Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Ikuspuntua zabaldu errealitateaz jabetzeko

Lan urte politikoa amaituta dago, datorrenaren zain; baina, beharbada, Euskal Herriko egoerari eta, batez ere, etorkizunari so egiteko ikuspuntua zabaldu beharra dago. Izan ere, udak markatu izan ohi duen denbora politikoaren muga igarotze honetan, azken hamarkadan, gauza asko aldatu dira urtetik urtera. Aldatzen joan dira. Oharkabean, batzuetan; astinaldi handiez, beste zenbaitetan.

Aieteko Konferentziaren eta ETAk borroka armatua uztearen hamargarren urteurrena izango da hurrengo urrian. Oslon elkarrizketa mahaia sortzeko ahalegina etorri zen segidan, baina batez ere ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ondorio izan zen hura dena, gerora armagabetze prozesua eta ETAren desegitea bera ekarriko zituena. Aieteko Konferentziak eta hari erakunde armatuak eman zion erantzunak suposatu zutena eta ekarri zutena baloratzeko parada izango da urteurren hori iristen denean, baita ekarri ez zuena eta egiteko utzi zuena ere, aurreko zikloaren ondorioak hortxe segitzen baitute oraindik ere nahikoa aterabiderik aurkitu gabe; batez ere, euskal preso politikoen aferari dagokionez.

Auzi eta eragin eremu nazionala

Hamar urte ez dira, horratik, alferrik pasatu, eta hainbat irakurketa zaharkiturik geratu dira, beste galdera batzuk sortu diren bitartean. Gaitasuna beharko da epizentroan gaur egun dugun Euskal Herriaren eta amesten dugunaren arteko igarobidea irudikatzeko, aukerak profitatzeko eta arriskuak saihesteko; are gehiago eskubide kolektibo eta indibidualen aldeko borrokan motorra izan den auzi eta eragin eremu nazionala lausotzeko mota eta era ezberdinetako arriskuak zaharberrituko direlako. Prozesu emantzipatzailearen oinarria ahaztea ez da sekula komeni.

Aitortu beharra dago, halere, azken urteetan erdietsitako egoera arras ezberdin honetan mundu mailako aldagaiak sekulako eragina izaten ari direla gurean ere, derrigorrean. Inkognita berriak, ez nolanahikoak sortu dira, bereziki azken urte eta erdian, guztion bizitza hankaz gora jarri duen pandemia dela-eta. Urtetan izandako gertaerarik garrantzitsuena izan da izurritearena, eta gauza asko utzi ditu agerian, ezintasun eta gabezia franko. Galdera asko ekarri ditu, baina erantzunak ez dira oraindik topatu; besteak beste, batzuek betikoarekin segitu nahi dutelako.

Alternatibak eraikitzea

Horrenbestez, gatazka politikoa oraindik konpondu gabe duen Euskal Herriarentzat edozein nazio proiektuk, auzi nazionalari eta auzi sozialari aurre egiteaz gainera, munduan gori-gori diren gaien aurrean ikuspuntu sendoa izan behar du, euskal gizartea kohesionatzeko gai izango dena. Klima aldaketa, teknologia berrien ondorioak, migrazioa, nazioarteko harremanak eta segurtasuna, eta halako beste hainbat gaik gero eta eragin handiagoa izango dute gure herrian ere.

Horrek denak dagoeneko ekarri duena badakusagu argiki: naturaren deuseztatzea, pobrezia, injustizia, diru eta botere pilaketa, kontrol soziala, gerra… Askatasunaren eta eskubideen aldarrikapenetik alternatiba eraldatzaileak eraikitzea gero eta beharrezkoagoa izango da. Ez da urte batetik bestera egiteko lana, baina biderik luzeenak ere urratsez urrats egin ohi dira. •