Xabier Mikel Errekondo

Futbola niri 5!

Ez dakit kritika egiteko eskubiderik ematen duen, baina hasi aitortzarekin hasiko dut idatzia. Bai, nik ere nerabezaroan futbolean jokatu nuen. Lehenik Usurbilen bertan eta ondoren Lasarteko Texas eta Michelin taldeetan.

Zelaian zein hondartzan jokatu dut eta haur batek bezalaxe oroitzapen ederrak ditut gainera. Kirol aparta da futbola, baina kirolzale amorratua naizen arren gorrotagarria zait, gorrotarazi egiten didate hainbeste dezepziok; gurasoen jokabide higuingarriek, jarraitzaile ero erasotzaile antolatuek, antolatzaileek kirolaren balioak indartzeko neurri bakar bat ere hartzen ez duten federazio arduragabeek eta, okerrena, agian lokatz hauetako ondorio naturalenak, jokoaren esentzia barneratu gabeko jokalariak dira, eliteari begira heziak etxean, taldean eta agian lagunartean, fama eta diru hutsak amets, gosez hezten eta hazten.

Gose horri, muturreraino eramana, erantzungo lioke iragan urtean Florentino Perezek iragarri zuen 12 taldeko Europako SuperLigak, ez balitz azken unean Ingalaterrako 6 klubek atzera egin zutelako jarraitzaileen erantzun mindu eta izugarriagatik eta ondorioz proiektua hanka-motz utzi.

Gose da FIFA Qatarren interesak bete eta igandean hasi zen 2022ko mundial lotsagarria antolatzen duenean; nonbait FIFAri ustelkeriak ez dio usain txarrik eragiten. Noiztik ote.

Horiek horrela, futbolak niri 5! Baina kirola bera ederra izanik eta errurik ez duenez, hona nire aholkutxoa: elitean ere futbolaren esentzia sentitu nahi duena Ingalaterrara doala, eta nahi ez duena… Doha-la. Hona Maradona Manu Chaoren ahotik: http://www.manuchao.net/news/ no-qataran •