IKUSMIRA

ILUSIOAK IRAUTEN DUEN BITARTEAN, ZORTE ON!

Uda badoa aurrera eta herrietako jaiak pil-pilean daude. Baita hirietakoak ere. Iruñekoak, Baionakoak eta Gasteizkoak joan dira. Hau irakurtzerako Donostiakoak lehertuta izango dira agian, edo lehertzear behintzat, eta norbait ase gabe gelditzen bada Bilbokoak ere laster iritsiko dira. Hirietako jaietan barrakak izaten dira jende askorentzat bisitatu beharreko guneetako bat. Testua ilustratzen duen argazkia Gasteizen aterata dago, adibidez, eta bi bikote ikus daitezke tonbolan zerbait tokatuko ote zaien adi-adi begira. Ez dakigu azkenean etxera sariren bat eramango zuten edo ez. Lurrean dagoen paper mordoak itxaropena murriztu lezake, baina gau giro apartak eta itxaronaldiak berak sortzen duen ilusioak balioko zuen hainbeste. Zorte on!