Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Albisteekiko intolerantziaz

Minkideak galdetu zidan aurrekoan: noiz irakurri duzu azkenekoz berri on bat zure egunkariko lehen orrialdeko tituluan? Kexu antzeman nuen. Pandemiak, gerrak, klima larrialdiaren triskantzak, inflazioa… gauzak eta kontuak deprimigarriak direla esan nion, ergo, deprimitua egoteko arrazoiak bazituela. Bizitza erreala dela, eta, oraintsu, bizitza erreala deprimigarria dela. Agian ez dabiltzala oker psikologoak berri txarren gaindosiak kontsumitzeak irakurleentzat osasun kalteak dituela aipatzean. Hortik bota nion errestoa.

Egunkari irakurle amorratua izandakoa, ondoezak jota sentitzen zela aipatu zidan. Glutenarekiko bezala, «albisteekiko intolerantzia» bat garatzen ari zela, egunkariaren tituluek eragindako nolabaiteko «desordena traumatikoa». Larrimin eta depresioen erreinuan, ezinaren sentimendu itogarri bat soka-laster eginda-edo. Bere ustez, irakurle denek esperantza behar dutelako esnatu eta ohetik altxatzeko.

Minkidearen hitzak gogoan, Reuters berri agentziak egindako inkesta bat pasatu zidaten eta harrituta orrikatu dut: munduan hamar pertsonatatik lauk ihes egiten diote albisteekin kontaktua izateari. Nahitara ekiditen dituzte, sinpleki, berriek erre egiten dietelako. Arazo serioa da, eta ez bakarrik komunikabideentzat, jende engaiatuaren eta informatuaren beharrean den edozein egitasmorentzat. Hamarretik lau, jende asko da, pila-pila bat.

Iragan mendean dominatu eta une historiko honen eskakizunei erantzuteko ezgai dela begi bistakoa den «objektibotasunaren mitoa» lanbidearen kodean gordetzen dugulako? Posible al da, «berriekiko intolerantzia» horri aurre egitea kazetaritzaren oinarrizko printzipio batzuk konprometitzeke? Agian terapia baten beharrean gaude. Eta sendagileek, gure osasunaren onbiderako, berriak kontsumitzeari uzteko esango digute. Baina ez al zen informatua egotea hain inportantea? Albisteetatik ihes egitea ez al da mundutik ihes egitea bezalakoa? Aditu, aditu diet beste lankide batzuei holako-halako sentsazio hau. Dilema latza, ezta? Egiten duten produktuak pozoituta bezala sentitzea. Zerbait ez doa ondo, edo kazetariekin edo berriekin.

Zergatik gertatzen ari da «albisteekiko intolerantzia» hau? Reuters agentziaren inkestaren arabera, berriak errepikakorrak eta etsigarriak direlako, sarritan zalantzazko sinesgarritasun batekoak, jendea indargabe sentituz uzten dutelako. Eta agian ebidentziak hori esaten du: zenbat eta berri gehiago kontsumitu, orduan eta gehiago sufritzen dela. Hortaz, agian badago berriekiko okerra den zerbait. Baina, zer? Jende askorentzat partzialtasuna da. Kazetari askorentzat, aldiz, negozio eredua da, negatibotasuna klikagarria dela.

Nago, ez batak ez eta ez besteak ere ez dutela puzzlea osotasunean erakusten. Pieza inportanteena falta dela: giza faktorea. Etengabe berri eta irudi katastrofiko eta nahasgarriak jasotzeko ez gaudelako buruz eta psikologikoki prestatuak. Azken buruan, mundu digital batean kreatura analogikoak baino ez garelako.

Ez dakit, bada, hiru gauzatxo okurritzen zaizkit: esperantza behar dugula goizero, ura bezalakoa dela. Posibletasun zentzu batean sinistu beharra dagoela, bai ala bai. Eta haserreak eta etsipenak eraldatzeko, ekintzaren zentzua behar dela ere. Eta, azkenik, duintasun poxi bat, jendea abiapuntu eta helburu hartzea, axola zaigula sentiaraziz, eta, inportanteena, haiei adituz.

Mundua hobeto egongo da jendeak arazoak, mehatxuak eta desafioak, eta aurrerabidean ekiteko zeintzuk diren beren aukera onenak, ulertzen dituenean. Ego oso baxuko eta jakin-min handiko kazetaritza behar da. Irakurleak bazkide errespetagarri legez tratatuko dituena. Eta batez ere, «berriekiko intolerantzia» duten %40 horiekin zuzenean tratatzeko kazetariak bidaltzea. Ezin daitezke denak oker egon. Zeren arrazoia agian ez, baina beren arrazoiak badituzte. •