Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

«Enfant perdu»

gara-2021-06-17-Opinión

Udako arratsalde sargori bat Hendaiako hondartzan. Jendea. Jendea toalla gainean etzanda, jendea igerian, jendea agerian, jendea pasieran, jendea hizketan. Jendea. Jende saldoa. Eta jende artean haur bat, guraso arduratuegien begi-bistatik noiz ihes egingo, pala eta baldea hartuta, hondarrezko gazteluak egin nahian. Eguzkitarako krema usaina nonahi. Eta haurraren lepoan papertxo bat zintzilik: enfant perdu. Eta bere izen-abizenak aldamenean.

Euskaraz bizi nahi dugunok itxiak omen gara, kontserbadoreak, iraganera atxikiak, umorerik gabeak, aspergarriak. Gure partikulartasunean gotortuak. Hizkuntzak hori soilik omen dira: hitzak, gramatika bat, musika zehatz bat, doinu bat, aire bat. Horregatik, enfant perdu Hendaian eta niño perdido Donostian. Badaezpada ere; galdutako haurra aurkitzen duenak euskaraz ez baleki ere. Ekonomia hizkuntzaren hautura eramana. Hizkuntza bakarra dakien haurrarentzat hondartzan galtzea bezain beldurgarria da hizkuntza ezezagun batean galtzea.

Haurtzaroko sargori horretara itzultzen naiz munduko hiritar unibertsal, ireki eta moderno bat inguruan sumatu orduko. Zergatik tematzen ote naizen galdetzen didanero. Uzteko munduari bere martxan, denok berdinak garela. Noski, izango ez gara bada? Berdintasun hori nork eta nondik ezartzen duen da kontua, ordea. Unibertsal izateko esaten digunak txokokoa ez izateko esaten digu. Bere modukoak izateko eskatzen digunak gu garen modukoak izateari uzteko eskatzen digu. Zabala baita mundua; zabalegia batzuentzat. Neutroa dena ez baita bere neutrotasunaz ohartzen. Arnasa hartzea bezain normala da bere hizkuntza, bere gorputza, unibertsala denarentzat. Itxiak, bitxiak eta desegokiak “besteak” izaten dira beti.

Eta han abiatuko gara «enfant perdu»&discHyphen;-ak hondartzan barrena, zokomiran. Askotariko gorputzak sumatuko ditugu inguruan, nahasian. Arretaz erreparatuko diogu izerdi patsetan egon arren kamiseta erantziko ez duenari; biluztu orduko tripaz behera etzango denari. Arretaz bere gorputz gihartsua biribilguneetako eskulturak bezain agerian ezarri nahian zutik, beste gorputz guztiak baino nabarmenago, jarri denari. Gorputz askotarikoak, baina dena berdintzen duen eguzkitarako krema usain sarkor hori, gainerako usainak estaltzen dituen lurrin itsaskorra. Gure hizkuntza txokokoan eta gure gorputz unibertsalean, edo gure hizkuntza unibertsal eta gorputz txokokoan, han abiatuko gara uretarantz, orkatilak lehenik, belaunak ondoren, jauzi txiki bat uhin hotzegiek hankartea zipriztindu ez diezaguten eta braust uretara. Eta deskuiduan espero gabeko olatu batek ur gazitan murgilaraziko ditu gure aho-sudurra. Oxigenorik ez baitugu sumatzen arnasa falta zaigun arte. •