Gerardo Mungia
ETA MAITA HERRIA...

Gaurkotasun gaiak jorratzen dituen pastorala irakurgai, hamar ataletan

Gaur hasi eta iraila bitartean, Gerardo Mungia «Pintxe» iruindarrak idatzitako «Eta maita herria» pastorala argitaratuko du GAUR8k. Gaurkotasun gaiak jorratzen dituen lan honen lehenengo atalean, haren aurkezpenaz gainera, egun arte bizirik Zuberoan baizik iraun ez duen antzinako herri antzerki mota horren gaineko hainbat azalpen ere eskaintzen ditu Mungiak. Ilustrazioak Haira Ariztegik eginak dira eta Mikel Tabernak gainbegiratu du testua.

Audio_placeholder

‘Idoiarendako balada’.

Loading player...

Euskal Herriko mendialdeko etxaldeak, herrixkak, baserriak, gehienetan doi-doian zutik dira mantentzen edo husten ari dira. Gure herrian populazioa zahartzen ari da eta laborantza munduan nehon baino nabariagoa da. Ibarretan, haranetan, nabetan, ehunka borda, artola, etxola, jadanik bigarren etxebizitza baizik ez dira edo erraustuak daude betikoz. Lehen entzuten ziren hizkuntzaren aireak desagertu dira eta orain espainola edo frantsesa ditugu nagusi. Norbaiti ikasi diot erdara ere galdu dela; gaur txorien kantuak baizik ez baititugu entzunen leku bakarti hauetan.

Nekazaritza, abeltzaintza nola, enpresa handien eskuetan erortzen ari da. Aspaldidanik zereal enpresen inperioa Ebroko ibarretik Nafarroa eta Araba muskerreraino hedatzen da eta Aturritik barneraino; mahastietan ber gauza. Hilero ustiategiren bat galtzen da.

Gazteak herrietarik samaldan joan eta joaten dira administraziorako funtzionario bilakatzeko esperantzetan edo fabriketako lanari lotzera. Ezari-ezarian hiria nagusi, eta herri xumeak nahiz baserriak oporretarako gordegiak baizik ez dira izaten.

Eta ohar gaitezen ere azken berrogeita hamar edo hirurogei urte hauetan mandotik traktorera pasatu garela, gurditik laserrez gidaturiko makineriarat, hots.

Zer gero dute izanen artzainek? Hamabortz mila urtez gure mendiak artatzen, iratzeak eta belarrak metatzen, abereak zaintzen, gasna ekoizten aritu dira. Orain mendiak eta larreak basotzen ari dira; adaxkak, sastrakak, tartak nagusitzen dira; lehen ziren belardiak sasitzaz beterik dakuskigu eta suteen sortzeko arriskuaren muga-muturrean ditugu. Artzainek, laborariek, “indioek” bezala dute bukatuko? Langabezian, alkoholizatuak...?

Meritu alimalea daukate gazte horiek, nekazaritzari eta abeltzaintzari loturik segitzen dutenek beren proiektuak kartsuki defendatzen.

Orain, pastoral honen bidez, saiatuko gara kontatzen gazte hauen bizipozak, bizipenak, abenturak… sorlekuak, auzuneak eta familiak utzi ondoren. Hiri handian plantaturik. Zerotik hasteko prest.

Pastoral honen haria

Gain behera joandako Euskal Herriko ibar batean pentsatu dut istorio honen agertokia. Izan daiteke Orbaibar, Zaraitzu, Urraul, Erronkari, Aezkoa, Basaburua, Berrotza, Ergoiena, Longida, Arbailak, Malerreka, Andoze… Berez laborantzari eta abere hazkuntzari lotutako haranak.

Patxi eta Idoia (horrela izendatu ditut sujetak, protagonistak) beren herrietarik hiri handirat abiatu dira lanaren xerka. Gibelean, sorlekua eta arbasoen ogibidea utzi dituzte; nekazaritza edo abeltzaintza, alegia.

