GALLIPOLIKO GUDA, URPEAN

Gatazka historiko hartan hondoratu ziren dozenaka gerraontzi itsaspeko parkean

«Iraganera itzultzeko makina da»: Turkian, itsas azpiko «parke» batean, I. Mundu Gerran urperatu ziren hamalau gerraontziren –britainiar, frantses eta australiarrak– armazoiak gertutik ikus ditzakete urpekariek. Turkiarrek Mendebaldearen inbasioa geldiarazi zuten borrokaldi haietan hondoratu ziren, Gallipoliko gudan.

gara-2021-10-14-Reportaje

Gallipoliko penintsulan dago, Turkiako ipar-mendebaldean. Eremu hau Dardaneloetako guda ezagunaren eszenatokia izan zen. Bertan aurrez aurre borrokatu ziren, alde batetik tropa britainiarrak (Australiako eta Zeelanda Berriko soldaduak barne) eta frantsesak, eta bestetik, Alemaniaren babesa zuten indar otomandarrak.

Itsaspean dauden gerraontzien parkea «iraganera joateko makina moduko bat da, 1915. urtera garamatzana», liluratuta ageri da Savas Karakas, ikertzaile eta urpekaria.

Bidaiaren lehenengo geltokia itsas hondoan 24 metrora dago: «HMS Majestic» Britainia Handiko errege itsas armadako korazatua (120 metroko luzera), Alemaniako itsaspeko batek hondoratu zuena. 100 urte baino gehiago igaro diren arren, armategi guztiak zutik dirau.

Urrutiago –parkeak 150 kilometroko luzera du–, «HMS Triumph» gerraontzia, bere 73 marinelekin eta ofizialekin hondoratu zena, ageri da 70 metroko sakoneran.

«Hondoratu ziren uneari buruz pentsatze hutsak gerran bizi den estresa sentiarazten dizu», dio Ali Ethem Keskin urpeko argazkilari profesionalak. «Izugarriena zera da, armazoi horiek egun batean desagertuko direla; beraz, zorionekoak gara gu hondakinak ikusteko aukera dugun bitartean», gaineratu du.

«Gure bularrean domina»

Gallipoliko itsas azpiko parkea ez da munduan ezagutzen den bakarra. Esate baterako, Chuukeko urmaela Mikronesian dago, eta II. Mundu Gerran hondoratu zituzten dozenaka itsas gerraontzi daude bertan.

Edo Bikiniko atoloia: Ameriketako Estatu Batuek (AEB) proba nuklearrak egiteko eszenatoki bezala erabili zuten eta Pazifikoko Gerran bertan hondoratu ziren itsas armada estatubatuarraren gerraontzien flota du sakonean.

«Gaur egun, Gallipoli beste aukera bat da», adierazi du Savas Karakasek. «Historiaren pasadizo bat bertan dago hondoratuta. Itsasontzi bakoitza gure bularrean domina bat da», gaineratu du.

1915. urtean, tropa aliatuak Gallipoliko penintsulan lehorreratu ziren, Otomandar Inperioari Dardaneloen itsasartearen kontrola kentzea zen gaizki amaitu zuen kanpaina militarraren helburua.

Europa eta Asia bereizten duen eta 60 bat kilometroko luzera duen Dardaneloetako itsas besoaren kontrolak Britainia Handiko eta Estatu frantseseko tropei aukera emango zien Errusiarekin itsasoz lotura bat izateko.

Porrota eta 100.000 hildako

Turkiako Armadak, ostera, gogor eutsi zion eta aliatuen kanpaina porrot izugarria izan zen, hori bai, 100.000 hildako izan ziren, historialariek egin duten balantzeari jarraituz.

Borrokaldi honek izugarrizko garrantzi sinbolikoa du Turkiako Errepublikarentzat. Era berean, sortze-kutsua izan zuen Australian eta Zeelanda Berrian, bertan milaka eta milaka gazte hil baitziren, baina lehen aldiz herrialde haietako ikurraren izenean.

