Jone Bilbao
ZENU INDIGENAK

Marjinetatik josiriko memoriak

Kolonbiako Cartagena de Indias hirian finkatutako zenu komunitate indigenaren ibilbidea herrialdea astindu duen gatazkak emandako produkturik gordinenen ebidentzia da. 180 bat familiak osatutako barne desplazatu talde honi 2009an, subjektu politiko gisa, gatazkaren biktima izatea aitortu zioten.

0731_zenu1
Rodrigo Alejandro PAREDES

Kolonbiako guda ez zen bukatu Juan Manuel Santosen gobernuak eta FARC-EP gerrillak 2016an Bake Hitzarmenak sinatu zituztenean. Era berean, Latinoamerikako herrialde honetan tragedia ez zen jaio joan den mendeko 60ko hamarkadan; hain zuzen, Marketalian nekazari errebelde talde batek errepublika independente bat eratu zuen sasoi hartan eta, orduko gobernu oligarkikoaren errepresiotik babesteko borroka armatura jo zuten, gerora FARC-EP gerrillaren fundatzaile nagusi bilakatuko ziren Manuel Marulanda eta Jacobo Arenasen gidaritzapean. Espainiar metropoliaren mendekotasun kolonialaren uztarripean harrapatuta gelditu zenetik, gaur Kolonbia gisa ezagutzen dugun lurraldeak ez du bakerik ezagutu. Beraz, XIX. mende hasieran independentziaren jazoera gogoangarria faktore historiko garrantzitsua izan arren, berau partziala, marjinala edo, Orlando Fals Bordak esan zuen legez, «amaitu gabeko iraultza» izan zen.

Kolonbian biztanleriaren gehiengoaren borondatea kartzelaturik duen erregimen uribistak oztopatu egin du kolonbiar gizarteak bakean bizitzeko behar duen premiazko aldaketaranzko bidea: parte-hartze politikorako baldintza seguruen bermea. Horixe da, lurren jabetzaren metaketarekin batera, Kolonbiako gatazka konponezin egiten duen faktore nagusia, eta horrexek eraman ditu borroka armatuaren bidetik herrialdearen historia ofizialean tokirik izan ez duten hainbat sektore politiko eta gizatalde. Baina, baztertuenen artean baztertuenak etsaien arteko suen bidegurutzean harrapaturik gelditu dira edo, are txarrago, kondenatuak izan dira elkar hiltzera, patroiaren hitzak ezpainetan dituztela herriaren kontura aberasten direnen txotxongilo papera interpretatzera.

Geopolitika, erdigunean

Ez da testu honen helburua gatazka armatuaren azterketa luze eta zehatza egitea. Baina, historiari buruzko gutxienezko nozio batzuk izan barik ezinezko da behar bezala aditzea Kolonbiako zenu indigenen egungo errealitatea.

Herrialdeko elite komertzial eta narko kapitalista tradizionalak mendeetan metatutako aberastasuna soil-soilik lur garbiketa fenomenoaren bidez uler daiteke. Kolonbian politikaren eta merkatuaren jabe direnek herrialdea nazioarteko industriaren garapenaren zerbitzura jarri izan dute, horrela, kapitalismo transnazionalaren joko-taulan subiranotasunari uko egin eta kolonbiar gizartea behartuz nahitaezko lehengai ekoizle eta atzerriko manufakturen kontsumitzaile amorratuaren papera jokatzera. Horretarako, ezinbesteko baldintza izan da lurren jabetza modu esponentzial batean kontzentratzea eta, bide batez, kolonbiar komunitateen aniztasunaren garbiketa eta errotiko erauzketa.

Zenu indigenen jatorria iparraldeko departamentu batean dago, Cordoban, Sinu ibaiaren arroan, eta lurralde honen historiak Kolonbiako gatazkarenarekin bat egiten duenean, azal-azalean gelditzen da zenuen zoria ez dela ausazkoa. Indigena izateak, logika kapitalistaren irizpideen arabera pobreak izateak, armatu gabeak eta interes ekonomiko handia erakartzen duen antzinako lurralde bateko babeslekuetako aborigenak izateak ikaragarri determinatu du zenu herriaren historia.

Botere politiko eta ekonomikoaren elkargunean, topo egiten dute geopolitikak eta humanismoaren printzipioen eta bizitzaren balioaren gainbeherak: bidegurutze horretan, joan den mende hasieratik Kolonbiak bizi izan duen indarkeria boladak berebiziko bortiztasunez astindu ditu zenuen lurrak, garapen ikuspegi iparramerikanizatuak zenuen herrixketan lurreratu eta baliabide naturalen depredazio prozesuari ekin dionez.

