Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
IKUSMIRA

BUKELEREN SALBUESPEN EGOERA

Nayib Bukele El Salvadorreko presidenteak harro adierazi du «soilik 25 egunetan 14.000 terrorista» atxilotu dituztela Indar Armatuek banden kontrako «gerraren» baitan. Martxoaren 27an, Bukelek hala eskatuta, Legebiltzarrak salbuespen egoera ezarri zuen herrialdean, kaleak, auzo pobreak batez ere, militarizatuz, baita espetxeak ere. Twitterren bitartez bere politika defendatu du eta eskubideen urraketaz ohartarazten dutenen kontra, izan kazetariak, gobernuz kanpoko erakundeak edo giza eskubideen aldeko ekintzaileak, gogor egin du. El Salvadorreko Kazetarien Elkarteak eta Cristosal antolakundeak Epaitegi Gorenera jo dute Zigor Kodeari egindako aldaketen ostean bandei buruz informatzea eragozten zaiela salatzeko. Emendakin berri horiek «kazetaritza kriminalizatu» egiten dutela nabarmendu dute salaketan. Barneko zein nazioarteko kritikei entzungor eginez, orain arteko politika errepresiboari eutsiko diola berretsi du presidenteak eta kartzela gehiago eraikitzeko lege berezi bat onartu du. Ainara Lertxundi