Andoni Urbistondo
Interview
Arnaitz Fernandez
Fisikaria

«Meteorologia zientzia ez-zehatza da, baina jendeak ez du ulertzen hori»

Umetatik eman dio atentzioa eguraldiak. Haurra zela elurrak erabat harrapatzen zuen eta oraindik lilura bera sortzen du iruindarrarengan. EITBko programa desberdinetan aritua, orain Madrilen ari da lanean, TVEn.

Iñigo URIZ | FOKU
Iñigo URIZ | FOKU

Txantreako semea. Osasunazale porrokatua. Fisikari lizentziatu berria. Euskal Herriko etxe askotako eguraldi mutila bilakatu da, EITBko hainbat programatan parte hartuz, eta Espainiako TVEn ari da orain, ordezkapen bat egiten. 25 urte eskasekin, bere bizitza espero ez zuen abiada hartzen ari dela dio. Iruñean elurra ari zuen egun batean jaio zen, eta meteoro hori maite du gehien. Atmosferaz, klima aldaketaz eta bizitzaz hainbat printza eman ditu ordu eta erdiko solasaldian.

Nor da Arnaitz Fernandez?

Iruindar gazte bat. 26 urte beteko ditut abenduan, Axular ikastolan ikasi nuen Txantrean, gero Eunate institutuan. Zientziak asko gustatzen zaizkit: biologia, astronomia… meteorologia ere bai, eta meteorologiaren inguruan lan egiteko aukeragatik Fisika egitea erabaki nuen. Gauzen zergatia ezagutzea dut gustuko, eta unibertsitatera bizitzan behin joaten zarenez, Fisika hautatu nuen, Bilbon. Hiriz aldatzea-eta ez dut oso gustuko, oso etxekoia naizelako, eta gaizki pasatu nuen lehen bi urteetan, nahiko nota kaskarrekin. Egoskorra ere banaiz, nafar-nafarra, eta ikasketak bai edo bai bukatuko nituela agindu nion neure buruari. Zazpi urtetan atera dut lau urteko karrera.

Meteorologo edo eguraldi iragarle asko fisikariak dira. Zergatik?

Fisikak azaltzen dituelako naturaren fenomenoak. Meteorologia munduan lan arlo ezberdinetan egin dezakezu lana: modelizazioa, komunikazioa, iragarpenean, ikerkuntzan… Iragarpena hautatzen baduzu, ezagutu behar duzu fenomenoen atzean dagoen fisika, baina komunikatzeko gaitasuna lortzeko geografo edo kazetari osagai bat ere izan behar duzu. Eguraldi iragarle bati azkar sumatzen zaio zer ikasketa dituen, ematen dituen azalpenengatik.

Eguraldi iragarle batek, beraz, alor askotako jakintza izan behar du.

Erabat. Pentsa Euskal Herria zein txikia den hedaduraz eta zer-nolako aniztasun geografikoa daukan. Jakin behar duzu zer efektu egiten duten Pirinioek, Kantauri itsasoak edo Ebro ibaiak. Ni orain Espainiako eguraldi iragarlea naiz, eta ez sinesteko modukoa da zenbat berezitasun dauden hainbat eskualdetan.

Zein da zure lehen eguraldi oroitzapena?

Elurra, noski. Leihotik begira geratzen omen nintzen sarri haurra nintzenean. Galderak egiten omen nituen etengabe etxean. Zenbat elur egingo du gaur? Edo zergatik hainbeste hotz, eta elurrik ez? Egun batean, Jose Miguel Viñas dibulgatzailearen liburu bat erosi nuen, oso interesgarria. Gero beste liburu bat etorri zen, beste bat, eta hortik zaletasuna. Gogoan dut institutuan, arbelean, egunero eguneko eguraldi ikonoa jartzen nuela, eta azkenean ikaskide eta irakasleak horren zain egoten ziren. Irakasle askoren imitazioak egin zalea izan naiz, badaude bideoak hor nonbait. Publikoki hitz egitea asko gustatu zait betidanik. Eguraldi zaletasuna eta jendearen aurrean hitz egiteko grina hori uztartu egin ziren egun batean.

Eta hortik Twitter sare sozialean eztanda, eta lehen deia komunikabide batetik.