Herrialdeko lur jabe eta narkotrafikatzaile nagusiek babesturiko gerra, indar publiko ofizialek ez ezik, estatuen aliatu diren aktore paramilitarrek ere gauzatu dute. Kolonbiako landa eremuko beste hainbat komunitate indigena, beltz eta nekazarien legez, zenu herriak bere lurraren defentsaren aldeko borroka historikoa garesti ordaindu du, horren adierazle nagusi direlarik talde paramilitarrek eraildako liderrak, bortxatutako emakumeak, legez kanpo errekrutatutako haur eta gazteak, baita mehatxu eta terrore politikaren ondorioz desegin diren hainbat komunitate-antolatze prozesu eta ondare babeserako ekimen ere.

Zenuak Cartagenako estoldetan

Cartagena de Indias Kolonbiak nazioarteko merkatuko galerietan harrotasunez erakusten dituen bitxi preziatuenetako bat dugu. XVI. mendean Afrikatik garraiatutako esklaboek hiriaren defentsarako altxatutako harresien babesean, sekulako etekinak ematen dizkie edertasun kolonial horren ustiapenaren jaun eta jabe egin diren hiruzpalau enpresariei. Paradisuko estoldetan ezkutaleku aparta aurkitu du prostituzio eta sexu esklabotzaren negozioak eta, harresiez haratago, aireportuan lur hartu aurretik hegazkineko ikuspegi panoramikoak ezkuta ezin ditzakeen miseria poltsek edozein momentutan lehertzeko zorian dirudite.

Migrazio prozesu latz baten ostean, beren lurrak bertan behera utzita, Cartagena hirira balizko bizimodu lasaiago baten bila iritsitako zenu indigena gehienen kasuan, hurbileko baten erailketak edo zuzenean jasotako mehatxuek behartu zituzten azken erabakia hartzera. Baina biolentzia ekonomikoa ere kontuan izan beharreko faktorea da ekuazio honen baitan. Cartagenako biztanleriaren %54,7k bezala, zenu indigenek ez dute tokirik izan hiriko lan merkatu formalean eta, beraz, kafe-saltzaile ibiltari gisa egin behar izan dute beren tokia lurpeko ekonomiaren su-leize lehiakorrean. Halaber, Cartagenako populazioaren %45,6 bezala, zenu komunitateko familiek ez dute sekula etxebizitza duin bat izateko eskubidea eskuratu: muino malkartsuenetan, zabortegietan edo zingiretan harea mugikor, gaixotasun eta eltxoen mende bizitzearen praktikak berak erresilientzia hitzaren hutsaltasunik miserableena agerian uzten duen bitartean, irudimenik bikainena ere iritsiko ez litzatekeen muturretaraino jo beharra izan dute zenuek beren txabolak altxatu eta, bide batez, bertatik beren bizitzen duintasuna aldarrikatzeko.

Komunitate honek ez du egoera honen aurrean soilik gizabanakoari erasotzen dion arazo bat ikusten, eskubideak ohiko ongizate estatuaren kontzepzio modernotik harago hausnartzen dituztelako: egun bizi duten egoeraren alderdi latzena da beren eskubide kolektiboak guztiz zapalduak dituztela, Cartagenako zenuak auzo eta lur periferikoetan sakabanaturik bizi baitira, eta horrek dakartzan desegituraketa eta hondamendi kulturala arazo larri bezain atzeraezinak dira.

Periferiako pobre eta baztertuen metaketa, komunitate etnikoen sakabanaketa eta erauztea, lan merkatu baztertzailea, etxebizitza ziurtasun falta, osasun arretarik eza eta kalitatezko hezkuntza publikorako sistema baten falta, horiexek dira argi eta garbi Kolonbiako errealitatea laburbiltzeko eta erregioko kriminalitate tasa handiaren zergatia argitzeko behar ditugun oinarrizko osagaiak.

Horiexek dira, izan ere, agerian uzten dutenak Cartagena, erregioko paradisu naturala izanik ere, eta bere kultura eta arkitektura ondarearen handitasuna ukaezina dela aitortu arren, garapen ikuspegi distortsionatu baten eredu argia dela: hiriaren plangintza prozesuan alde batera utzi ziren lur haietako jatorrizko biztanleak eta beren bizi baldintza eta beharrak.

Emakumeen jarraibidea

Heroikoa, erdaraz La Heroica, horrela ezagutzen du jendeak Kolonbian Cartagena de Indias. Kostaldeko txoko berezi honetako herritarrek belaunaldiz belaunaldi mantendu dute Pablo Morillo espainiar jeneralaren tropek zuzendutako birkonkistatze prozesuan, 105 egunez goseteari eta eraso etengabeei eutsirik, konkistatzaileen aurrean amore eman baino beren bizia independentziaren zerbitzura jarri zuen herri ausartaren pasadizo gogoangarria.

