Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Gelaren desordena

Nerabearen logela ikustea besterik ez dago ziurtasunez baieztatzeko espazioaren eta gure egoera emozionalen artean lotura zuzen bat dagoela, gaineratu dit terapeutak. Norbanakoak bere ingurua egokitu eta aldatzen omen du aldartearen arabera eta egiten duenaz ondo jabetu gabe. Bizi garen espazioak inkontzientearen adierazpiderako mihiseak direla uler daiteke. Hori esanda ere, nik dakidala, prozesu terapeutikoan ez da norberaren gela edo etxea ikerketagai izaten, baina gauza jakina da, psikologian, gure izaeraren isla gure ekintzetan irakur daitekeela –leku, kolore edo materialen aukeraketan–. Eta, beraz, espazioan detektatu daitezke une batean bizi dugun egoera zehatz baten markak. Horregatik, espazioak egoera asko irudikatzeko aukera du, objektu eta altzarien kokapenak barne tentsio edo energiari jarraitzen diolarik; eta espazio moldaketen atzean egon daitezkeen keinuak irakurtzeko gai bagara, informazio iturri izan daiteke, gure bizimoduaz aparte, eta gure egoera emozionalaz hitz egingo digu. Seguru gertatu zaizuela gela txukuntzearekin batera aldartea aldatzea, edo bizi egoera kaotiko batean murgildurik izan eta gela gure kaosaren erreflexu izatea eta, gainera, kaosean gauden bitartean txukunketari aurre egiteko indarrik ez aurkitzea. Zeinen argi irakur daitekeen, adibidez, pertsona adindu baten andeatze mentala etxeko gauzen antolaketan arreta jartzen badugu. Izan ere, espazioaren ezaugarria da gertaera horien guztien testigu dela besteen begietara, txibatoa dela alegia.

Bizi garen eta gure sentitzen ditugun tokiak gure espazio bitalaren parte dira. Oharkabean burutzen ditugun gauzak pentsamendu arrazionaletik kanpo dira, gure kontroletik kanpoko ulermena da, izaerari jarraitzen dion estimulu bat bezalakoa. Bide horretatik, interesgarria gerta daiteke inguratzen gaituen espazioa gure gorputzaren luzapen bat bezala irudikatzea, beste organo bat bailitzan. Lotura organikoa sortzen da inguruko gauzekin eta tokiekin, materialekin eta ehundurekin harremanean jartzen garenean. Gorputz organikoaren eta objektu eta material inorganikoen arteko elkarrizketa, batak besteari eragiten eta alderantziz.

Ingurunearekin eraikitzen dugun harremana gure izaeraren agertoki da, hortaz; askotan esan ohi da bi pertsona mota daudela, etxeko gauzak ordenatuak dituztenak eta desordenan bizi direnak; edo etxeko liburutegiaren liburuen antolaketa modua pertsona izaera desberdinen isla dela. Halako ordena, horrelako pertsonalitatea. Objektuak non uzten ditugun eta nola antolatzen ditugun, giza harremanetan ika-mika tipikoa diren arren, ez lirateke epaitu behar –ez dago ona edo txarra den modu bat, modu desberdinak baizik– eta erabaki txiki horien atzetik gure emozioak edo izaerak bildurik dira. Gertaeren eta egoeren euskarri den espazioak ahalmen komunikatzaile boteretsua izan dezake gu eta besteon artean. Agian ikerketa alor berri bat abian jartzeko unea da: psikoarkitektoarena. •