Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Jauregiak

Kontxako badiari so, hezkuntza politikaren inguruko gakoak uler daitezke. «Nuestros palacios son nuestros» (Gure jauregiak gureak dira) hitzaldia eskaini zuen Gillermo Zuaznabarrek MUGAK bienalaren lehen edizioan Miramar jauregian. Hitzaldi horretan, Donostiaren irakurketa arkitektoniko bat egin zuen Zuaznabarrek, badiaren inguruan eraikitzen ziren ‘jauregiak’ zerrendatuz. La Concha meets Coney Island.

XIX. mendeko ‘jauregiak’ aipatzen ditu lehenbizi, Espainiako monarkiak eta Europako burgesiak bultzatutako aisiaren Donostia deskribatuz. Miramar jauregia da agertzen lehena, baita inguru hori errege familiarentzat gordetzeko beharrezkoa izan zen Antiguako tunelaren zulatzea ere. Horren ondoren badiaren inguruan agertzen joan ziren beste ‘ate’ batzuk aipatzen ditu, badia kolonizatzen joan zirenak eta badia gutxi batzuen eremu bilakatzen joan zirenak. Mendebaldean “Real Club de Tenis” eta ekialdean Aizpurua eta Labayen arkitektoen “Real Club Nautico”, gaur egun ere modernitatearen ikurtzat duguna. Donostia eliteen hiri bilakatzen ari zen.

“Modernitatearen” lau keinurekin aldatuko da joera elitista hori. Miramar jauregiaren lagapena izango da lehena. Bigarren, hirugarren eta laugarren keinuak, ordea, ezinbestekoak dira Donostiaren hiri errelatoa guztiz aldatzeko. Hezkuntzan oinarrituko diren hiru keinu dira, hiru eskola alegia. Horietatik, eraikiko den bakarra (altxamendu faxista medio) 1932-34 urteen artean Urgull mendiaren magalean eraiki zen nesken eskola berria da, Errepublikaren aginduz eraikiko dena. Zuaznabarrek eraikin hau aurreko “jauregiekin” kontrajartzen du, baita gainetik jarri ere. Alaia eta irekia, leiho zabalekin eta terrazadun gela argitsuekin aurkezten da ”jauregi” berri hau. Hegoaldera irekia eta iparraldetik babesten den eraikina da, karitatearen gainetik eskubideak aitortzen dituena eta ez mugak ezartzen dituena. Sinpletasun formalean oinarritzen den arkitektura aldarrikatzen duen egitura, ornamenturik ez duena. Badia jada ez da soilik gutxi batzuen eremua.

Zuaznabarren errelatoa 1936an bukatzen da tamalez. Orainaldira bueltatzen bagara, ikusiko dugu Kontxako badiako fatxada dezente aldatu dela. Moilatik begiratuta, Marianisten eskola berria nagusi bihurtu da azkenaldian. Aldapetako itunpeko eskola berria hormigoizko eraikin fin eta xehetasunez beterikoa da masiboa den bezainbeste. San Bartolomeko operazioa gainbegiratzen duen gaztelua dirudi jauregia baino gehiago. “Elite” telesaila eta Pamplonako brutalismo hori eskutik helduta heldu dira badiara eraikin honekin, eta konfiantzaz beterik hormigoian marraztutako gurutze bat erakusten dio badiari. IDOM kontsultorak (arkitektoak aspaldidanik desagertu dira) 17.000 metro koadroko ekipamendu pribatua altxatu du hirian beste inork ez duen azpiegiturez hornitua.

Zuaznabarrek bigarren keinuan aipatzen duen nesken eskolak zutik dirau oraindik. Donostiako arkitekturaren beste pieza ahaztu bat da. Santa Teresa komentuaren ondoan dagoen Orixe ikastola (ikastola publikoa) da orain. Santa Teresa komentua Arkitektura Institutu bihurtu zen tamalez hitzaldi hau eman zen garaian, Orixekoak kexu zirela, askotan eskatu baitzuten eraikinaren zesioa duten espazio faltagatik.

Pentsatu nahi dut Zuaznabarren irakurketa erabaki hori hartu zuten agintariei kritika dotore bat dela, gogorarazten diguna aisiaren eta luxuaren hiria ezagutu izan dugula eta gutxiengoen hiri bat dela. Gehiengoaren hiri batek hezkuntza inklusiboa jartzen du bere txoko ederrenetan ere. •