Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Ezkerra eta gure komeriak

Mugikorrean irakurtzeko zain ditudan dozenaka oharren artean, badut biografia luze bat, Batxilergoan ikasi nuenetik interesa piztu zidan pertsonaia historiko batena. Kasualitatez, aste santua Gaztela aldean pasatzen ari nintzela, hari buruzko erakusketa bisitatzeko aukera izan nuen, gainera: Francisco Largo Caballero (1869-1946), PSOEko eta UGTko buruzagi interesgarrienetakoa. Igeltseroa gaztetxotan, nahiko goiz iritsi zen alderdiko buruzagitzara. Lehen unetik Instituto de Reformas Sociales delakoan parte hartu zuen. Erakunde hura, 1903an gobernuak sortua, langile mugimenduaren arrakastaren aurrean, “auzi soziala” deitzen zutena bideratzeko modua zen, langileentzako legedia martxan jarriz (istripu aseguruak, pentsio publikoak...).

1918an, UGTko idazkari nagusi bihurtuta, Primo de Riveraren diktaduraren garaian gobernu filo-faxistak martxan jarri zituen egituretan parte hartzearen alde azaldu zen Largo Caballero. Anarkistak eta euskal abertzaleak, besteren artean, jazarriak ziren bitartean, espainiar sozialistek diktadurarekin kolaboratu zuten. Baina, aldi berean, errepublikazaleekin batera aliantza zabala eratu zuten, diktadura erorita II. Errepublika sortu zuena.

Errepublikako gobernuan ministro izendatu zuten eta martxan jarri zituen lan gatazkak bideratzeko erakunde publikoak, 40 orduko lan-astea eta amatasun asegurua. Beraz, bai monarkiaren, bai diktaduraren eta bai errepublikaren garaian erakunde publikoetan parte hartu zuen, jarrera erabat erreformistarekin. Dena dela, mobilizazio esanguratsuetan ere aurrerapausoa eman zuen eta bi aldiz preso egon zen: 1917an greba orokorra antolatzeagatik, lehenik. Diktadura krisian sartu zenean, 1930ean altxamendu errepublikazalea antolatzeagatik, bigarrenik.

1933an eskuina gobernura iritsi zenean Espainiako Errepublikan, hain zuzen ere Hitlerrek boterea lortu zuen urtean, Largo Caballero komunistekiko hurbilketaren eta iraultza antifaxistaren alde jarri zen. 1934ko iraultza sustatu zuen eta gerra bete-betean, 1936ko azaroaren eta 1937ko maiatzaren artean, komunisten eta anarkisten parte hartzea zuen gobernuaren buru izan zen. Malaga eta Bizkaia “nazionalen” eskuetara pasatu ondoren, komunisten gehiegizko botereari buruzko kritikak ahulduta, eta anarkisten eta komunisten arteko tentsioek eztanda egin zutenean Bartzelonan, bere burua dimititzera behartuta ikusi zuen. Buruzagitzatik baztertuta, erbestea Sachsenhausen-eko kontzentrazio esparruan pasatu zuen eta II. Mundu Gerra bukatu eta gutxira hil zen.

Horrekin guztiarekin, unean-unean posizio ezberdinak hartu zituen buruzagi baten garrantzia azaldu nahi nuen, horregatik irabazi baitzuen Largo Caballerok El Lenin español” ezizena. Gurera ekarrita, epe ertainera EH Bilduren posizioa imajinatu nahi nuen, atzera ere bidaiatuz. Izan ere, azken asteotan Frantziako hauteskundeei begira, esango nuke, gutxienez, etorkizuneko testuingurua imajinatzen lagun diezagukeela Hego Euskal Herrian, ezkerreko hautagaitza esanguratsu batekin eta Vox bereziki indartsuarekin. Handik eta hemendik irakurri dudanaren arabera, Mélenchon-ek hein batean asmatu ei du bi gauza oso garrantzitsutan: ezkerraren balore tradizionalak mantentzen mugimendu sozial berrien ekarpenei muzin egin gabe eta gazteriaren botoaren zati handia bereganatzen sareetan egindako kanpaina bikainarekin. Esango nuke, gutxienez bi alderdi horietatik begiratuta, aztertu beharreko eredua dela. •