Jone Bilbao
Mundubat
{ analisia }

Demokrazia «jokoan» Hondurasen

Biharko hauteskundeei begira ahalegin handia egin dute Honduraseko indar ezkertiar eta aurrerakoiek justizia soziala erdian jarriko duten politikak Estatuko erabakigune gorenetan kokatzeko

Historikoki, autoritarismoan eta eskubiderik oinarrizkoenen ezeztapenean oinarritutako erregimenen desfileen pasarela izan da Honduras. 1815ean espainiar kolonia zenak independentzia lortu izanak ez zuen eragin handirik izan herrialde horretako biztanleen gehiengoarentzat: XVI. mendeaz geroztik espainiarren kolonizazio prozesupean jazarriak izan ziren gaur Honduras gisa ezagutzen dugun lurraldeko olmeka, tolteka, maia eta lenka herrien ondorengoak, eta askotariko ezaugarri etniko eta linguistikodun beste hainbat kolonaurreko kulturek utzitako kimuak militar eta kreolek zuzendutako errepubliken kanoi-bazka izan ziren, zibilizazioaren eta hazkunde ekonomikoaren izenean.

«Independentzia» eta «demokrazia» hitzen eduki hutsunea lotuta dago gizakien eta naturaren ustiaketarekin: gizakien arteko produkzio eta erreprodukzio harremanak, gizartearen eta naturaren arteko loturak eta hartu-emanak, estraktibismoan oinarritutako gizarte eredu kapitalistaren interesen zerbitzura jartzeko, ezinbestekoa da horiek berdintasunaren, askatasunaren eta giza baldintza duinen printzipioetatik aldentzen diren mekanismoen pean ipintzea.

Azken hori modu zurrunago eta bortitzago batean edo «baketsuago» batean ezartzea eta iraunaraztea, erabilitako justifikazio eta giza doktrinamendurako mekanismoen eraginkortasun edo hutsezintasun mailaren araberakoa da. Hori dela-eta, gobernu askok, Hondurasen gertatu izan den eta gertatzen jarraitzen duen gisan, justifikaziorako kontakizunak asmatzen dituzte. Hori jakinik, errazagoa da ulertzea zergatik Honduras bezalako herrialdeen historian posible izan diren esklabotza eta herri indigenen suntsipen eta sarraskiak, bai espainiar eta ingelesen kolonien sasoian bai meatze eta banana industriaren garaietan, gizartearen parte handi baten onespenaz.

Eta, horixe da, hain justu, gaur egun Hondurasen gertatzen ari dena: transnazionalek beren negozioen ustiapen errentagarria lortzeko lurrak metatu beharra eta zergak ekidin beharra dute; lurrak metatzeko biztanleak kanporatu, zanpatu edo erail beharra dute (hauek jarritako erresistentzia mailaren arabera bortxakeria maila handiagoa edo txikiagoa izanik) eta, giza amarauna guztiz urratua eta zatikatua egotea premiazkoa dute lur gabeen, gose direnen eta zergen ekiditeak dakartzan ongizate estatuaren gainbehera pairatzen dutenen erantzuna mehatxagarria izan ez dadin.

Bai esklabotza kolonialaren sasoian, bai 2009an militarrek Manuel Zelaya presidenteari emandako kolpearen testuinguruan eta bai egungo Juan Orlando Hernandez Alvarado erregimenaren pean gertatzen diren gehiegikerien gaineko erantzukizuna ezin dakioke soilik Hondurasko edo Erdialdeko Amerikako gizarteari leporatu: 2017ko hauteskundeetan, eta horien aurretik izandako beste bietan ere, ez ziren irizpide demokratiko oinarrizkoenak errespetatu eta, halere, nazioarteko komunitatearen onespena jaso zuen prozesuak eta prozesu hark izandako emaitzak. Nazioarteko komunitatearen onespena edo gaitzespena lau haizeetara komunikatzen da batzuetan; bestetan, ostera, isiltasunak betetzen du «gaizkiaren banalizazioa».

Zeintzuk dira Hondurasen kasuan banalizatu izan diren gaitz horiek? Alde batetik, ustelkeria eta krimen antolatuaren barneratzea. Barneratze horrek esan nahi du, gerra testuinguru orotan gertatu ohi den gisan, gizartea pixkanaka matxuratzen hasten dela; gaitzaren barneratze eta onartzea dakarrela, eta giza izaera modu errukigabean degradatu egiten duela horrek.

