Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Suizidatzea… irtenbiderik ikusi ezin denean

Irailaren 10a izan da Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna. Kosta egiten zaigu, eta kosta egiten zait gai horretaz hitz egitea. Izan ere, idazten hasi aurretik neuk ere birritan pentsatu dut, «beste zeozertaz arituko naiz oraingoan, beste zerbait alaiagoaz». Kezkatzen nauen gaia da, ordea, batez ere gazteen artean gertatzen ari dena.

Gauza da Aitziber Garmendiak eta beste profesional askok dioten moduan, badela garaia tabu handi honetaz hitz egiteko modu publikoan. Iluntasunetik eta sekretutik argira pasatzeko, hitz egiteko, lotsak kentzeko eta erruak xamurtzeko.

Gertutik bizi izan dugunok badakigu zenbat mugitzen duen heriotza mota horrek, eta jendartean duen pisuagatik eta beste hainbat ezaugarrirengatik familiek modu ezberdinetan bizi dute dolua. Askotan erruz beteta, mila galdera buruan, «hau edo hura egin izan banu, esan izan ». Pelikula bat egunero, une oro burutik pasatuko balitz lez.

Denborak eta lanketa terapeutiko egokiak xamurtzen dute samina, kalera ateratzeko indarrak hartu eta besteen begiraden pisua sumatzen duzun bitartean. Beren buruaz beste egin duten pertsonen senideek beren auzoetako, herri txikietako lankide eta bizilagunen begiraden pisuarekin bizi behar izaten dute denbora batez. «Hura da bere buruaz beste egin duenaren bikotekidea, ama, ahizpa edo alaba…». Inork seinalatu gabe seinalatuak sentitzen dira. Eta horrek dolua asko korapilatzen du.

Bestalde, heriotza mota hauek batzuetan abisatu gabeko eta beste askotan abisatutako heriotzak izaten dira. Topiko asko daude gai honen inguruan: «Askotan esaten badu, lasai, ez du egingo»; edo «gazte hura ari da lagunartean esaten gaizki dagoela, bizitzeko gogorik gabe, baina garai hauetan normala da, denok antzeko gabiltza; hobe da beste familien gauzetan ez sartzea, gazteek askotan esaten dute, baina txantxetan ari dira…».

Nahiz eta maite dutenentzat samina izugarria izan, suizidio guztiak niretzat ez dira berdinak: pertsona gaztea, heldua edo zaharra izatea, gaixotasun baten kronifikazioak eragindako erabakia izatea, edo bat-batekoa. Horiek guztiek badute eragin handia doluan, eta baita ere zenbateraino uler dezakegun maite dugun pertsonaren erabakia.

Gazteen suizidioak izugarri igo dira, eta horrek jendarte osoa erne jarri beharko gintuzke. Benetan ikaragarriak dira datu estatistikoak: nerabeen artean, pandemia garaian arreta psikiatrikoa jaso dutenen portzentajea %50 igo da. 15-29 urte bitarteko adinekoen artean, arrazoi naturaletatik kanpo, lehen heriotza arrazoia da. Eta Gipuzkoan beren buruaz beste egin dutenen portzentajea %20 igo da, trafiko istripuengatik baino gehiago izanik.

Suizidioa iluntasunetik ateratzen jarraitu behar dugu guztion artean: beldurrik gabe honetaz hitz egiten, eskoletan prebentzio saioak ematen; Osakidetzak baliabide gehiago jartzen bertako profesionalek prebentzio eta esku-hartze lanak egin ahal ditzaten, gaur egun gainezka baitaude.

Osasun emozionalaren arloan profesional gehiago behar dira, garrantzia ematen hasten ez bagara tsunami hau geldituko duenik ez delako izango.

Baina hori guztia baino garrantzitsuagoa: denok geure buruari galdetu beharko genioke zer-nolako jendartea sortzen ari garen gure gazteek bizitzen jarraitzeko gogorik ez edukitzeko. Zer balio mota baztertu ditugun bidean eta zeintzuk lehenetsi ditugun, banakotasuna, bakardadea… Kapitalismo ero honek nora garamatzan! •