ELGETAREN DOINU ETA BIZITZA BIZIAK KOMIKIRA EKARRIAK

Elgeta bizitza aldapatsua izan zuen trikitilaria izan zen, bera hil ondoren jaio diren trikitilariek miresten segitzen dutena. Soinu txikiari bi nota gehitu eta edozer jotzeko balio zuela erakutsi zuen. Errepublika garaiko gizona, ateoa, irakurzalea, sozialista eta sistemari bizkar eman ziona. Koldo Izagirrek, Dani Fanok eta Garlukek komikira ekarri dituzte haren bizitzaren printza batzuk.

gara-2021-10-07-Crónica

Elgetari buruz gehiago da ez dakiguna dakiguna baino. Hori mauka handia da guztiontzat, hor espazio libre bat daukagulako jokatzeko», bota du Koldo Izagirrek. Dakigun horretatik tiraka, “Sasi artean Elgeta” komikia ondu dute Koldo Izagirrek berak –gidoia–, Dani Fano marrazkilariak eta Garluk koloristak. Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak babestu dute proiektua. Elkarlan bete-betea izan da, beraz.

Jazinto Rivas Sanz “Elgeta” (1906, Donostia-1964, Tolosa) itzal handiko artista da trikitilarien artean, musikaren ertzetik begiratuta ekarpen oso garrantzitsua eta interesgarria egin ziolako soinu txikiari. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari Agurtzane Elustondoren hitzetan, «soinu txikiaren munduari ekarpen handiak egin dizkio, bai errepertorio aldetik eta bai musika tresnari berari, bi nota gehitu zizkiolako. Munduan ez dago berezitasun hori duen beste soinu txikirik. Gainera, transmisio lan handia egin zuen, irakaskuntzan egin zuen lana oso garrantzitsua izan da. Bere ikasle izan dira trikitilari handi asko. Elgeta izan ez balitz, trikitixa oso desberdina izango litzateke gaur egun».

Eta bere bizitzari erreparatuta, ume-umetatik bizipen oso gogorrak izan zituen Elgetak, bere ibilerak eta izaera markatu zituztenak. Askotan esan denez, «film bat egiteko moduko bizitza» izan zen Jazinto Rivasena. Oraingoz film bat ez, baina komiki bat osatu dute Izagirrek, Fanok eta Garlukek.

Koldo Izagirrek 2001ean osatu zuen “Elgeta, sasiaren sustraiak” liburu biografikoa, ezagutzen zen informaziotik tiraka, han eta hemen galdetuz eta ikertuz eta baita bidean mito batzuk deseraikiz ere. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen “Soinuaren Liburutegia” proiektuaren baitan osatu zuen liburua. Orain, Dani Fano marrazkilaria eta Garluk kolorista bidelagun hartuta, komikira ekarri dituzte hiruren artean Elgetaren bizitzaren printza batzuk.

«Oso zaila izan da niretzako. Nik ez nekien komikietarako idazten eta ikastaro bat egin behar izan dut. Beti da aberasgarria testuarentzako irudigile batekin lan egitea. Irudiak askotan adierazten du hitzetan adierazia dagoena eta, orduan, hitza kendu egin behar da. Ikasi behar da kentzen, ikasi behar da zer den garrantzitsuena», adierazi du Izagirrek.

Gustuko aldapa izan da, hala ere. «Alde batetik ikastaro gogorra izan da, zaila, baina beste alde batetik gozamena. Nik idatzitakoak marrazki bihurtuta bidaltzen zizkidatenean, eta gero dena margotuta, egia esan gozamen hutsa izan da. Ondo pasatu dugu».

Talde lan oparoa izan da

Dani Fanoren hitzetan, «anbizioa izan dugu eta mami asko sartzera joan gara. Komiki honek irakurleari bere aldetik asko jartzea eskatzen dio. Hori oso polita da eta komikiaren oso berezkoa. Komikiaren klabea elipsia da, bineta artean gertatzen dena. Hori irakurleak osatzen du. Eta parte hartzeko aukera hori da komikizaletasunaren muina. Komikizalea oso zalea izan ohi da. Zergatik? Irakurketan parte hartzen duelako. Komiki honetan elipsiak sekulakoak dira. Marrazteko oso erritmo biziko narrazioa izan da. Azken batean, horrelako talde lan batean jasotzen duzuna pixka bat gorago eramaten saiatzen zara. Nik beste zerbait ematen banion testuari, pixka bat gorago jartzen nuen. Eta gero Ekaitzek nirea hartu eta are gorago jartzen zuen kolorearekin. Nik nire marrazkiak ez nituen ezagutzen Ekaitzek kolorea eman eta gero. Nire lehen aldia izan da kolorista batekin. Lehendabizi konturatu naiz nik kolorea oso gaizki ematen dudala eta kolorista on batekin lan egitea zer den ikasi dut. Une batean ez nituen ezagutzen nire marrazkiak, baina onerako».