Mekanikan jaioa, Patxik berehala lantegi batean kausituko du lanpostua. Klase arteko borroka atxikiko du eta euskararen aldeko mugimenduan ibiliko da bizi den auzoko gau eskolan ikasle moduan. Euskaltegiko irakaslea den Idoiarekin maiteminduko da, usu agitzen den bezala, eta elkarrekin biziko dira. Hirian plantatu badira ere, beren herri tikiekilako loturek bizirik iraunen dute. Bi seme-alabaren aita eta ama izanen dira. Euskal Herriaren aurkako errepresioa hurbiletik ezagutuko dute Patxiren anaia Xabier preso altxatzen dutenean. Presoen sakabanaketa familia osoak sufrituko du.

Gazte honek lantegiko ekoizpen erritmoen gogortzea eta txanden aldaketak jasanen ditu, bere osasuna eta bizimoldearen kalitatea nabarmenki higatuz.

Idoiak, sorlekua gibelean utzi zuenetik, denda xehe batean lan eginen du eta, emaztekia izaki, lan baldintza zorrotzagoak eta baztertzaileagoak pairatuko ditu. Bigarrengoz erditu ondoren eta lanean amatasun bajan edo amatasun-arrêt de travailean ari delarik kanporatuko dute emazte izateagatik, bere dretxoak hausten badira ere. Dendaren nagusiak arranguraz erranen dio ez duela denda irekirik mantentzen ahal baldin eta bajan, arrêtean, segitzen badu.

Xehetasun zonbait

Pastoralaren mundura heldu berria baldin bazara, xehetasun batzuen ezagutzea lagungarria izanen zaizula uste dut; kabalkadak, zarzuelak, operak, teatro klasikoak, musikalak edo bertze ikusgarri anitzek nola, pastoralak taula gainean berezko egitura duela ikusiko duzu.

Xiberoako pastorala noiz sortu zen, nolaz, zein izan diren edo ziren utzitako bere lehenbiziko herexak, literatura eta antzerki mailan zer berezitasun dituen eta abar ez dut hemen aipamenik eginen; ez nauzuela ni egokiena uste dudalakoz.

Txomin Peillen, Jean-Louis Davant edo bertze idazle, ikertzaile, euskaltzain eta euskaltzaleen idazkiak begiratzen, irakurtzen ahal dituzu... Haiek emanen baitizute, nik baino hobeki, nahi duzun jakite guzia.

Beraz, pastoral baten gozatzeko eman dezagun orientazio arin zonbait.

Lehen-lehenik, pastorala herri antzerkia dela erran behar, ontsalaz auzolan kultural erraldoia dela. Diziplina ezberdinak uztartzen dituen antzinako herri antzerki mota bat da: bertsoak, koblak, batailak, dantzak, kantak, taula jokoak, musika, haur kantariak...

Bertsetak edo koblak dira izkribuaren funtsa. Bertsetak, usuena, lau lerrotan agertzen zaizkigu eta zortzi silaba ditu lerro bakoitzak, baina ez beti, ez derrigorrez; bigarren eta laugarren lerroak errimatuak izaten dira (pikoak).

Bertset hauen kantatzeko aireak gregorianoaren sustraia iradokitzen ahal du.

Kantoreak: (kantak, abestiak) 6, 7, 8, 10... izan daitezke. Molde, aire eta izari ezberdinekoak dira. Bakarka, binaka, emazteek bakarrik, haurrek bakarrik, artzainek, gizonek bakarrik... edo denek batera kantatzen ahal dituzte.

Taulak 10 bider 12 metro ditu. Espazio horretan jokatuko da pastorala.

Taularen gibelaldean 2,5 metroko garaiera bider 10 metroko luzera duen oihal zuria da teatro honen adelu bakarra.

Aipatu oihal edo holtz honetan hiru borta edo ate ikusiko dituzu:

Borta urdina. “Urdinen atea”, jende on eta zintzoarena (“eskuineko borta” deitua).

Borta gorria. “Gorrien atea”, jende gaiztoarena (“ezkerreko borta” deitua).

