VOB, METALETIK HARATAGO

Heavy metala, Indonesiako hiru emakume gazteren ahalduntze tresna

Hiru gazte indonesiarrek beren amets eta kemen guztiak heavy metal talde batean jarri zituzten, beren herriko «etxekoandre bizitzatik» ihes egiteko itxaropenarekin. Rockaren hainbat ikurrek goraipatuak, Javatik Jakartara, Indonesiatik mundura, Voice of Baceprot taldeko kideak dira Firda Marsya Kurnia, Euis Siti Aisah eta Widi Rahmawati.

gara-2021-06-17-Reportaje

Hijab eta tunika beltz bat. Hori da Firda Marsya Kurnia, Euis Siti Aisah eta Widi Rahmawatiren outfita. 2014an sortu zuten Voice of Baceprot (VOB) heavy metal taldea, Java mendebaldeko eskola islamiar bateko ikasleak zirenean. Mendebaldeko posiziotik, heavy metalak eta islamak ez dirudite esaldi bakar batean ondo uztartzen diren bi hitz, baina Indonesiako errealitateak laster erakutsi digu bidea eta zeharo urrundu gaitu larruzko jakadun eta tatuajedun metalero baten iruditik.

Islamaren hedapena garrantzi handiko gertakaria izan zen Indonesiaren historian: gaur egun, herrialdeko biztanleriaren %88 musulmana da. Zaila da esatea heavy metalarekiko zaletasuna islamaren konpasera doan, baina egia esan, planetako artxipelagorik handienak hausten dituen marka anitzen artean, metal musika ere agertzen da.

Izan ere, Indonesian beste inon baino metal talde gehiago daude; eta baliteke death metal taldeen kamisetak jantzi eta ekitaldietan eskuarekin adarren keinua eginez agurtzen duen presidentea (Joko Widodo) duen herrialde bakarra izatea. Halere, heavy metala gizonen kontua da; edo zen, hiru gazte hauek eszenan sartu ziren arte, estereotipoak hautsi eta herrialdeko matxismoari aurre egiteko.

Lehenengo entseguetatik hasita, 19 eta 20 urte bitarteko gazte hauek euren teknika eta estiloa hobetzeko lan egin dute, senide eta lagunek musika uzteko gomendatu arren. «Metalari esker, nire iritzia emateko ausardia dut, eta ezberdina izateko konfiantza irabazi dut», azaldu dio Rahmawati baxu jotzaileak AFP agentziari. «Agertokian nagoenean, behar bezala adieraz dezaket neure burua, jendeak nigandik espero duenari erreparatu gabe», gaineratu du.

Musikariek aitortzen dute presioari aurre egin behar izan diotela, behin eta berriz errepikatu dietela gazteak ezkondu egin behar direla eta beren herriko emakumeen urratsak jarraitu behar dituztela. «Gurasoek esan zidaten irakurtzen jakiteak ez zuela ezertarako balio», azaldu du Marsyak, taldeko abeslari eta gitarristak. «‘Ezkondu ondoren, senarrak ez du nahiko libururik irakurtzea, kozinatu eta etxea garbitzea baizik’, errepikatzen zidaten», gehitu du irakurle sutsu honek.

Erabakitasunez, hirurek euren familiak konbentzitu zituzten eta iaz Jakartan kokatu ziren beren errepertorioa hobetzeko. «Guretzat, musika zoriontsu izateko eta beste batzuekin partekatzeko bidea da», esan du Marsyak. 2018an erabaki zuten hiriburura aldatzea, "School Revolution" abestiak izan zuen arrakastaren ondoren –Indonesiako eskola sistema autoritarioegia deskribatzen du–. Gaur egun, ingurumenaren eta berdintasunaren aldeko eta Indonesiako gazteen problematikari buruzko abestiak lantzen dituzte, herrialdeko erlijio arauak eta generoaren inguruko estereotipo errotuak borrokatuz.

Mitoen miresmena

Finean, batez ere balio kontserbadoreen aurka borrokatzen dira musikari hauek, eta atzerrian ere oihartzuna izan dezakete, Yuka Dian Narendra musika adituaren esanetan. Taldekideak «Indonesiako gazte musulman arruntak» dira, eta euren patua aukeratu nahi dute, besterik ez.

VOB heavy metaleko klasikoen bertsioekin eman zen ezagutzera, eta arrakasta handia izan zuten sare sozialetan. Bideo horiek hainbat musikari ezagunek goraipatu zituzten, besteak beste, Nirvanako Krist Novoselic baxu jotzaileak, Red Hot Chili Pepperseko Fleak eta Rage Against the Machine taldeko Tom Morello gitarristak. «Ez genuen hori espero, amets bat izan zen», nabarmendu du Marsyak.

Pandemia hasi zenetik (indonesiarren muga gehienak itxi zituen), online jaialdietan parte hartu dute, hala nola Erresuma Batuko WOW Festival 2021 jaialdian eta Global Just Recovery Gathering jaialdian.

Baina beraien ametsa Coachellan, AEBetako festibalen Mekan, jotzea da: urtez urte munduaren arreta erakartzen dute antolatzaileek apirileko bi asteburutan Indio hirian (Kalifornia) izaten den jaialdirako fitxatzen dituzten izenek. Urteek aurrera egin ahala, mundu osoan egin da ezagun ekitaldia, eta denek hitz egiten dute han joko duten artista handiei buruz. Bertan System of A Down bezalakoak izan dira, VOBekoek hain maite duten taldea; haiekin jo nahiko lukete.

Bien bitartean, beren herriko emakumeengan inspiratzen jarraitu nahi dute. «Bigarren mailako herritar gisa tratatzen dituzte», adierazi du Euis Siti Aisahk. «Baina gure herrian emakume indartsu asko daude lanik gogorrenak beren gain hartzen dituztenak».