Iñaki Altuna

Txertaketa izan da faktore erabakigarria

Uda ate joka daukagu eta aurtengoan urtaro horrek, iazkoak bezalaxe, esanahi berezia du pandemia madarikatu hau dela-eta. Esanahi berezia du, baina esanahi berezi hori azaltzen ez dakigula esan daiteke. Edo, zenbat buru, hainbat aburu. Zertara goaz? Zer da orain garrantzitsua?

Epe laburrean oporrekin eta gutxieneko «normaltasun» bat berreskuratzearekin amesten dute herritarrek bizitzaz pixka bat gozatu ahal izateko. Konturatu al gara dagoeneko ez dela «normaltasun berriaz» hitz egiten? Aurreko urtean, garai honetan, hori zen kontzeptu magikoetako bat, baina denborak aurrera egin ahala atzean gelditu da hori ere. Ameskeria izen zen hura. Ikusiko dugu aurtengoa.

Hala da, ilusio bat baino ez zen izan, konfinamendu gogorrak eragindako kalteari eta sortutako ezinegonari erantzuna emateko asmatutakoa, denon etxeratzeak eta garai hartan hartutako beste neurri gogorrek behartuta. Saskibaloian erabili ohi diren hutsarteen modukoa izan zen, ezinbestean olatua berriro etorriko zela kolektiboki ahaztuta. Erantzukizun maila ezberdinekin, jakina; hainbat erakunde arduragabe aritu izana bereziki larria izan baitzen.

Oraingo honetan, alde nabarmenena, zalantza izpirik gabe, txertoak ekarri du; txertoek, zehatzago izateko. Eta, lehenik eta behin, gogoratu behar da pandemiaren hasieran esandakoa; txertoak urteak beharko zituela herritarrengana iristeko, alegia. Zein ote litzateke gaur egungo egoera –eta itxaropena– aurreikuspen horiek bere horretan segituko balute?

Horregatik, txertoa(k) lortu izanak balio handia du, nahiz eta lorpen horretan beste zenbait alderdi negatiboagoak azaldu diren.

Hainbat erakunderen jokabidea aipatu behar da berriro; izan ere, txertaketa kudeatzeko izan dituzten arazoak zenbaiten zaharkitzapenaren erakusle izan dira. Urtetan eraginkortasunarekin eta kudeaketarekin ahobero ibili ostean, gabeziak oso begien bistakoak izan dira.

Interes ekonomikoak

Farmaziaren industriak sortzen dituen interes ekonomiko lotsagarriak sortzen duen giroari ere kiratsa dario. Oraingo honetan, gai zehatz bat dugu erdi-erdian: patenteak askatzearena. Eskaera gero eta ozenago entzun da azkenaldian.

Izan ere, pandemiaz hitz egiterakoan, askotan –ia beti esatea litzateke seguru asko zuzenago– Lehen Mundua delakoaz ari gara, baina mundua askoz ere zabalagoa da, askoz ere jende gehiago bizi da, eta birusak hortik barrena zabaltzen segituko du, mutazio berriei bide emanez. Bakarren batzuek diote egoismo hutsagatik bada ere herrialde aberatsek patenteak askatu eta txertoak ahal bezainbeste zabaldu beharko lituzketela. Egia esan, herrialde txiroetan badituzte bestela ere nahiko kezka, badituzte pandemia hilgarri asko; gosearena, esate baterako. Herioa eta miseria nagusi dira nonahi.

Txertaketak markatu duen egoeran gaude, unean uneko arazoetan eta eztabaidetan murgildurik. Beharbada, Euskal Herrian, burua altxatzeko garaia ere iritsi da, ziklo berri bat aurreikusteko, proiektatzeko. •