Amaia Nausia Pimoulier

Ustezko mugak

Koronabirusaren testuinguruan mugikortasun mugak izan ditugu. Nafarroa Garaiaren kasuan, urritik gure erkidegotik ezin atera egon gara, gure mendi, herri eta lautadez gozatu ahal izan dugu. Beste batzuek gordinago izan dute, udalerriko mugak itxi dizkiete denboraldi luzez. Azken horiek herriko kaleez eta gertuko mendiez aspertuta amaituko zuten. Mendiaz nekaturik edo, Euskal Herriko barnealdeko txoko honetako nafar askori entzun diet: «Nolako gogoa itsasoa ikusteko, ireki bezain laster banoa zuzenean kostaldera». Batzuk dagoeneko udararako falta diren egunak kontatzen ari dira, bidaiatu ahal izateko. Pentsatu dezakegu nolakoa izanen zen gure errealitatea bizitza osoa muga baten menpe egonen bagina? Muga mentalak ere baditugu, baina muga fisikoez ari naiz. Gure hiritik edo herritik ezinen bagina atera? Edo ondoko lurraldeetara bidaiatzeko aukerarik gabe bizitza osoa emanen bagenu? Eta orain pentsa bidaiatzeko behar hori, plazer hutsagatik izan beharrean, bizirauteko arrazoiengatik balitz. Pentsa palestinarren bizitza nolakoa den, “zerrendatik” ezin atera; pentsa Europako mugaz gain, pobreziaren muga zeharkatu nahi duten afrikarren bizitza nolakoa den.

Marokok mugak irekitzea erabaki zuen orain dela egun gutxi eta Espainiako Estatuko prentsak “inbasioa”, “migratzaileen uholdea” eta bestelako adiera beliko eta iraingarriak erabili ditu. Marokok kritikak jaso ditu; Espainiaren kontrako xantaia omen da Fronte Polisarioko Brahim Ghali estatuko ospitale batean artatu izateagatik. Beraz, diskurtsoak hegoaldeko erresumaren gabezia demokratikoetan zentratu dira eta Espainiarekiko bere leialtasun faltan. Baina harrigarria iruditzen zait hainbeste jendek irenstea Marokok Ceutan zerbait ikaragarria egin duela esaten duten horien guztien narratiba. Ongi dago, beraz, orain arteko pertsonen errepresio polizial eta militarra? Zergatik eragotzi beharko lioke herrialde batek inori bere mugak zeharkatzea? Ezein herrialdek ez luke eragotzi behar inor bere lurraldetik irtetea, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13. artikulua aplikatuz.

Birala bilakatu da Gurutze Gorriko kide baten irudia, neska zuri bat gizon beltz bat besarkatzen. Bere sare sozialak itxi behar izan omen ditu Gurutze Gorriko kideak, ehunka irain jaso ondoren. Noski, emakumea izanda irainak kasu askotan, arrazistak izateaz gain, sexistak ziren, «te lo quieres follar» eta horrelakoak –emakumeok jasaten dugun biolentzia bikoitza dela erakusten duen beste adibide bat–. Baina ez ditu soilik irainak jaso, beste kasu askotan loreak jaso ditu. Luna izena duela jakin izan dugu –inon ez dut ikusi dagoeneko kanporatua izan omen den gizonaren izena– eta askok berarekin enpatizatu dute; neska horren keinuak Europako herritar gehiengoon bihotz ona islatzen duelako. Eta nire galdera da, ondo egiten duen (edo minimoa horrelako egoera baten aurrean) pertsona zuri bat behar al dugu identifikatuta sentitzeko? Ez al gara gai dena arriskuan jartzen dutenekin enpatizatzeko beraien azal kolorea gurea bezalakoa ez denean?

Askotariko mugak ditugu inguruan, covidak beste hainbat ekarri dizkigu, baina ezin alderatu etorkinek gainditu behar dituzten mugekin. Hondartzara, ondoko erkidegora edo beste herrialde batera bidaiatzen dugun hurrengoan gogoratu ditzagun gure azal koloreak, gure jaioterriak eta gure estatus sozioekonomikoak ematen dizkigun pribilegioak. •