Gorka Zozaia
Kimikaria

«Good morning», memoria

Monty Python taldearen esketx gogokoenetako bat dut «The Meaning of Life» (Bizitzaren zentzua) filmaren sarrerakoa. Aktoreen buruak dituzten arrainak alde batetik bestera ari dira igerian, arrainontziaren bazter batetik bestera, gurutzatzen diren bakoitzean elkarri «egun on!» esaten dietelarik, aldi oro lehen aldia bailitzan. Arrainek memoria eskasa dute eta, tarte bat ematen dute hala, ezker-eskuin igerian, «good morning!»-ak elkarrekin partekatuz. Arrainontzia jatetxe batean dago eta, halako batean, arrainontzian falta zaien laguna jaten ari direla ikusten dutenean, zekarten igeri konstantea eten eta eszena karniboroari so gelditzen dira arrain guztiak, ondoz ondo jarrita eta bizitzaren zentzua zein ote den itaunduz.

«Memoria de pez», hiru segundoko memoria eskasa omen du etxeko arrainontzien errege den urre-arrainak, inoiz Igeldoko atrakzioetan eskopeta jokoan poltsa batean sartuta irabazi nuen animaliatxo gizajo hark. Bada, aurrekoan kaletik mugitzen ikusi nuen halako bat –tira, ikusi, pantaila batean ikusi nuen–, nola eta berak gidaturiko gurpildun arrainontzi batean! Muntaia nahiko sinpleaz, kamera batek arrainaren igeria irakurri eta harantza mugitzen zuen arrainontzia, arrainari lehorrean nahi bezala bidaiatzea ahalbidetuz. Eta noski, probak egindakoan, berehala ohartu dira arraina helmuga baten bila ibilbidea hobetzeko gai dela, bere memoria hiru segundotik askoz haratago doala demostratuz (beraz, antza bai, arrainontzia kartzelako patio bat zaio urre-arrainari).

Hori gutxi ez eta arrainek batuketak eta kenketak egiteko gaitasuna dutela frogatu dutela irakurri berri dut Elhuyarren zutabe hau elikatzeko lehen iturriko lehen orrian. “Scientifics Reports” aldizkarian argitaratu denez, zortzi arrain eta beste hainbeste ziklido entrenatu ei dituzte batuketak eta kenketak egiteko. Kolore urdina erakutsiz bat gehitu behar zuten eta horia erakutsiz bat kendu, ostean emaitza zuzena erakusten zuen atetik sartzean saria lortzen zutelarik. Antza 6 ziklidok eta lau arrainek ikasi zuten batuketa eta kenketa horiek ongi egiten. Ziklidoek azkarrago ikasi omen zuten, baina arrainek gehiagotan asmatzen zuten erantzun zuzena. Eta guztientzat, batzen ikastea kentzen ikastea baino errazagoa izan zen.

Institutuko irakasle naizenetik ikusten nabil operazio matematikoak buruz egitea ez dela gizakion jaiotzeko gaitasun bat. Eta memoria ere, ez dakit non amaituko duen gaitasun honek metabertsoaren garaiotan, ikasturtea amaitzeko bi hilabete falta direnean ordutegia ere ez baitakite ikasleek. Halaxe gabiltza denok ere gure arrainontzian, bazter batetik bestera egindako birak zenbatu ezinik, elkarri egun on esaten, ezin oroituz zein patio ordutan gauden, bazter batetik bestera, gizaki burudun arrainok. Korrika izanagatik ere, europar arrainontzian igerian, Basque Country itzuliaren erdian, naziek Gernika bonbardatu eta 85 urtera, NATOk Jugoslavia bonbardatu eta 23 urtera, Cabacas hil eta 10 urtera... hiltzaileetan hiltzaileenei jokoa egiten, arrainontziaren bazter batetik bestera, ezker-eskuin, eskuin-ezker, tai gabe, eguneroko arrainei «good morning!» esaka. •