Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IKUSMIRA

KALEAN, PARETIK ETA PARERA

Uda hasi da. 2022ko uda. Mundua arnasari eusten aritu da azken bi urteotan, bizirautea eta bizirik ateratzea zen erronka. Horretarako arnasa justua gastatu behar da. Aurten, baina, udak udaren antz handiagoa izango ote duen... Uda kalea da askotan. Kobazulotik atera denaren pare arnasten du udatiarrak kalea, giroa, musika, jendea, eguzkia. Oinek arnasa hartzen dute, gorputzek lotsa galdu, solasaldiek inbaditzen dituzte kale bazterrak, musikak geldialdiak tentatzen ditu, orduek burua galtzen dute. Kalean denak parekoago bihurtzen ote garen; une horretan toki horretan musika emanaldi hori gozatzen egoteak berdindu egiten ditu kalean dabiltzanak, haien koloreak edozein izanda ere. Denak klase berekoak bihurtzen dira kalean topo egitean. Paretik eta parera. Polita litzateke aurtengo uda desberdina izango balitz. Aurreko bien desberdina ez ezik, aspaldiko haien desberdina. Kale bazterrek, egunez zein gauez, zelatatu ditzatela izkina horretan une horretan uda zatitxo bat partekatzen ari direnak, paretik parera. Kaleak ez ditzatela erasoak, minak, itotako oihuak, azkartutako pausoak, larritutako arnasak sumatu eta sufritu.