Miguel Fernandez Ibañez
TURKIARRAK BULGARIAN

Dagozkion eskubideak ez ezik, egoera hobetzea eskatzen du gutxiengo honek

Ia 40 urte igaro dira Bulgariako komunitate turkiarra asimilatzea helburu zuen «Susperraldi» kanpainatik. Egun, haien komunitate izaera ez dago arriskuan eta EBn gutxiengoei onartzen zaizkien eskubideak bermatzeaz harago, eskualdea garatzea dute lehentasuna, gazteek Mendebaldeko Europara alde egin ez dezaten.

Dagoeneko 72 urte dituen Salihri, Stanimir izena jarri zioten. Inposatu zizkioten abizenez ez da ondo gogoratzen denbora asko igaro delako, baina Assen Gjorgiev zirela uste du. Fatme Findanka Shasheva bihurtu zen eta barre egiten du seme-alabak ondoan dituela gogoratzean. «Pomakak izan ginen izen aldaketa pairatu genuen lehenak», salatu du eslaviar musulmanen gutxiengoko kide den emakumeak.

1984. urtea zen, abendua, eta Todor Zhivkov orduko buruzagi komunistak Bulgarian bizi ziren turkiarrak asimilatzeko kanpainari ekin zion, «Susperraldia» izendatu zuen kanpainari, hain zuzen.

600 urtez bertan bizi zirenen identitatea errotik suntsitzea erabaki zuen eta horretarako beraien izenak erabiltzea debekatu, erlijioa legez kanpo utzi eta beraien hizkuntza erabiltzea galarazi zuen.

Protestak, hildakoak eta atentatuak egon ziren. Komunitate turkiarrak ez zuen amore eman eta erregimenak estrategia aldatu zuen. Turkiara alde egitera behartu zituen eta Ankarak mugak itxi zituen beldurrak jota iheska zetorkion jendeari igarotzen ez uzteko.

Urte hartan, beste abendu aztoratu batean, komunismoak porrot egin zuen eta turkiarrek izen-abizenak, hizkuntza, identitatea berreskuratu zituzten.

Iharra, Salih kotxean iristen da laguna duen Mustaphahk Benkovskin duen biltokira eta bere herrixkara, Dedetsera, eramango dituen poltsa txuriak jasotzen ditu. Bere alabarentzat dira. Funtzionarioa da, diosku harrotasunez.

Abegitsua da oso, gehiegi agian, musulman oro bezalaxe, eta 1984ko abenduan izan ziren istiluetan hildakoen omenezko oroigarrira lagundu gaitu. Monumentua Mogilyanen dago, 20 hilabete eta bi egun zituen Turkan Feyzullah hil zuten herrixkan. Salihk haren alde otoi egin du. Geroago ere egingo du, hilerrian.

«Gutako batzuk jipoitu egin gintuzten, beste batzuk erail egin zituzten. Gure herrixkan 50 bat familia bizi ziren eta bost baino ez ziren gelditu. 1989an gehienek alde egin zuten. Guk ere dena prest genuen, baina sinadura bat falta zitzaigun eta ezin izan genuen ihes egin», gogora ekarri du Salihk Bulgariako, Turkiako eta Greziako mugek talka egiten duten Europako bazter honetan, lerro banatzaile modernoen alde bietan herri desberdinak bizi diren lurralde koralean.

Deitoratu bai, baina...

2012. urtean Bulgariako Parlamentuak «erregimen totalitario batek egin zuen garbiketa etnikoa» gaitzetsi zuen, baina garai ilun haietan izan ziren erailketen eta giza eskubideen bortxaketen gaineko zenbakirik ez zuen eman. Eta gutxiengo turkiarrarentzat auzokide eslaviarrak «nazionalistegiak» badira ere, eta euren identitatea ez dela guztiz errespetatzen uste badute ere, beste arazo batzuk lehenesten dituzte 2021. urte honetan. «Bulgariarren eta turkiarren arteko harremanak hobera egin du azken urteetan eta ez dugu arazorik. Hemen kezkatzen gaituena lan falta da», azaldu digu Salihk. Kayaloba herrixkaraino lagundu gaitu, feyzullahtarren jaioterriraino, eta agur esan digu.