«Urpean aritu nintzen australiar batekin: arreta handirik sortu ez zigun itsasontzi baten hondakinei begira geratu zen eta bertara itzuli nahi zuen. Historiaren atal baten aurrean zegoen, itsasontzi horrek zaurituak zeramatzalako hondoratu zutenean. Hunkigarria izan zen», gogoratu du Ercan Zeyb urpekari instruktoreak.

«Aitonaren eskua»

2017. urtera arte debekatuta zegoen bertan sartzea eta igeri egitea, Canakkaleko gune historikoaren presidentea den Ismail Kasdemir-ek azaldu duenez.

«100 urtetik gora itsas azpian egon da altxor historiko hau. Urpekarien komunitatea adi zegoen. Museo honekin, munduko urpekarien helmuga bilakatuko da», ziur dago arduraduna.

Lehendik ere, Canakkaleko probintziak erakartzen ditu mundu osoko bisitariak, antzinako Troia hiri mitikoa bertan baitago. «Historiaren lurrina suma dezakezu ur hauen azpian. Hemendik aurrera, itsas azpian historia ikasteko aukera izango dute urpekariek», pozik azaldu da munduko errekor bat duen Derya Can.

Savas Karakasentzat, ordea, ur hauek aztertzeak kutsu pertsonala du. Bere izen turkiarra, Savas, Dardaneloetako kanpainatik dator.

«Nire aitona Gallipolin zegoen 1915ean eta zauritu egin zuten liskarretan», azaldu du.

«Esku bat guztiz kiskaldu zitzaion eta txikia nintzenean erabat ikaratu egiten nintzen ikustean. Ni ukitzen saiatzen zen guztietan eskuari begiratzen nion eta arraro sentitzen nintzen», gogora ekarri du Karakasek.

«Urpean nabilenean bere eskua datorkit burura. Herdoildutako altzairuak gogora ekartzen dit gerraontziek jaurtitzen zituzten obusek kiskaldu zuten bere eskua… nire aitonari eskua helduko banio bezala da».

1915. urteko urtarrilaren 2an eskutitz bat bidali zion Britainia Handiari Nikolas duke gorenak –Nikolas tsarraren biloba– Lehen Mundu Gerran sartu berri zen Otomandar Inperioaren aurka, Kaukason sartu zelako eta handik atera behar zuelako.

Errusiaren handinahiak

Errusiak asmo garbiak zituen gerran: turkiarrak Europa osotik bota, Balkanetatik hain zuzen; Dardaneloak kontrolpean hartuz, bere itsasontziei Bosforotik Mediterraneo itsasora bidea ireki, eta Istanbul Kremlinen mendean uztea. Errusiak betidanik amestu zuen orduko Konstantinoplaren (Bizantzio) Ekialdeko Erromatar Inperio ortodoxoa ordezkatzearekin.

Ententean zeuden bere aliatuek ez zituzten gauzak hain garbi ikusten, baina Moskuk baldintzak negoziaezinak zirela ohartarazi zuen, eta ituna utzi eta Alemania etsaiaren altzora joatearekin mehatxu egin zuen.

1915 hartan Ameriketako Estatu Batuek neutraltasunari eusten zioten eta ez zen orduan aurreikusten azken unean gerran sartuko zenik. Beraz, Errusiak atzera egin izan balu Britainia Handiak eta Estatu frantsesak gerra galduko zuten, ziur.

Inperioaren beherakadaz konbentzituta edo, Winston Churchill orduko Britainia Handiko Almirantegoaren lehen lord-ak –handik bi hamarkadara lehen ministroa izango zena– operazio anfibio bat asmatu zuen Dardaneloei eraso egin, Istanbulera sartu eta Otomandar Inperioa behin betiko suntsitzeko.