Erdiko borta. Ate hau zuria da eta bertze jende klaseak erabiltzen du (haurreriak, adibidez). Borta honetarik sartzen eta ateratzen diren jokalariak “erdikoak” izendatuko ditugu.

Ate edo borta hauetarik arizaleak agertu (jelki) eta atera (erretira) eginen dira dagozkien jelkaldietan edo eszenetan. Ardura, arizaleak agertuko eta aterako dira salako korridoretik, ikusleen artean, nehongo bortarik erabili gabe. Orduan erranen dugu kanpotik jelki ala erretira direla.

Apaingarririk, marrazkirik, altzaririk ez da agertokian izanen. Bakarrik lore eta ezpel erramu edo buket batzuk oihalari josten zaizkio bistatzeko maneraz. Arizale, jokalari edo aktoreen artean ez dago kontaktu fisikorik; dena gorputz espresio bidez, kantu, dantza eta makilen mugimenduaren bidez iradokitzen baita.

Erdiko borta eta borta urdinaren artean mahai tiki bat eta bere kadira jartzen dira. Hortik errejentak edo errejentsak (zuzendariak) bideratuko ditu pastoralaren urratsak. Kodigo batzuen bidez jokalarien entradak eta sortidak, musikarien sarrerak, dantzarien agerraldiak eta abar aginduko ditu. Taula jokoak, koreografiak, berak asmatzen ditu. Pastoralaren bihotza izaki, bere pilpiren erritmoarekin batera mugituko da pastorala. Orkestraren zuzendaria da.

Jokalariak, arizaleak (aktoreak), guziak afizionatuak dira. Nehork ez du sosik kobratzen.

Pastoralak hasten dira aurkezpen dotore batez. Lehen eszena honi lehen peredikua deituko diogu, eta kontatuko diguten istorioaren ulertzeko oinarria ematen du. Hortik zuzen abiatzen da kontaketa. Gaur egun pastoral batek 17tik 25era jelkaldi edo eszena izaten ditu, gutxi goiti-beheiti; bakoitza berezko musikaz lagundurik.

Sataneriak: eszena bereziak dira. 2, 3, 4... izan daitezke. Pastoralaren ezaugarrietako bat da. Luziferrek infernu zulotik gurerat igortzen ditu bere morroiak, mixkandiak diren “satanak”. Gure artean saiatzen dira bazterrak nahasten, bekaitza, herra eta aharra emazte-gizonen artean sorrarazten. Pixka bat eroak, tutuluak irudituko zaizkizu, baina dantzari kartsuak, dotoreak, trebeak dira.

Batailak edo gudukak: pastoraletan, Gaizkiaren eta Ongiaren arteko borroka jelkaldi hauetan idurikatzen da. Gorriak (gaiztoak) eta urdinak (onak) bekoz beko, makilaz borrokatzen dira. Epikotasun doi bat ikus dezakegu guduka hauetan.

Turkak: andereak dira, jeneralki kantiniersaz beztiturik agertzen dira; hargatik gizonak ere ikusi ditugu azkenaldi honetan. Ahalkegabeak eta mutiriak, bihurriak. Taula joko ikusgarriak egiten dituzte makilak airoski maneiatzen, firrindakak egiten, aieru eta ihakin probokatzaileak jendeari bidaltzen, aurpegiratzen eta irribarreak sorrarazten. Arauz, gatz pixka bat baino gehiago jartzen dute oholtza gainean.

Artzainak: astoarekin, txakurrarekin eta ardiekin igaten dira oholtzarat. Beren kantore ederra eman ondoren, talo antza duten opilak banatzen dituzte ikusleen artean. Eszena hau tenore sentikorrenetakoa duzu; emozioz beteriko unea da.

Haurrak: beren espazio berezia daukate. Tragedia baten barnean, “inozentzia”, “itxaropena”, gorpuzten ahal dute. Kantatzeko manera ere berezia dute, hots, lehen eta azken peredikuetan erabiltzen den ber aireaz (jeneralki, ez beti).