Bai, Navarra Television-etik deitu zidan Roberto Camara zuzendariak, ea euren magazinean kolaboratu nahi ote nuen, Twitter-en ikusi zutela zer iragarpen egiten nituen eta beste. 2015a izango zen. Gero ETBko “Atera kontuak” saioan aritu nintzen, sei astez Ana Goitiarekin, eta jauzi handia “En Jake” saioan eman nuela esango nuke, audientzia handi samarra duelako. Estudioan bertan egiten nuen kolaborazioa. Tafallako uholdeen harira deitu zidaten. Xabier Lapitzen apustu pertsonala izan zela esango nuke (2019ko uztaila). “Qué Me Estás Contando” saioan ere agertu naiz, eta Radio Euskadi-ko “El Boulevard” magazinean ere bai. Asko eskertzen diet aukera eman didaten guztiei.

Zer iritzi duzu Twitter sare sozialaz?

Nik lata handia ematen dut. Niretzat funtsezko bitartekoa izan da. Gustuko duenak irakurriko nau, eta besteek ez, baina ni isilarazteko edo ez irakurtzeko baliabideak badaude, beraz…

10.000 jarraitzaile pasa dituzu Twitter sarean, eta izan dituzu gorabeherak, askok bezala. Nola bizi izan duzu egoera hori?

Balorazio orokorra oso ona da. Oso garrantzitsua izan da niretzat, eta gaur nagoen tokian baldin banago Twitter sareari esker izan da, hein handi batean. Erratzen zara, noski, dabilen guztia bezala, eta beti zer jartzen duzun neurtzea ez da erraza. Gero, meteorologia munduan badago halako pike berezi bat, batek hau esan, besteak berdina iragarri, eta haserretu… Iragarpen bat egiterakoan normalena antzeko gauzak esatea da, ez?

Komunikatzeko gaitasun handia duzu. Nolatan?

Ba ez dakit, ze ez naiz trebatu. Horrela ateratzen zait, eta gustura nago.

Zure ikusle finen batek esan zidan behin kameraren aurrean oso itxura ona daukazula, begietatik erraz sartzen zarela, fotogenikoa zarela.

Ez naiz horretaz jabetu. Albert Barniol eta Ana de Roque TVEko lankideek esan zidaten nire altxorra ahotsa zela, irrati-ahotsa neukala. Kamerarena ere natural ateratzen zait.

Aipatu dituzu bi lankide horiek. Nola sortzen da TVEn lan egiteko aukera?

Ba, berriro Twitter sarearen bitartez. Albertek idatzi zidan, telefonoa eskatzeko. Deitu zidan, aitatasun baja bat osatu behar zutela, eta CVa bidaltzeko. Bidali nion, eta bi astera, etxean Osasunaren partida bat ikusten ari ginela, Albert-en deia jaso nuen. Oso osasunazalea naiz, eta esan nuen, ‘zein demontre izango da orain deitzen duena?’. Ba, Barniol zen, eta Madrilera joateko eskatu zidan bat-batean. Maiatza izango zen. Hori esaten ari zela Budimir-ek gola sartu zuen, eta sekulako buila sortu zen etxean. Esan zidan Madrilen etxea bilatzeko, beraiekin lan egitea nahi zutela, eta halaxe joan nintzen. Hasiera batean pentsatu egin nuen: berriro hiriz aldatu beharra. Izan ere, hori ez dut oso gustuko, baina ezin nuen aukera hau galdu.

Zer esan zizuten gurasoek?

Oso pozik zeuden, noski.

Eta zer moduz lehen hilabetea Madrilen?

Oso ondo. Lankideek asko lagundu didate, oso jatorrak dira. Haiek ere ikusi dute lana gustuko dudala. Hurrengo hiru egunetako iragarpenetako mapak egiten ditut, modeloak eta beste aztertuta. Iragarpena gurea da, independentea. TVEren 24 orduko katearentzat ere hainbat tarte labur grabatzen ditut kroma batekin, minutu erdi edo minutukoak. Zuzeneko pare bat saio ere bai, eta grafismoak egin sare sozialen bitartez zabaltzeko. Abuztuan eguraldiko saio guztiak egingo ditut, eta une oro aterako naiz pantailan. TVEko eguraldia kateko saio ikusienetakoa da: tarteka lau milioi ikusleko langa gainditu izan du. Erantzukizun handiko lana da. Urduritasun puntu bat badut, jende askok ikusten zaituelako. Behin hasita lasaitu egiten naiz, ea zer moduz moldatzen naizen. Ikastea da nire helburua, eta gozatzen ari naiz.

Noiz arte duzu lana Madrilen?

Berez, hilabete batzuk; zenbat ez dakit, baina ez zait inporta. Niretzat amets bat da han lan egitea, opari bat.

TVE oso leiho polita da, ate handi bat ireki zaizu. Sartzea omen zailena.