Fanoren ustez, komiki batean ez dira koloreztatu behar marrazkiak, «gidoia koloreztatu behar da». «Horretan da trebea Garluk. Bineta batzuetan sartu dituen koloreek narrazioari sekulako mesedea egiten diote eta horrek sekulako balioa ematen dio komikiari. Istorioa koloreztatu behar da. Narratiban laguntzea da helburua».

“Sasi artean Elgeta” ez da biografia bat, baina 46 orrialdetan barna ibilbide bat egiten du bere jaiotzatik heriotzara arte. «Ez da erraza hori guztia 46 orrialdetan sartzea. Lortu dugu, baina sintesi lan handia izan da. Erraz irakurtzen da, baina erronka zaila zen», jarraitu du Fanok. Iñaki Holgado marrazkilariak editore lan zorrotza egin duela ere nabarmendu dute.

Eta Eibarko Badihardugu Elkartearen laguntza ere izan dute. Taldean osatutako proiektuan garrantzitsuak izan dira haiek emandako puntadak, Elgetaren garaian Eibarren hitz egiten zen euskararen ñabardurak fin-fin josi baitituzte. Izagirreren hitzetan, «sinesgarritasuna eman behar genion eta haiek beste koska bat egin dute. Hasierako nire asmoa ñabardura gutxi batzuk sartzea zen, nahikoa izango zelakoan, baina gero konturatu nintzen gehiago behar zuela. Badihardugu Elkarteko Asier Sarasuak eta Aintzane Agirrebeñak lan handia egin dute. Saiatu dira eta lortu dute Elgetaren garaian erabiltzen ziren hitzak eta espresioak sartzen». Izagirreren esanean, «esku on askok parte hartu dute proiektu honetan».

Nor zen Jazinto Rivas Sanz «Elgeta»?

Jazinto Rivas Sanz Donostian jaio zen 1906. urtean. Ordurako baziren etxean beste lau haur eta ama bakarrik zegoen, senarra Duesoko kartzelan preso zegoelako. Krimen bat tarteko, biziarteko kartzela zigorra zeukan.

Emakumea estu bizi zen, besteen arropa garbitzetik, orduan Donostian zen auzorik pobreenean; Ondarretan. Hezetasun handiko tokia zen, kartzela ere bertan zegoen... auzo gogorra zen bizitzeko. Jaio eta egun batzuetara, arropetan bildu eta Artzain Onaren katedralean utzi zuen amak, jaioberriak uzteko zegoen tornuan. Akaso amak idazten jakingo zuen edo, bestela, idazten zekien norbaiti eskatuko zion papertxo batean haurraren izena jartzeko. Eta orratz batekin lotu zuen papertxo hura haurraren arropetara. Horregatik jakina da bere izena: Jazinto Rivas Sanz. Izan ere, handik Zizurkilgo Fraisorora eraman zuten –haur abandonatuentzako etxera– eta bertako mojek izena aldatu zioten: Baldomero Erlaiz jarri zioten.

Titi-ama bat topatu zioten eta familia hark eraman zuen haurra. Ezezagunak diren arrazoiak direla medio, lehenengo familia horrek bueltan utzi zuen Fraisoron eta Bergarako Intxuzabal baserriko familiak adoptatu zuen. Hasieratik izan ziren gogorrak Elgetaren egunak. Sasikoa esaten zioten, adoptatua izan zelako. Izagirrek kontatu duenez, «berak esaten zuen bataiatzera zeramatela, maindire batean bildua, eta sasian geratu zela arropa trabatuta. Horregatik zela bera sasikoa. Agian horrela adierazi nahi zuen ez zela bataiora iritsi. Bizkorra zen gizona».

Mojek Baldomero Erlaiz izena jarri zioten arren, koskortu zenean ama biologikoak jarritako izena berreskuratu zuen: Jazinto Rivas Sanz. Koldo Izagirrek Elgetari buruzko liburuan esaten duenez, bera maitatu ezin izan zuten gurasoei eta ezagutu ez zituen aita eta amari maitasuna erakusteko modua izan zitekeen. Aita Torokoa zuen eta ama Valladolideko herri txiki batekoa.