Feyzullah familiak Kayalobatik alde egin zuen ahal izan zuenean eta oporretan baino ez da bueltatzen, 1989an ihes egin zuten 350.000 turkiarren artean gehienek egiten duten bezala. Bertan geratzea erabaki zutenek arazo larriak dituzte: ez dago lanik eta tabako sailek behera egin dute. Gazteen aukera bakarra emigratzea da.

Ahmet Kocaomerrek 34 urte ditu, eta sei hilabete eman ditu lanean Alemanian. Aurki joango da berriro baina bitartean Mehmet anaiari (27) eta Fatme amari –duela ia 40 urte Fidanka izena inposatu zioten emakumeari–, laguntzen die auzokideen soro batean. Ahmetek inbertsioak eskatzen ditu: «Errepideak eta ur kanalizazioak konpondu ditzaten nahi dut. Fabrikak eraiki ditzaten nahi dut. Hemen ez dago lanik eta soldatak oso txarrak dira. Horrexegatik goaz, hain zuzen, Alemaniara».

Populazioak behera

Aurreikuspen demografikoen arabera, 2050. urtean Bulgariak populazioaren %38 galduko du 1990. urtearekin alderatuta.

1984an komunitate turkiarra 900.000 biztanlek osatzen zuten, populazioaren %10 zen hori. Gaur egun 600.000 inguru dira, %8, eta gehiengoa dira Kardzhalin (%66), hego-ekialdean, eta Razgraden (%50), ipar-ekialdean. Bulgariako eslaviarren antzera, aukera txikiena baliatzen dute Mendebaldeko Europara ihes egiteko, gehienetan kualifikaziorik gabeko langile bezala eta migrazio zirkularraren barnean. Hori da, hain zuzen, Ahmeten kasua.

Kardzhalira bueltan (eskualdeko hiriburua da, Kircaali turkieraz), minibusak Rodopekko mendilerroko bidean dauden aldapak zeharkatzen ditu. Errepideak zuloz beteta daude, berriak sortzen direnean konpontzen diren kaltez josita. Bidaiariek, gehienak adinduak, ibilbidearen edozein lekutan itxaroten diote autobusari.

Kardzhalin turkiera da nagusi solasaldi guztietan, baina ez du ia tokirik eremu publikoan. Harritzekoa da, baina Eskubideen eta Askatasunen aldeko Mugimendu turkiarzaleak (DPS) berak ere ez du bere hizkuntza erabiltzen propagandan.

«Turkiera erabil dezakegu eremu publikoan baina nazionalista bulgariarrak esnatuko ote ditugun beldur gara», justifikatzen du Birol Koseomer DPSko ordezkari nagusiak. Eskualdeko agintariekin bilera amaitu berri du; bulgarieraz egin dute.

«Europako Parlamenturako hauteskunde kanpainan edozein hizkuntza erabil dezakezu, baina Bulgarian debekatuta dago: gure bilerak bulgarieraz egin behar ditugu. Zergatik neurri bikoitza? Bulgariako Konstituzioan ez direlako onartzen herri turkiarra eta beste gutxiengoak. Hemen hutsaren hurrena bagina bezala begiratzen gaituzte. Ez da samurra gutxiengo baten kide izatea, dozenaka diputatu badugu eta bi aldiz gobernuan parte hartu badugu ere», salatu du Koseomerrek.

Segurtasuna eta erlijioa

Komunismoak porrot egin eta ondorengo urteetan, bulgariarren %60k segurtasun nazionalarentzat arriskutzat zituzten turkiarrak eta %83k erlijio arloan fanatikotzat jotzen zituzten. Bulgariako turkiarrak meskitara gutxitan joaten diren arren eta batzuetan alkohola edaten duten arren, aurreiritzi hori oso hedatuta dago eslaviarren artean.

Gainera, Sofiak Otomandar Inperioaren eta bere okupazio luzearen aurka eratu du bere errelato heroiko modernoa. Ildo horri jarraituz, Estatuak ikuspegi negatiboa bultzatzen du historia liburuetan, errepresioa eta islamera indarrez bihurtzea salatuz, eta turkiarrek dituzten bertuteak, abegitasuna esaterako, ezkutatuz. «Ez dute errealitatea era objektiboan aurkezten eta horrek bere ondorioak ditu: komunitateak etsai bilakatzen dira eta ikasleen artean diskriminazioa eta mesfidantza nagusitzen dira», azaldu du Tomasz Kamusellak, St. Andrewseko Unibertsitateko Historia Modernoaren Departamentuan Ekialdeko eta Erdialdeko Europari buruzko ikertzaileak.

