Joana Garmendia

Mariatxiak eta emerituak

Hizkuntzaren filosofian badira zenbait adibide klasiko: autorea joan eta autorea etorri, auzi jakin bat lantzeko aztertu diren adibide beti-berdinak. Adibide klasiko horietako bat da, zalantzarik gabe, honako esaldia: «Frantziako erregea burusoila da». Batek baino gehiagok pentsatuko du, seguru asko, esaldi horrek zein auzi irudikatzen ote duen ba, edo zein arazo sortzen ote dion filosofoari: alegia, zer interes izan ote dezakeen lau hitz horiek aztertzeak. Izan ere, ez du esaldi aldrebesegia ematen, ez zaio korapilorik antzematen, ez da esaldi hori ulertzen zaila. Baina horixe da, hain zuzen, gakoa hemen: denok ulertzen dugu zer esan nahi duen esaldi horrek, nahiz eta ez dagoen Frantzian erregerik.

Oraindik ere ditxosozko esaldiari arazorik ikusten ez badiozue, esadazue: esaldiak dioena zer da, egia ala faltsua? Ez da galdera zailegia, baina ez da erraza erantzuten. Esaldi batek dioena egia ala faltsua den ebazteko, sistemarik erraz-zuzenena errealitateari begiratzea da. «Anoetako udaletxea laranja kolorekoa da»: esaldi hori egia edo faltsua den jakiteko, zoaz Anoetako plazara eta begiratu udaletxeari. «Frantziako erregea burusoila da» egia edo faltsua den argitzeko, beraz, jo beharko zenuke Frantziara, eta han begiratu. Frantzian, ordea, ez dago erregerik, ez melenadun ez burusoilik.

Agian esaldiak dioena ez da ez egia ez faltsua? Baina, ez, badirudi moduren batean intuizioak esaten digula esaldiak dioena faltsua dela: ez dago Frantziako erregerik eta, beraz, faltsua da Frantziako erregea burusoila dela. Pentsatzen dut konforme samar iritsiko zinetela denok honaino, eta prest zeundeketela, gehienok behintzat, honekin itxitzat emateko auzia. Baina, ene, filosofian gauza sinplerik balego. Urrats bat falta zaigu.

Gauza bat egia bada, horren kontrakoa faltsua da; nahiko tribiala dirudi horrek ere. Anoetako udaletxea laranja dela egia denez, Anoetako udaletxea ez dela laranja faltsua da. Edo, alderantziz: Anoetako udaletxea laranja dela faltsua balitz, Anoetako udaletxea ez dela laranja egia litzateke. Beraz, hori horrela izanik, eta onartutzat jo dugunez Frantziako erregea burusoila dela faltsua dela, badirudi onartu beharko genukeela Frantziako erregea ez dela burusoila egia dela. Baina ez dut uste inor hori onartzeko prest geundekeenik. Hor duzue auzia, ertz askotarikoa.

Batek baino gehiagok pentsatuko zenuten, altura hauetan, hizkuntzaren filosofoek makina bat denbora galdu dugula gureak ez diren erregeen kontuei buelta eta buelta. Gaurko koaderno osoa erregea gora eta erregea behera betetzea ere gehiegitxo izan ez ote den. Ba ez ahal zenuten koitadu horiek EiTB piztuko egun hauetan. Mariatxiekin nahikoa ez, eta Britainia Handiko erreginaz aritu dira egunero, albistegiak hari buruzkoekin irekiz, tonu erabat monarkiko, zaharmindu eta hanpatuarekin.

Hil denari “Britainia Handiko” deitzen diote sikiera. Haren hiletetara joan diren Juan Carlos eta Sofiari, ordea, “errege-erregina emerituak” deitu diete igandeko albistegian, horrelaxe, nongoak diren esateko premiarik gabe.

Monarkikoak bakarrik ez, nongo monarkikoak diren ere nabari zaie aise. •