Horrela, bada, errumaniarrak, bulgariarrak eta greziarrak Ententearen alde jarriko zirelako itxaropena zuen.

Gerra kontuetako adituen iritzia eta aholkuak kontuan hartu gabe ekin zion Churchillek erasoari, otomandarrak etsai ahula zirelakoan.

Oker zebilen: borrokaldia 1915eko otsailean hasi zen, gerraontzi britainiarrek eta frantsesek bonbardaketa hasi zuten itsasartea defendatzen zuten tropa turkiarrak suntsitzeko. Erasoak porrot egin zuen, turkiarrek itsasoan jarritako minengatik.

Horrela, bada, itsasertzeko bateria turkiarrek itsasartearen aurkako erasoa galarazi zuten.

Lehorreratzeko agindua

Bigarren ekimenak ere ez zuen emaitzarik izan inbasoreentzat.

Churchillek Gallipolitik gertu lehorreratzeko operazioa bultzatu zuen, bi astetan Istanbulera iritsiko ziren esperantzarekin baina turkiar eta arabiar soldaduek aurre egin zieten 9 hilabete luze eta odoltsutan Frantziako, Britainia Handiko, Australiako eta Zeelanda Berriko soldaduei. Azkenean, amore eman eta atzera egin behar izan zuten.

Hori bai, bando bakoitzean 250.000 baja egon ziren (hildakoen eta gainerako zauritutakoen artean). Aliatuek 46.000 hildako onartu zituzten. Turkiak 60.000 hildako zenbatu zituen.

Ordura arteko lehorreratze militar handiena izugarrizko porrota izan zen Churchillentzat eta bere ibilbide politiko azkarra seko gelditu zuen urte luzetan.

Turkian «Çanakkaleko guda» izenarekin ezagutzen da, «Dardaneloetako kanpaina» da Britainia Handian eta «Gallipoliko guda» Australian eta Zeelanda Berrian.

Gertaera historikoak izan du zineman isla, esate baterako, Peter Weir zuzendariak 1981ean estreinatu zuen “Gallipoli” filma: Mel Gibson han hil ziren bi anaia australiarren gorpuak bilatzen dituen aitaren papera egiten. Gallipoli sindromea ere existitzen da Britainia Handian, lehorreratzeari beldur izugarria adierazten duena, hain zuzen ere.

Garaipen sinbolikoa

Francisco Veiga Turkiari eta Balkanei buruzko adituak “El Turco” lanean gogorarazten duenez, «garaipenak garrantzi sinboliko handia izan zuen. Batetik, Gallipoli Balkanei begira (garai hartako Rumelia zeritzen) otomandarren lehen base militarra izan zelako sei mende aurretik. Bigarrenez, turkiarrak eta arabiarrak batera borrokatu zirelako, inperioaren garairik oparoena gogora ekarriz; eta azkenik, izugarrizko jipoia eman ziotelako orduko potentzia handienetakoari, Britainia Handiko itsas inperioari.

«Gainera, Gallipoliko gudan gehien nabarmendu zen agintari militarrak Mustafa Kemal zuen izena». Kemalek borroka askotan parte hartu zuen bere bizitzan –italiarren aurka Zirenaikan (Libia), albaniarren, serbiarren eta bulgariarren kontra Balkanetan...– baina benetako ospea Gallipoliko kanpainak eman zion.

Kemalek penintsulan gogor eutsi zuen 19. dibisioa agindu zuen. 1919. urtean Britainia Handiak bultzatuta, greziarrek Esmirnan (Izmir turkieraz), Turkia europarrean, ekin zioten inbasioari aurre egin zion, turkiarrei geratzen zitzaien harrotasun apurra astinduz.

Mustafa Kemal Turkiako Errepublikaren sortzailea izango zen, Kemal Ataturk (turkiarren aita).

Gallipoliko itsasoaren azpian ikus daitezkeen gerraontzien armazoiak dira horren eta duela ehun urteko historiaren lekuko isilak.