Bestalde, gizarte antolatuaren eta giza eskubideen defentsan altxatzen diren sektoreen kontrako jazarpen eta hilketa da ezkutatu ezineko beste gaitz handi bat. Hondurasen normalizatuta daude kaleen militarizazioa eta «lurretatik ateratze» edo «utzarazte» behartuak, eta horren adierazpen gorena atxiloketa eta kartzelatze arbitrarioak eta lider sozialen erailketak dira. Berta Caceres lider indigenaren (lenka jatorrikoa) kasua horren adibide argia dugu, 2016an erail baitzuten bere komunitatearen lurrak “Agua Zarca” proiektu hidroelektrikoaren hondamendiaren aurrean defendatzearren.

Beste gaitz handi bat da Ameriketako Estatu Batuen interbentzionismoa: azken horren interes gorenen zerbitzura bahitua izan da Honduras joan den mendetik gaur arte, eta Erdialdeko Amerikako mugimendu popular, sozial eta iraultzaileak kontrolpean izateko eta horiei jazartzeko eta erasotzeko base estrategiko gisa erabili dute herrialdea.

Gosea, kaosa eta zatiketa. Ustelkeriaren, krimenen eta giza eskubideen urraketen barneratze hori posible izan dadin, gizarteak aipatu dugun gogoetarako gaitasun hori galdu egin behar du. Pertsona bat, gizatalde bat, gosez denean, hezkuntzarako eskubidea kendu zaionean, bere bizitza kaos bilakatu denean eta lehengo auzokidetasuna eta komunitate amarauna zatikaturik direnean, nekez altxatu dezake burua lokatzetatik, zerbait aditu ahal izateko. Burua altxatzen saiatzen direnak horretaz damu daitezen, beldurraren makineriak egiten du gainerakoa.

Maria Canorak (Mundubat-eko atzerriratutako teknikaria Erdialdeko Amerikan) hauteskundeen atarian egindako azken testuinguru-azterketa txostenaren arabera, biolentzia politikoko testuinguru argi batean murgildurik dago Honduras. Horixe islatzen dute ondorengo datuek: bortxakeria politikoan oinarritutako 56 bat kasu larri izan dira 2020ko urrian egindako hauteskunde primarioez geroztik eta, horietatik 23, hautagaien edo haien familiakide eta ingurukoen erailketa kasuak izan dira. Gainera, bortxakeria politikoak modu bereizi eta nabarmenean eragiten du emakumeengan eta LGBTIQ kolektiboagan: Xiomara Castro hautagaiak joera patriarkal argiak dituen irainak eta erasoak jasan ditu. Alderdi Nazionalak kanpaina gogorra egin du Libertad y Refundación alderdiak (Libre) bere kanpainan LGBTIQ kolektiboaren diskriminazioa salatzeko hartutako posizionamenduaren kontra, adieraziz ezkerrak ume guztiak gay eta trans bilakarazi nahi dituela. Eraso horren harira, garrantzitsua da gogoratzea 2017ko hauteskundeetan trans pertsonen %45i bozkatzeko eskubidea ukatu zitzaiela, Somos CDC kolektiboak salatu zuen bezala.

Canoraren ikerketaren arabera, Gobernuak martxan jarri dituen «karitate plataforma bortitzak, Vida Mejor eta Bono Cafeto gisako ekimenen bidez, nekazari eremu txirotuenetan botoak erosteko lanabes gisa erabiliak izan dira».

Horri guztiari, «legegintza makineria» gehitu behar diogu. Canorak bere txostenean azpimarratu duen bezala, Kongresuan hainbat erreforma egin zizkieten Zigor Kodeari eta Aktiboen Garbiketaren aurkako Legeari joan den urrian. Horrek «ustelkeriaren kontrako ikerketak» mugatuko ditu, eta «usurpazio delituengatiko zigorrak» larriagotu. Azken horrek berebiziko kaltea dakarkio nekazari mugimenduari, beren lurrak defendatzen dituztenen aurka erabilita, prebentziozko kartzelatzea erraztuko duelako.

Azkenik, «propaganda makineria» txertatu behar dugu ekuazio honen barnean. Canoraren ikerketa lanaren arabera, azken asteotan «indartu egin dira propaganda politikoaren termino edo adierazpenak, biztanleria beldurtzea helburu duen kanpaina antikomunista basati bati hasiera emanik».