Haurra zela, errekan bainatzen ari ziren eta erori egin zen irrist eginda. Eskumuturra hautsi zuen. «Beti geratu omen zitzaion esku eskubia oker eta printzipioz kalterako behar zuena, mesede bihurtu zen eta horregatik jotzen omen zuen hain ondo», esan du Izagirrek.

Intxuzabal baserrian hazi zen, baina ez zuen lotura estua izan familiarekin. Hilzorian zegoenean mojei esan zien berak ez zuela ez familiarik ez lagunik, ez zegoela zertan inori abisatu hiltzera zihoala. Bukaera tristea izan zuen, beraz.

Sozialista Eibarren

Oso gazte zela Eibarren hasi zen lanean, eraikuntzan. Bertako musika bandako kideekin laguntasuna egin zuen eta haien eskutik aberastu zuen bere errepertorioa. Era berean, bertan ezagutu zituen eta bere egin ideia sozialistak. «Sozialista zen. Eibarren gerra aurretik sozialista izatea komunista izatetik oso gertu zegoen», azaldu du Izagirrek. Kartzelan egon zen. Hamabi urterako kondenatu zuten eta eibartarrekin Amuategi batailoian aritu zela uste da. Formakuntza ateoa zuen eta oso irakurzalea zen.

Ez zuen alkoholik edaten, abstemioa zen, baina puruarekin ibiltzen zen beti. Errezale handia zen. Laja trikitilariak kontatzen zuenez –Elgetaren azken ikaslea izan zen–, baserrietara soinua irakastera joaten zenean astetako egonaldiak egiten zituen bertan eta honako soldata eskatzen zuen: eguneko bost duro, hiru puru eta tabakoa nahi adina. Lotarako tokia eta jatekoa ere ematen zizkioten. Lajaren baserrian hiru hilabete baino gehiago eman zituen hari soinua jotzen erakusten. Oso gozoa omen zen haurrekin, baina diziplina handikoa soinuarekin.

Izan ere, horixe izan da Elgetaren legatu garrantzitsuenetakoa: transmisioa. Bere ikasle izan ziren XX. mendeko bigarren erdialdeko trikitilari handienak: Sakabi, Auntxa, Maitzeta, Zialtzeta, Epelarre, Eleuterio Tapia, Juanito Tapia, Zabaleta eta Laja, esaterako.

«Gaztea zela hasi zen transmititzen. Txirritaren antza du alde horretatik, transmititu, irakatsi, berean oso langile eta noizean behin igeltsero. Baina nahiago zuen klaseak ematen aritu. Trikitixaren lehenbiziko profesionala izan zen», esan du Izagirrek.

Gerran lagunak hiltzen ikusi zituen, beste batzuk kartzelan, ihes eginak beste asko... Gerra amaituta, nolabait uko egin zion sistemari eta mendiko bohemia batean sartu zen, tarteka Donostiara jaitsiz eta klaseak emanez. Izagirreren ustez, «ikusi batean edo entzun batean dirudiena baino erabaki politikoagoa izan zen. Bizi tankera bat ere aukeratu zuen».

Aurretik aipatu bezala, Tolosako Miserikordian hil zen 58 urte zituela, bakar-bakarrik. Kontatzen dutenez, aste batzuk lehenago Zialtzeta trikitilari usurbildarrak 1.700 pezeta bildu zituen jaialdi batean Elgetarentzat. Miserikordiara gerturatu omen zen dirua Elgetari emateko eta bertako mojek esan zioten bezperan hil zela.

Elgetaren ondarea

Elgeta hil ondoren jaiotako trikitilariek miresmenez hitz egiten dute hari buruz, trikitixaren mito bat da. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko Andoitz Antzuzarrek, esaterako, garbi dauka Elgetaren ondarea zein den. «Eibarren, Errepublika garaian eta sozialismo betean munduko musikak entzuten ziren eta Elgetak soinu txikira ekarri zituen polkak, pasodobleak, runbak… Kantu horiek erromerietara ekarri zituen eta errepertorioa ikaragarri zabaldu zuen. Ikusi zuen soinu txikiak askorako eman zezakeela; txikia da eta eramangarria. Berak egin zizkion aldaketa fisiko batzuei esker ia-ia edozer gauza jotzeko modua zegoen. Etorkizun sen hori eduki zuen; soinu txikiarekin urrun irits gintezkeela ikusi zuen. Elgetari zor diogu bere garaian errepertorioa zabaltzea eta soinu txikiarekin edozer jo daitekeela demostratzea».