«Ez dago biolentziarik, baina inposatzen den diskurtsoa bulgariar nazionalismoarena da. Bulgarian gutxiengoa izateak zaila izaten jarraitzen du», ondorioztatu du Kamusella ikertzaileak.

Iragana eta oraina

Iraganak oraina baldintzatzen du. Bi komunitateengan. Turkiarrari kezka handiagoa sortzen dio lan eta azpiegituren faltak, baina ez da bere eskubideez ahazten, batez ere hezkuntza arlokoez. Izan ere, ama hizkuntzan ikas dezakete eskola pribatuetan, baina publikoetan turkiera hautazko ikasgaia da, eta hori ez da nahikoa haientzat.

Ez dago dirurik, baina ez dago aldatzeko nahirik ere. «Estatuak diru falta argudiatzen du, baina borondate falta da. Gure oinarrizko beharrak ordaintzeko daukagun aurrekontuarekin nahikoa da, baina ez da nahikoa», salatu du Koseomerrek. Hori bai, politikaria izanik, DPS alderdiaren, eta batez ere bere buruzagi historikoa den Ahmet Doganen erantzukizuna ez du aipatzen.

«DPS gainerako alderdi guztiak bezala ari da. Buruzagietako batzuk sistemara egokitu dira eta oligarkak bilakatu dira. Horrela, bada, eta komunismoa erori zenetik gobernatzeko giltza izan badu ere, DPS alderdiak ez du komunitate turkiarrari dagozkion eskubideen alde borrokatzen», dio Kamusellak. “Ethnic Cleasing During the Cold War: The Forgotten 1989 Expulsion of Turks from Communist Bulgaria” liburuaren egileak, hala ere, ez du ahazten Gobernuaren erantzukizun zuzena. «Bulgariak eskubideak bermatzen dituzten itunak sinatzen ditu, baina praktikan ez du ezer egiten».

Turkiarren presentzia herrialdean bost mende iraun zuen Otomandar Inperioarekin lotuta dago, XX. mendera arte. Balkanetako bi gerren eta bi mundu gerren ostean komunismoa gailendu zen bulgariarren artean.

Hasiera, gutxiengoak eta haien eskubideak onartu egin ziren, turkierazko publikazioak ugaldu egin ziren eta eskola hizkuntza horretan ematen zuten matrikulazioak ere bai. «Turkia NATOren kidea izanik, irakasleak Azerbaijanetik ekartzen zituzten, eta turkieraz lan gehien inprimatzen zituen bigarren herrialdea bilakatu zen Bulgaria, Turkiaren beraren atzetik.

1974. urteaz geroztik dena aldatu zen eta 1984-1985eko gertakariekin amaituko zen jazarpena hasi zen», gogorarazi du adituak.

Aurretik, 60ko hamarkadan, erregimena herrialdea bulgariartzeko ideiarekin hasi zen. Todor Zhivkovek gonbita egin zien gainerako nazioetako herritarrei euren izena borondatez aldatzeko. Ia inork ez zuen onartu turkiarren artean. 24 urte geroago, behartzen saiatu zen.

Horrela ere ez zuen lortu, ordea, Salih, Fatme edo Birol bezalako pertsonek sekula ez zituztelako zalantzan jarri ez euren izen-abizenak ez euren identitatea.

 

HAUTESKUNDE OROKORRAK BIHAR

Bulgariak hauteskundeak egingo ditu bihar, legebiltzarrerako eta presidentetzarako. Azken horietan faboritoa egungo presidentea da: Rumen Radev, Errusiaren aldekoa eta jenerala. Alderdi Sozialistaren eta bi mugimendu populistaren babesa du, «Aldaketari Eusten Diogu» (hirugarren indarra inkestetan) eta «Herria Hor Dago», uztaileko hauteskundeak irabazi zituena baina gainbehera doana.

Radevek Sofiako Unibertsitateko errektorea den Anastas Gerdzikov du lehiakide presidentzialetan baina bere benetako etsaia GERB eskuineko alderdiaren Boiko Borisov da, azken 12 urteetan lehen ministroa izandakoa.

Radevek Borisoven aurka kanpaina deitu zuen eta manifestazioek hauteskundeak aurreratzera behartu zuten uztailean. Ordutik gobernu teknokrata bat dute.

Gutxiengo turkiarrak %9 lortuko luke.