iluna, errepresioaren agente nagusia... Eta ez da harritzekoa, ideia hauek aspalditik daude gure kultura eta gorputzetan bueltaka eta zaila izango da hauek uxatzea, are gehiago, bizi itxaropena luzatzen jarraitzen badugu behin eta berriz jaten ematen.

Atzera begira jarriko naiz oraingoan. Nondik ote dator sexuaren zikintasuna? Plazeraren gutxiestea? “Nociones de Sexosofia Antigua” izeneko liburu bat hartuko dut abiapuntutzat, bere egilea Joserra Landarroitajauregui da eta benetan interesgarriak iruditzen zaizkit bere ikerketan azaltzen dituen ideia eta datuak. Ideien munduan aritzen zirenenak aurki ditzakegu bertan, garai desberdinetan indarra izan zutenena. Horietako bat, Seneka Gaztea estoizismoko pentsalaria da plazerari guda zuzena deklaratu zion lehen gizonetakoa (gero ikusi beharko zen bere intimitatean zer egiten zuen). Haren ustez, plazerarekin ezin da ezer lortu, plazerak zikindu egiten du, deslegitimatu, zitala da, mespretxagarria. Plazerak alde ilunetan zuen lekua, tabernetan, putetxetan... Ideia honek eragin zuzena izan zuen garai hartako bizimoduan (baita geurean ere), baina batez ere emakumeengan. Emakumeek ezin zuten plazerarekin jolastu, ezta jolastu nahi izan ere. Garbiak zirela erakutsi behar zuten, puruak, birjinak. Horrela bi motatako emakumeak sailkatu ziren: emazteak zirenak eta prostitutak.

Horren ondoren, beste asko egon ziren noski, baina Filon Alexandriakoa aipatu nahi nuke. Berak garai hartan sexuari buruz zeuden ideia nagusiak batu zituen: sexua zikina da (puritanismoa), sexuaren funtzioa ugalketa da, sexua bestearen bilaketa da eta azkenik, sexua plazera da (baina plazera txarra denez, alde batera utzi zuen). Lau ideia horiek hiru ideiatara pasatu zituen orduan, plazera alde batera utziz, eta modu honetan formulatu zuen: jainkoak bedeinkatutako ezkonduen arteko kopula. Maitasuna, genitalak eta seme-alabak lotu zituen ideia. Ezaguna egiten zaizue?

Eta horrela azken protagonista aurkeztuko dizuet, San Agustin. Elizaren sortzailea. Asko esan dezakegu pertsonaia honi buruz, baina Landarroitajauregik ideia interesgarri bat aipatzen du. San Agustinek 10 manamenduak idatzi zituen, baina ez Biblian agertzen direnak, berak eraldatu zituenak baizik. Aldaketa deigarri bat egin zuen. Bibliak 7. manamenduan adulterioa debekatzen du baina San Agustinen moldaketak zera esaten du: ez dituzu ekintza lizunak pentsatuko, egingo, ezta gertatzen utziko ere. Aldaketa bortitza eta oso eraginkorra.

Ideia hauek ezagututa ez da harritzeko gaur egun diskurtso askok halako mezuak izatea. Lehen erreprimitzeko erabili izan ziren ideiak gaur egun gure askatasuna lortzeko berdinak izateak zer pentsatua ematen du. Plazera kondenatzen jarraitzea, emakumeon plano erotikoa kritikatzen jarraitzea, ideiak goraipatzea eta gorputza mespretxatzea... agian ez gaitu askatasunera eramango, agian berdina betikotzen dugu. Zuk zer uste duzu? •