Oso zaila da, bai. Are gehiago 25 urterekin. Albert Barniolek asko lagundu dit, gaizki egiten ditudan gauzak hobetzen: mugimenduak, esandako gauzak… Nire izena ezagutzen dute dagoeneko, eta ikusiko da zer gertatzen den. Une honetan ez nau arduratzen sobera lanaren iraupenak.

Eguraldi iragarleek zuen testuak prestatu, idazten dituzue, edo ez?

Nik behintzat ez. Etorria daukat, eta iragarpen batek hainbat klabe edo azalpen jakin ditu, normalean antzekoak izaten direnak egun batetik bestera. Inprobisatu egiten dut, eta natural etortzen zait esaten dudana. Ezinezkoa litzateke esaten dugun guztia memorizatzea, 10 minutu aritzen baikara hitz eta pitz. Tarte horretan ez dugu soilik eguraldi iragarpena ematen, dibulgaziorako tartetxoa ere hartzen dugu: fenomenoen zergatia, gertaera berezien azalpenak eta abar ere ematen ditugu.

Non irudikatzen duzu zure burua etorkizunean?

Komunikabideren batean, telebistan edo irratian, nahiz eta irratiak ez daukan telebistak adina oihartzun. Hala ez bada, meteorologiari lotutako lanen batean aritu nahi nuke. Natura arriskuen aurreikuspen lanak, edo Bigarren Hezkuntzako irakasle, Meteorologia erakutsiz, ez dakit. Irakaskuntza eta solasaldiak ematea ere gustuko dut. Euskal Herrian egin nahi nuke bidea, urte batzuk barru, baina ez dut aterik ixten.

Tenporetan-eta ez duzu fede handiegirik, oso zientziazalea zara, baina mende bat atzera, edo gehiago, egungo tramankuluak ez zituztenean, zer eguraldi zetorren jakiteko zerbait izango zuten…

Nekazariek asko dakite, zerua, lainoak eta beste behatzen. Horrek eduki dezake halako oinarri zientifiko bat, baina tenporak… Animaliek sentsore pilo bat dituzte, guk ez ditugunak, eta sumatzen dituzte aldaketak. Hori zientifikoa da. Ezin dena esan zera da: 15 egun barru sekulako elurtea dator. Zein da zure iragarpenaren oinarria? Nahi duenak nahi duena esan dezake, askatasuna nahi denerako, hori garbi utzi nahi dut. Asmatuko duzu edo ez, baina erakunde publikoen kasuan, garbi daukat aurreikuspen ofizialak hartu behar dituztela oinarri gisa, ez edonork Twitter sarean botatzen duen iragarpen bat.

Meteorologo ezagun batek esan berri du hainbat sektoreren presioa duzuela iragarleek eguraldi iragarpenetan, alarma sor dezakeen iragarpenik ez emateko, modeloek hala erakutsi arren. Hala da?

Nik behintzat ez dut jaso halako presiorik, eta ETBn Euskalmet agentzia meteorologikoaren iragarpena jakinarazten nuen. Ezin nuen nire iragarpen propioa eman, erakunde ofizialarena baizik, besteak beste ezin direlako bi iragarpen ezberdin zabaldu komunikabide berean. Gero nire kontuan nahi dudan iragarpena egiten dut, agian telebistan egin dudanaren ezberdina.

Jendeak ulertzen al du meteorologia zientzia ez-zehatza dela?

Ez. Iragarpenek kale egiten dutenean ez dute ulertzen. Lan handia dago egiteko, jendeari hori azaltzeko. Azken 50 urteetan aurrerapena itzela izan da zientzian, ordenagailuen munduan. Atmosfera kaotikoa dela jakina da. Atmosfera denbora bat barru nola egongo den jakin nahi baduzu, egun nola dagoen jakin behar duzu. Hori estazio meteorologikoekin, hegazkinekin eta abar jakiten dugu, baina tresna horiek beren akats tartea, marjina dute. Hortik dator erabateko ziurtasun faltarena. Atmosfera %100ean nola dagoen jakitea ezinezkoa denez, ondoren iragarpen akats horiek gertatzen dira. Jendeari esaten diozu: ‘euria egiteko %50eko probabilitatea dago’, eta jendeak ez du hori ulertzen. Eredu meteorologikoek egun dituzten datuekin iragarpen jakin bat egiten dute, epe jakin batera, baina iragarpen horiek ez dira zehatzak erabat. Ezin dugu zehatzak izan guztiz, eta jendeari hori ulertzea, onartzea kosta egiten zaio. %100 asmatzea ezinezkoa da. Meteorologiak historia aldatu du, erabakigarria izan da hainbat gatazkatan, hori da garrantzitsua. Iragarpenak hobetuko dira, baina %100eko ziurtasuna ez dugu inoiz lortuko.

