Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Memoria, arkeologiarik ezaren harira

Enteratu nintzenerako jada erabakia hartuta zegoen. Badirudi Gasteizko erdialdean Erdi Aroko ospitale baten aztarnak agertu zirela duela pare bat aste. Non eta Memoriaren Plaza deitu nahi duten horretan, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren ondo-ondoan. Udalak, baina, berehala erabaki du berebiziko interesik ez dutela aurkikuntzek eta obrekin jarraitzea. Zer esango dizuet, askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait indusketa arkeologiko bat Espainiako Barne Ministerioak finantzatzen duen museoa baino. Serio jarrita, nik proposatuko nuke plaza horretako bizikleta aparkalekuaren obrak behin-behinean gelditzea eta bide batez memoriala eta ondoko komisaria botatzea, azpian zer dagoen ikusteko.

Txioherrian ikusi dudanez, arkeologo gasteiztarrak ere nahiko atsekabetuta daude. Aztarna arkeologiko batzuen interesa ez baita egun batean ondoriozta daitekeen zerbait. Badirudi Udalak ez duela inolako arazorik historiaren bertsio kutre eta espainiar nazionalista kontatzen duen museo batekin baina bai arkeologiak obra bat atzeratzearekin. Ondo pentsatuta, zaila da arrazonatzea herrialde baten aurrerapena km2-ko obra kopuruarekin erkatzen duten agintari batzuekin.

Horren harira, badira urteak memoriaren eta historiaren arteko harremana aztertzen ari dela, baina niri, egia esan, zaila egiten zait posizio bat hartzea.

Instituzioetatik, memoria historiaren bertsio zehatz batekin lotzen dute, azpimarratuz nortzuk ziren gaiztoak eta nortzuk biktima ontologikoak. Historia egungo boterearen zerbitzurako memoria eraikitzeko erabiltzen dute.

Bestetik, ekinbide herritarrek askotan historia boterearen zerbitzari gisa ikusten dute eta horri aurre egingo dion memoria herritarra aldarrikatzen dute. Nire burua ikuspegi horretatik hurbilago sentitu arren, historialariok gure lanean askotan nahi ez genukeena topatzen dugu iturrietan, eta lagundu baino, auziak korapilatzen ditugu eta zaila egiten zaigu erabat identifikatzea ekinbide herritarrek erakutsi nahi luketen memoriarekin. Beraz, ezberdindu beharrean ikusten dugu geure burua; iturrien azterketa zorrotzaren bitartez eraikitzen dugun historia akademikoa, alde batetik, eta gure emozio eta konbikzio politikoek azpimarratzen duten memoria, bestetik.

Zailtasunak zailtasun, badira bereziki interesgarriak diren ekinbideak, herritar konprometituen memoria eraikitzeko grina historialari engaiatuen lanarekin lotzen dutenak. Eta Gasteizen bertan, urte luzez lan horretan aritu dira Martxoak 3 elkarteko kideak. Euskal Herrian frankismo osteko lehen urteak zer nolakoak izan ziren gogoraraztea ez da ariketa erakargarria instituzioentzat eta, nahiz eta baieztatu duten etorkizunean Zaramagako eliza memoriaren gune bihurtuko dela, badirudi eraikina erabiltzeko oztopoak jartzen ari dela apezpikutza. Gainera, ikusteko dago instituzioek onartuko dituzten edo ez urteetako ikerketak poliziaren hilketen inguruan eskaintzen dizkigun ondorioak. Kasu honetan, memoria herritarra eta historia, gatazkaz eta konplexutasunez beteak, ez baitatoz bat instituzioek nahi luketen memoria sinplistarekin. •