Dantzariak eta musikalariak: oixtian aipatu dudan bezala, errejentaren agindupean dira. Behiala txirula eta atabala ziren instrumentu bakarrak. Egun, hauetaz gain, mota guzietako instrumentuak adituko ditugu orkestra tiki bat osatzen.

Azken peredikua: derragun pastoralaren ondoriotasuna dela eta horrekin batera idazlearen aldetik haren mezu iradokitzailea agerian uzten dela.

Azken kantorearekin batera amaiera dator. Jeneralean Herriaren ohoratzea, Herriaren egoera sozioekonomikoa aipatzea, Herriaren edertasuna laudatzea, urtean zehar egin lanaren goraipatzea edo kontatu den istorioaren erresumena dira kantore hauen sujetak.

Eta aipatu behar jostunen edo dendarien lana, zurgin edo mahiastürüena, ile-apaintzaileena, elektrikariena, atezainena, makillatzaileena, komunikazio arduradunena, soinu teknikariena eta abar luze-luzea.

Oroit, adiskide: azalpen hauek ez dira nehongo “tesia”, bakunki, pastoral baten gozatzeko argibide orientagarriak baizik.

Bi hitz

Begirada bat eman diezaiegun iragan diren azken 250 urte hauetan jokatu pastoralei.

1750. urtean, adibidez, Eskiulan “Sainte Elisabeth du Portugal” taularatu zuten; Alozen 1796an “Roland”; Maulen “Abrahan” 1800ean oholtzara igan zen, eta 1900ean Liginagan “François 1er”. Eta gehiago, Larrainen 1920an “Jeanne d’Arc”; 1953an Ligin “Sainte Hélène”... Eta horietako gaiak jokaturik...

Baina Pierre Bordazarrek, artzain eta laborari, pastoralgile eta bertsolari xiberotar, kantugile, poeta, txirulari, sortzaile, euskaltzain urgazleak, «Etxahun Iruri» deitutakoak (Iruri, 1908-1979), bederatzi pastoral berri opa zizkigun, antzerki diziplina aldagaitz honetan denbora berri baten irekitzeko: “Etxahun”, “Matalaz”, “Berterretx”, “Santxo Azkarra”, “Iruriko Kuntia”, “Txikito Kanbo”, “Pette Bereter”, “Ximena” eta “Iparragirre”.

Gai historiko-sozialak, herri gaiak, taulara eraman zituen. Eta pastorala, herri antzerki xume hau, orozbakoz eraldatu zen, adituen idurikoz.

Ber denboran etorriko ziren pastoral ontzaile handiak, bikainak: Junes Casenave-Harigile, Jean-Louis Davant, Battita Urruty, Johañe Bordaxar, Pier-Pol Berzaitz eta izendaturen ez dudan hainbat eta hainbat gehiago.

Eta orain nerener egiten dudan galtoa: Isaak Asimov, Willian Shakespeare, Oriana Fallaci, George Orwell, Marguerite Yourcenar, Alfonso Sastre eta bertze idazle frankoren argumentuak, zer? Pastoral batendako lirateke txarrak, desegokiak...?

Eta tipustapan bururatzen zaizkit Olentzeroren besta, Bidasoaldeko den usaia zaharra; Zubieta eta Iturengo joaldunak; Lantzeko zortzikoa, kasik erritu dantza bilakaturik euskal geografia osoan; godalet dantza, Xiberoako dantza segurki ezagunena; larrain dantza, Lizarrako dantza; jauziak; jotak...

Ikusgarri hauek, gaur egun, Euskal Herriko lau eretzetarik jokatzen edo dantzatzen dira. Lehen ezagunak ez ziren tokian tokiko tradizioak, polliki-polliki zabaltzen dira eta berdin ikusten ahal ditugu Arabako Errioxan, Baxenabarren nola.

Eta bertze galdera bat: egun batez dugu ikusiko Xiberoatik Arabaraino, Nafarroatik Bizkairat, Lapurditik Gipuzkoarat Xiberoako Pastorala hedaturik, oixtian aipatu ikusgarri horiek bezala? Nik baietz.