Muturreko meteorologia fenomeno franko bizi izan dugu azken hilabeteetan: “Filomena” hotzaldia; sekulako bero parrasta Lyttonen, Kanadako Mendi Harritsuetan; orain Alemania hegoaldean sekulako triskantza uholdeekin. Zer hausnarketa egiten duzu fenomeno horien inguruan?

Hainbat hausnarketa. Muturreko eguraldi pasarteak beti gertatu izan dira, eta gertatuko dira, eta eredu klimatikoek diotena garbia da: gero eta maizago gertatuko dira halakoak. Industrializazioak atmosferaren funtzionamendu kimikoa aldatu du. Zer agertoki aurreikusten dira? Hainbat. Muturreko eguraldi pasarteak maizago ikusiko ditugu. Aurreikuspen batzuek diote orain baino okerrago egongo garela; eta beste batzuek, askoz okerrago, beraz…

Nola bizitzen dituzue iragarleek muturreko fenomeno horiek?

Arreta handiz, horien berri eman behar dugulako. Halako talka dago iragarleon eta kazetarien artean, joera baitago zehaztasunik gabe hitz egiteko. Kanadako bero boladari ‘bero kupula’ izena jarri diote Ipar Amerikan, eta ondo arrazoitua dago, baina hori hemen ez da gertatu, eta hala esan izan da Murtzian uztail hasieran izan ziren tenperatura altuekin. Fenomeno lokal bat izan da, bertako geografia eta orografiaren baitan sortutakoa. Borraska gehiegiri izenak jartzearekin ere ez nago ados. Meteorologia arrunkerian jaustea eragiten du horrek.

Gizatasuna kontziente al da etor litezkeen muturreko fenomenoek sor ditzaketen kalteekin? Kanadan 500 hildako egon dira, Alemanian mila pasa desagertu…

Ba, ez dakit, ze jabetzeak eta neurriak hartzeak egun dugun bizitza maila, modua, errotik aldatu behar izatea suposa dezake. Oso ondo bizi gara, eta ni naiz lehena hori onartzen. Gauzak ez ditut ondoegi egiten. Edozer gauza egiteko autoa hartu, abioiak, kutsadura…

Muturreko fenomeno horiek aldaketa klimatikoaren ondorioa direla diote zenbaitek. Ados al zaude iritzi horrekin?

Ez. Momentuz ezin da esan fenomeno horiek klima aldaketaren ondorioa direnik. Azterketa sakonagoak egin behar dira halako ondorioak ateratzeko. Muturreko fenomeno horiek maizago gertatzen direla ziurra da. Begira ‘Filomena’ hotzaldia, noiztik ez zen halakorik gertatzen. Noiz gertatuko da berriro? Nik akaso ez dut halakorik berriro ezagutuko. Zientzia daukagu, eta horri esker natura, atmosfera hobeto ezagutuko dugu urteek aurrera egin ahala. Begira covid-arekin eta bakunekin zer gertatu den, nola erreakzionatu duen gizatasunak, hain epe laburrean. ‘Filomena’ erauntsiarekin iragarpen ofizialek nahiko ondo asmatu zuten. Gero erakundeek ez zituzten aintzat hartu abisuak, baina hori ezin zaio zientziari leporatu, politikariei baizik.

Zein izan da mende laurdenean zuk zeuk bizi izan eta gehien harritu izan zaituen meteorologia fenomenoa?

Bilboko elurtea, 2018an. 10 zentimetro bota zituen, eta hori oso zaila da Bilbo bezalako bero uharte batean (hiri handietan sortzen den efektua). Goizeko lauretan jaiki nintzen eta umeek Olentzero etortzen den gauean bezala gozatu nuen. Tximistak ere gustatzen zaizkit asko. Gustura jakingo nuke gure arbasoek nola bizitzen zituzten muturreko fenomeno hauek, zer pentsatzen ote zuten. Urteak daramatzat hurrengo eguneko iragarpenean pentsatuz, dagoeneko ahaztu egin zait zer den hurrengo egunean egingo duen eguraldia jakin gabe bizitzea. Meteorologiak, baina, beti dauka edonor harritzeko indar hori. Asko dakigu, baina era berean, ezer ez. Inguruan dugun guztia ulertu nahi nuke. Onartzen dut, friki bat naiz.