Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

PLANETA BABESTEKO BEHARRA OROITARAZTEN DUTEN EURITEAK

«Ehun urtean behin ikusten diren uholde urak». Hala deskribatu dituzte Txinako agintariek aste honetan Henan probintzia astindu duten euriteak. Azken datuen arabera, 33 pertsona hil dira. 376.000 pertsona ebakuatu behar izan zituzten eta 215.200 hazkuntza hektareak baino gehiagok kalteak jasan dituzte. Xi Jinping presidente txinatarrak uholdeak «oso larritzat» jo ditu. Alemanian, Belgikan eta Herbehereetan ere triskantza eragin zuten uholdeek. Alemanian gutxienez 170 pertsona hil ziren. Pasa den igandean, Angela Merkel kantzilerrak kalte handienak izan zituen eremua bisitatu zuen. Ikusitakoa deskribatzeko hitzik ez dutela aurkitzen aitortu zuen. Gertatutakoa klima aldaketarekin zuzenean lotu gabe, pertsonen esku-hartzea birpentsatu behar dela eta planeta babesteko konpromisoak azkartu behar direla esan zuen. Hondamendi meteorologikoen eta horien ondorioen gainean txostenak eta txostenak idatzi dira. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da eta horren adibide garbiak dira Txinan eta Europaren bihotzean gertatutakoak.