Tamalez, egungo Cartagenan galdu egin da beren bizia ematen duten pertsonak ohoratzeko tradizioa. Galdu egin dira, baita, edozein gizartetan gutxieneko bizimodu duin bat bermatzeko ezinbestekoak diren baldintzak. Bizia jokoan jartzen duenak esku artean fusilik ez duenean, lanerako orgatila, garbiketarako zapia, erratza edo kafe termoa baizik, heroikotasun mailak izugarri egiten du behera. Bere integritatea arriskatzen badu soil-soilik elikatu ahal izateko edo bere familia eta komunitatearen existentzia mantentzeko, orduan duintasunaren argi-koroa segituan moteltzen eta narriatzen da gorrotoak eta hipokrisiak kiskalitako gizarte baten begien aurrean.

Indigena izatea, pobrea izatea, migratua izatea eta, horrez gain, emakume izatea, ikusezintasunari atea parez pare uzteko berme da.

Cartagenako testuinguruan emakume indigenen degradazio mailak gora egiten du hiriko lur jabe, errentatzaile eta gaueko klub eta putetxeen ugazaben diru-sarrera jarioa ugaritzen den heinean.

Zenu emakume asko etxekoandreak dira eta, beste asko, estratu altuetako etxebizitzetan neskame lanetan aritu ohi dira. Unibertsalak eta ongi ezagunak dira patriarkatuaren arauen oinperatze adierazle handietako bat den erregimen horren pean ernetzen diren biolentziak. Baina, Kolonbian, arrazakeriaren eta klase eta genero diskriminazioaren intersekzioaren erdi-erdian era guztietako indarkeriek zeharkaturik bizi diren emakume indigenek ongi dakite ez dela gauza bera Europan edo Kolonbian etxekoandre izatea.

Jakituriaren eramaileak

Dilia Florezek, Daniel Lemaitre auzoan bizi den zenu indigena komunitateko liderrak, bere amaren eta emakumezko arbasoen eredua izan du erreferente bere ibilbide politikoan. Gezi-kanaberaren ehuna, eta berau erabiliz egiten dituzten artisautza lanak dira egun zenuek mantentzen duten ondare bakarrenetakoa. Milaka urtez gordetako jakituriaren eramaile diren emakumeek rol garrantzitsua izan dute, artisautzaren eta parte-hartze politikoaren bidez, beren komunitate indigenaren identitatea eta kultura berezitasunaren babesteko lanean.

«Nire ama izan zen gure familian lehenik Cartagenara etorri zena. Berak modu guztietako tratu txarrak jasan behar izan zituen bertan, indigena zelako eta emakumea zelako. Betidanik guztiz maskulinizaturik egon den kafe salmenta ibiltarian sartu zenean argi utzi zuen berak ez zeukala arazorik genero rolak desafiatzeko. Orduan hasi zen nire ama emakume moduan independizatzen. Horrek arazo handiak ekarri zizkion, bai zenu gizartean eta baita Cartagenakoan ere, biak baitira oso kontserbadoreak».

Pobreak, jipoituak, bortxatuak...

Komunitateko iraganeko eta egungo hezur-haragizko emakumeak, pobreak eta arrazializatuak, jipoituak, bortxatuak eta umiliatuak, berauek dira, sakabanaketari eta kolonbiar Estatuak babesturiko erauzte planari desafio eginez, lehen josturak eta motiboak ehundu dituztenak zenuen komunitatea taxutzen ari den autonomia eta konfiantza sare kolektiboan.

Komunitateko hainbat emakumek, buru-belarri diraute gezi-kanaberaren zuntzak ez ezik ideia, gogoeta eta ekimen berriak josten, komunitatearen batasun eta eragile politiko izateko gaitasuna indartzea zerumugan. Ondorengo erronka izango da, Cartagenako zenu indigenentzat, lehen aldiz hiri honen historian, indigenen Hiri Kabildo bat eratzea, horrek ekarriko bailuke aukera estatuko instituzioen aldetik aintzat hartuak izateko eta, komunikazio kanal ofizial bat irekita, komunitatearen autogobernuaren alde eragin politikoa gauzatzeko.

Zinema mutuko film bateko pertsonaiak izango balira lez, Kolonbiako komunitate baztertuenek, gatazkak bortitzen astindu dituztenek, anonimotasunean idatzi dute beren historia, guda burrunbatsu baten erdian atrapaturik itsu-itsuan amiltzen ari den kolonbiar gizartearen marjina batetik. Beren memorian eta erresistentzietan, biziraute saiakera eta ikusmiran, beren artisautza, ehundura eta jositako motiboen esanahietan, bizirik dirau oraindik Kolonbian errepublika berri bat pentsatzeko beharrezko interpretazio iturriak. Berekin daramatzate, kolonbiar gizarte baketsu eta askotarikoa ikusmiran, klase agintarien miseria moralak bazterturik utzi dituen biztanle guztientzat adierazpen kanalak irekitzen hasteko giltzak.