Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

LIBANO ITZALTZEN ARI DA, ZENTZU GUZTIETAN

gara-2021-10-14-Noticia

«Ekialde Hurbileko Suitza» esaten zioten aurreko mendearen erdialdean Libanori. Dudarik gabe irudi partziala zen hainbat gizatalde (kristau maronitak, musulman suniak eta xiiak, drusoak...) hartzen dituen eta Frantziaren kolonialismoaren eragin handia jasan duen herrialdearentzat. 1975-1990eko gerra zibilak –nazioarteko potentzien arteko tirabiren eszenatoki odoltsua– Libano erabat suntsitu zuen. Baina bakea iritsi ondoren bazirudien komunitate ezberdinen arteko gobernuak lehengo ongizatea herri osora hedatuko zuela. Aitzitik, zedroen herrialdea agortzen ari da, ustelkeriak, krisi ekonomiko latzak eta politikakeriek bultzatuta. Iragan astean Libano osoa argindarrik gabe geratu zen zentral energetikoak hornitzeko erregairik ez dutelako. Bide batez, iazko abuztuan Beiruteko portuan –argazkian ilunetan ikusten da– izan zen eztanda odoltsuaren ikerketa eten egin dute politikariek. Libanoren itzalaldia, alde guztietan. Dabid Lazkanoiturburu