Miren Azkarate Badiola

Literaturarekin jolasean

Axularrek “Geroa”-z ez dakit zer imajinatuko zuen. Ez dakit pentsatuko zukeen ere bere jaiotzatik 400 urte baino gehiago igarota, ehortzita dagoen hilerritik bi pausotara, euskaraz idatzitako literatura, poesia, prosa, saiakera eta narratiba hori guztia bilduko zenik azoka batean. Are gehiago, aurten, 2021. urtean Sarako lurretan euskara hutsezko lehen haur eta gazte literatura azoka ospatuko zenik. Eta ez dakit ere hau jakingo balu zer pentsatuko zukeen. Baina badakit niri aurreko asteburuan zer eragin zidan.

Irakurzaletasun handiko familia gara eta haurrak ditugunetik haur literatura ere etxeko zirrikitu guztietatik dabilkigu firin-faran. Hartara, Sarako Idazleen Biltzarrera gerturatu izan garen bezala, Ikusi Mikusik antolatutako honetara ere animatu ginen egun-pasa. Espektatiba guztiak gainditu zizkidan egunak eta hori, egiari zor, ez nintzela oso konbentzituta joan. Baina iritsi eta berehala gozatzen hasi nintzen, oso giro goxo eta familiakoa zegoen azokak prestatuta zituen areto guztietan: liburuak salgai zeuden eraikinean, musikak girotutako ipuin kontaketetan, antzerki eta magia ikuskizunean, literatur aretoan, marrazteko tailerretan… Imajinazioa arnasten zen txoko guztietan, amets egiteko gonbita zegoen ipuin, abesti, hitz joko eta istorio guztien atzean. Irribarrea zen nagusi haur eta helduen ahoetan (txikientzako pentsatutako eguna baitzen, baina helduek ere gozatu ederra hartu genuen), denon aurpegiak ikusi besterik ez zegoen. Antolakuntza eta parajea opari hau biltzeko papera izan ziren.

Gutxienez beste 400 urte opa dizkiot egun honi eta Pedro Agerre Azpilikuetak ez dakit, baina nik “Geroa”-k, euskal literaturarenak eta irakurleenak bederen, etorkizun polit bat duela ikusi nuen. •