Goseak, kaosak, zatiketak eta kutsu faxistadun marko ideologikoek gizartearen subjektibotasuna eta bizitza egituratzeko ahalmena duten arren, estruktura horiek ez dute guztia determinatzen. Hori dela-eta, Hondurasek, eta bihar joko taulan fitxa aldaketa garrantzitsuak ekar ditzaketen hauteskundeek, ate garrantzitsu bat ireki lezakete oraingo deriba kontserbadore eta faxista iraultzeko eta historikoki baztertuak izan diren sektoreen garaipena ahalbidetzeko.

Hamarkadetan zehar Hondurasen ez da izan iraultzarako argi izpirik. Azken errainuak 60 eta 90eko hamarkaden artean ikusi ahal izan ziren, prozesu iraultzaileen fruitu gisa Hondurasek lehen aldiz izan zuenean gehiengoen eskubideen aldeko gobernu popularren bat ezagutzeko beta. Dena dela, esperientzia horiek ez ziren nahikoa izan gobernu militarrei beren botere hegemonikoa eztabaidatzeko.

Ordutik, badirudi ilunpean gelditu direla aldaketarako eta gizaki guztien duintasuna lortzeko esperantzak. Lehen militarrak ziren eta orain «garapenaren» mozorropean hauteskundeak maskaradatzat jotzen dituzten elite politiko eta ekonomikoak dira (momentu honetan Juan Orlando Hernandez Alvarado presidentearen eta Hondurasko Alderdi Nazionalaren gidaritzapean) Hondurasko sistema politikoaren legitimotasun falta eta esperantza gabezia bermatzen dituen eragozpen nagusia. Canorak hainbat kolektibo eta mugimendurekin izandako elkarrizketen argitara, Hondurasko Gobernuak estatu aparatu osoa jarriko duelako boterea nahitaez mantentzearen zerbitzura.

CESPADek (Centro Estudios de la Democracia) egindako txosten batean ageri denaren arabera krimen antolatuarekin eta narkotrafikoarekin lotura zuzenak dituen Hernandez Alvaradoren gobernuak funts publikoak modu irregularrean erabili ditu 2021eko hauteskundeetarako. Gainera, Canorak adierazten duen legez, «hautesleen identitateak ez daude bermatuak eta arrasto bidezko erregistro sistemak manipulazio ugari izan ditzake». Boterean «lubakitzeko» intentzio horren parte dira Hauteskunde Kontseilu Nazionalean izandako gatazkak: «Gobernuak aurrekontuak atxiki dizkio Kontseiluari, bertako funtzionarioen soldatak eten dira eta, ondorioz, grebak antolatu dituzte».

2009an sortutako LIBRE bezalako hautagaitza progresistak, antolatutako gizarte mugimendu feministekin, nekazariekin, ikasle eta langile mugimenduekin eta LGBTIQ kolektiboekin batera, transnazionalen meazulo samingarri eta suntsigarrien parean bestelako zubi eta bidezidorrak eraikitzen hasi dira, ezkutatutako gaitzei eta isilarazitako garrasiei oihartzuna emateko, aurten, bihar eta datorren aro berri honetatik aurrera mendeetan zehar metatutako duintasunari azkenean ere beharrezko askapen hori emateko.

2021. urte honetako hauteskundeetarako esfortzu garrantzitsua egin dute herrialdeko indar ezkertiar eta aurrerakoi horiek, proposamen bateratua giltzaturik justizia soziala erdian jarriko duten politikak estatuko erabakigune gorenetan kokatzeko. Lehen aldiz Hondurasen historian, «mugimendu feministak, nekazariek eta ikasleek, beren interes estrategikoak defendatuko dituzten hautagaitzak bultzatu dituzte hauteskunde hauetan», azpimarratu du Canorasek bere ikerketan.

Orain, laugarren aldiz iruzurra gerta ez dadin, adi egon beharko dira nazioartean gaitzen banalizazioari. Igande honetako hauteskundeek Hondurasko eta Erdialdeko Amerikako historian inflexio puntu garrantzitsu bat markatu dezakete, balantza demokrazia inperfektuaren alderdirantz ala diktadura perfektuaren alderdirantz eramanaraziz.